hurrengoa
skateboard-a eta kanpo eragileak armando santos   I  armando santos Praktikatu nahi den jarduera mota erabakitzeko garaian, jarduera horretan eragin dezaketen kanpoko eragileak zein diren jakin behar da. Surfa praktikatu nahi bada, itsasoaren egoera, haizearen indarra eta norabidea edo hondartzako geografia nolakoak diren kontuan hartzea komenigarria da. Snowboarding egin nahi bada, ordea, azaldu beharrekoak hauek dira: pista gaineko elur-kota, eguzkia edo haizetea egiten duen eta eski estazioa, bera. Baina gaurko gaia hau da: patinatzera joateko kanpoko eragileak. "Patinatzailea, batzuetan spotaren perfekzioaz itsututa, auskalo nongo terreno arrotzak inbaditzeko gai da."

Aurreko kasuetan naturaren gutiziak prezipitazio edo akzidente geografikotzat har genitzake. Baina ezaugarri honek ez du horrenbesteko eraginik patinatze jardueran, izan ere, hiritar izaera du eta mota askoko kanpoko eragileek eragiten dute. Hau da, kalean gerta daitezkeen gertaera kasu guztiek. Skatepark batera patinatzera joan nahi bada, nahikoa izango da eguraldiari erreparatzea (euririk ez egitea). Baina kalean patinatu nahi bada, denerako prest egon behar da, kalean jaio eta hazi baitzen skateboarding-a. Asfaltoaren oihanean patinatzailea oinezkoen, autobusen, autoen, bizikleten eta motorrenak diren milioika ibilbidetan zehar mugitzen da. Skater batek inoiz ez du jakingo zein izango den bere hurrengo arriskua. Izan daiteke bidea gurutzatzen ari den andrea, ezkutaturik dagoen putzu bat, hartxintxar bat bidean edo auto baten atea bat-batean irekitzea. Eta hau guztia patinatu nahi dugun lekura (spot-era) iristeke gerta daiteke.
(Spot: patinatzeko leku ona).
Spotera onik iritsiz gero, dauden aukerak hainbat dira. Ohiko arazoa da spotek jabetza pribatua izatea. Kasu honetan, jarduera hau jabeak konturatu gabe egin behar da. Ez ezagutzearen aurrean, jabeek, jarrera fidagaitza eta liskartia hartzen dute. Gainera, egia esan, gehienetan hiriko higigarriak ez dira, inola ere, hondatzen. Paradoxikoki, askotan kaltetuak ateratzen direnak, skaterren gorputzak dira. Gune publikoetan dauden spotetan ere arazoak izaten dira. Plazetan, eskoletako edo bizilekuetako sarrera eta irteera orduek betoa jarria dute, izan ere haur edo atso eta agure talde batek jardunaldi ederrena ere izorra baitezake. Gau eta egun lan egiten duten poliziak dira ez dutenak ordutegirik. Ez zara inoiz erronda egiten ari diren polizia bikote baten segadatik salbu.
Haiek euren betebeharra patinatzaileak tokian tokitik desagerraraztea dela hartuko dute kontuan, bakearen eta ordenaren izenean, gainera. Maiz suertatzen den kanpoko eragile bat Prosegur-reko agentea da. Poliziarena egiten du, baina bertsio pribatuan. Hauek oso ohikoak dira eraikuntza distiratsuak dituzten enpresa sarreretan, metroan, merkatal guneetan, etab...
Kalean izaten diren kanpoko eragileak mugagabeak izan daitezke. Ezagutzen dira, nahiz eta hain ohikoak ez izan, lapurreta, larderia, mehatxu eta eraso kasuak. Behar ez den momentuan toki okerrean ez izatean dago gakoa. Patinatzailea, batzuetan spotaren perfekzioaz itsututa, auskalo nongo terreno arrotzak inbaditzeko gai da. Eta hori larrutik ordain dezake. Barruti batzuetan, kolektibo batzuek gune batzuk eurenak balira bezala hartzen dituzte eta oso komenigarria da gune horietan, kolektibo horiekin istilurik ez izatea. Egoera hauek guztiak patinatzailea, pasaeran sor daitezkeen arazoekiko, gizabanako harrapari eta senezkoa bilakatzen dute.
Eta etorkizun hurbilean ez dirudi erraztasun gehiago izango denik. Obrak direla eta, hirietako kale eta eraikuntzak aldatzen ari dira eta skaterrei ez zaie radar hori inoiz ere itzaliko. Seriean datorkie eta ibilbidearen metro karratu bakoitzeko arrastoari segitzen diote, patinatzeko lekuak eta irristan egiteko guneak bilatuz eta balentriak lortuz.
Desio horrek mugitzen du pertsona, gustatzen zaiona egiteko eta horrek ematen dio aurrera egiteko indarra. Baina dena ez da desabantaila. Izan ere, patin baten gainean bizitzea, bizkorrago bizitzea eta, beti, lurzorutik hamar zentimetro gorago egotea da.