hurrengoa
what does it mean? kirmen uribe   Net-Art izena ematen zaio sare informatikoan egiten den arteari. Halako zerbait egin du, hitzekin baina, Elizabeth Macklin poetak. Bi poema liburu ditu idatziak, biak ere Norton etxean: “A Woman Kneeling in the Big City” eta “You’ve Just Been Told” izenekoak. Lowell Poetry Travelling Scholarship beka jaso zuen, alegia, atzerrira bidaia egin eta poesia idazteko urtebeteko beka. Nora joango eta Bilbora joatea deliberatu zuen, eta AEK-n eman zuen izena, euskara ikasteko. Geroztik aldian aldian egiten du ostera Euskal Herrira. Ondotik datorren poema euskaraz eta ingelesez idatzi zuen txat bidez izaniko elkarrizketak oinarri harturik. Alde batetik internet bidezko elkarrizketaren momentua bera jasotzen du poeman eta beste alde batetik hizkuntzen arteko hartuemana ere badago. Gustuko du itzulpenarekin jolas egitea, eta arreta jartzea esanahietan eta irakurlearen harreran; euskarazkoa ingelesez jarri eta sortzen diren esanahien dantzetan bere gogoa murgiltzea.
Testu hau lehenbiziko aldiz Barrow Street aldizkarian eman zen argitara, New Yorken, 2001 urtean.

WHAT DOES IT MEAN?
Scenes in Translation


1
Herkide bat duzu.

2
Maitasuna hitzetan baino ekintzetan ikusten omen da.
...
Horretarako dira txat-gelak ezta?
Omen.
Erabilera hori eman diegu, bai.

3
Tipo batek hizkuntza eta kaosaren arteko harremana azaldu nahi izan zigun jardunaldi batzuetan...
Hizkuntzaren arauak zenbateraino diren kaotikoak azaldu nahi zigun
eta hizkuntzaren kaosa zenbateraino zegoen araututa.
Nahastu egin zen amaieran.
...
WEBMASTER: Kaosaren adibide garbiena txateoak dira.
...
Hori bai, baina saiatzen ari gara.
...
Bai, eta lortzen dugu.

4
Baina: Gauza berdina gertatzen al da hizkuntzatan, kaosean baino?
Nik uste dut neurri batean baietz...
Azken finean elkar ulertzen dugu.
eta badirudi ez dagoela araurik hori lortzeko.

5
Geroago orden bat ikusten al da?
Bai, baina aldi berean desorden handiagoa da geroago.
Beno, horretarako jainkoak inbentatu zituzten.
bai, baina orain nahi duguna jainkoen mailara iristea da
eta guztiaren izaera ezagutu eta kaosa ordenatu.
Ezinezkoa da hori, baina.
Bai, baina oso gutxik dakigu ezinezkoa dela.

ENVOI
Jo, “hallazgo” bat da “Webmister” hori.
Bai, hau nahikoa hurbildu da jainkotasunera.