• 1
  • 2
hurrengoa
juan rulforen begirada kirmen uribe   I  “Mexico: Juan Rulfo Fótografo” 2001 Atsegin dugu Juan Rulfo. Atsegin dugu mundua begiratzeko zuen modua. Jalisco aldean jaiotako idazleak urte askoan egin zuen lan Goodrich Euskadi enpresa erraldoiaren bulegoetan. Bi liburu baino ez zituen idatzi, lehena hogeita hamabost urterekin, ipuin liburua. “Lautada sutan”, 1953an. Ez zuen larregi saldu. Bigarrena nobela, “Pedro Páramo” 1955ean. Berebiziko entzutea hartu zuen liburuak eta ordurarte ezezaguna zen idazlea famako egin zuen. Garaiko idazle zenbaiten aburuz halabeharraren kontua izan zen Rulfo bezain gizon isil eta arruntak halako liburuak idaztea, suerte kontua, besterik gabe.
Bi liburuok idatzi eta ez zuen geroztik libururik argitaratu, ez zuen beharrik ikusten, isildu egin zen betiko idazlea. Enrique Vila-Matas idazle katalanak kontatzen du honako hau, Juan Rulfok halako zerbait esan omen zuen Caracas-en 1974an.

Zergatik ez dudan idazten?. Ba Osaba Celerino hil zitzaidalako. Berak kontatzen zizkidan istorioak. Askotan egoten ginen hizketan elkarrekin. Oso gezurtia zen. Kontatzen zizkidan gauza guztiak gezurrezkoak ziren eta, jakina, idatzi nituenak ere gezurrezko istorioak ziren.

Urteetan lan kontuengatik Mexikon barrena egin zituen bidaietan zaletu zen argazkigintzara. Idazkietan Mexikoko mendialdeko jendearen bizimodu latzaren berri ematen digu, haren erretratuetan ere begirada bera darabil. Juan Garziak itzulirik argitaratu berri den “Pedro Páramo” euskarazko edizioan Blanco Aginagaren hondar solasa dator. Blancok Madrilen zeudela jazoriko gertaera bat ekartzen du gogora:

Bagenuen etxean UNAMek egindako diskoa, “Luvina” alde Batean eta “Diles que no me maten” bestean zeuzkana, Rulfok irakurriak ipuin biak, eta noizbehinka ipintzen genuen. Diskoak entzuleengan eragiten zuen zirrara, jakina, berebizikoa zen beti. Baina guztiz aipagarriena zera da: diskoa jartzen genuen aldiro, gurean etxe-garbitzaile zebilen emakume gaztea, Mari Carmen Burgos, Avilako herri txiki batekoa bera, artean analfabetoa, buru-belarri liluraturik geratzen zela, salako ate-orpoaren kontra bermaturik. Eta etxera ohi baino goizago itzuli nintzen arratsalde batez, han aurkitu nuen Mari Carmen, diskoa beretzat jarri, eta, hainbatgarrenez, hura entzuten pasmoak jota bezala. Orduan galdetu nion eta zergatik gustatzen zitzaion horrenbeste hura, azken batean oso lur hurrunetako historiak izaki. “Bai zera –esan zidan–, zer izango da hori kontu urruna! Nire herria bezalaxe da eta! Animalien bazkarena, eta hautsarena, eta heriotzak, eta isiltasuna, hain bakarrik denak. Hain errukarri gaixoak. Nire herrian bezalaxe.

Ez du egundo inork Avilako garbitzaile hark bezain ongi definitu Rulforen lana.