hurrengoa
Donostiako 13. beldurrezko filmen astea koldo almandoz   13. Siniskerietan sinisten dugu. Donostiako "cinema paradisoa" den Antzoki Zaharreko pantaila zurian, haurtzaroan bi erronboek debekatzen zizkiguten pelikulak gozatzeko aukera. Luzemetrai eta laburmetraien urteroko lehia. Film sorpresak. Agerraldi bereziak. Argitalpen zaindu eta interesgarriak. Alboko butakan esertzen diren gizaki paranormalak. Ah! eta bi sail nagusi:

Fantasia eta beldurrezko zinema alemaniarra (1913 - 1927)
Zinema historian leku propioa duen alemaniar espresionismoa protagonista aurten. Beste batzuen artean Murnau, Fritz Lang, Lubitsch eta Wiene-ren 15 filme pantaila handian ikusteko aukera paregabea. Gehienak kopia zaharberrituak. Eta opariren bat edo beste ere izango da sail honetan.

Latinoamerika makurra
Iaz Europa makurra sailak izan zuen arrakastari jarraituaz, aurten Latinoamerikako film maltzurrei tokatu zaie. Sail honetan 60ko hamarkadan hasi eta gure egunetaraino egin diren film porno-trakets-beldurgarri-ezkutuak ikusiko ditugu. Alejandro Jodorowsky zuzendariari ere omenaldia eskainiko zaio.

Eta ohitura onei jarraituaz, Beldurrezko asteak, zeluloidezko monstruoak zinema aretoetatik kalera aterako ditu. Plaza, lorategi eta tabernetara. Zure alabatxo, senargai edo aitaren moduko beste monstruoekin nahas daitezen.