hurrengoa
festibalak, musika erraldoi bihurtua sagardance   Maiatzaren egun zehaztugabe bat, goizak hamaika ordu dituenean. Kanpin-denda baten barruan hiru lagun. Hobeki esanda, bi. Hirugarrena kanpoan da, belardi idorrean lo seko. Indarrik ez menturaz, kremailera ireki eta barruan sartzeko goizeko zortzietan parrandatik bueltan. Eguzkiak, zeharka bada ere, gogoz jotzen du. Igloo motakoa da kanpin-denda. Bero sapa jasangaitza oihal barruan dagoena! Beroak esnatzen ditu lagun biak, izerditan blaituta, ahotik hats are jasanezinagoa dariela. Eta buruan beruna: Zer ordu da, zer eguna da gaur, non gaude? Festimaden, Esparragoan, Benicasim-en, EH Zuzenean?
Kanpora ateratzen dira arnasa hartzera. Lehenengoari bart gaueko (eta goizeko) parranda gogora etortzen zaio. Bi eszenatoki erraldoi zeuden, munduko puntako metal talde batek jo zuen batean, Britainia Handiko pop laukote are ospetsuago batek bestean. Eta eszenatoki txikiago bat ere, akaso, non hip-hop talde bat zegoen. Eta gero, Dj-en sesioa eta chill-out lasaigarria oheratu aitzinetik. Bigarrena ordea, ez da ezertaz akordatzen.
Eskerrak egungo festibalek azpiegitura erosoak eskaintzen dituztela. Dutxa freskoa eta kafea bestondoa arintzeko. Hirugarrena esnatzen saiatzen dira. Alferrik.
Belardian uzten dute, zerraldo antzera.
Milaka jende hurbildu da jaialdira. Kanpin dendek hirixka kaotikoa eta koloreduna osatzen dute. Azken urteotan, festibal erraldoiak gazte jendearen bilgune garrantzitsuenetako batzuk bihurtu dira. Musikaz gozatzera ez ezik, giro eta esperientzia berrien bila hurbiltzen da lagun franko. Arrosan egiten den Euskal Herri Zuzenean jaialdia kasu. Horren antolatzaile den Piztu elkarteko kide Iñaki Etxelekuk holako ekitaldien arrakastaren zergatira hurbiltzen gaitu: “Festibal batetik bestera desberdintasunak badira, eskaintzen den egitarautik hasita. Euskal Herrian ez genuen holako ohiturarik hiru egunez jaialdi baten izatera kanpotik etorritako talde famatu eta kalitatezko batzuekin. Egitarauak inportantzia handia du. Gero, festibalaren kontzeptu hori bada, esan nahi baita jendea oihalezko etxearekin etortzen dela eta hor pasatzen ditu hiru egun festa egiten jendearen ezagutzen. Beraz, giro bat sortzen da inportantea dena. Eta hor bada publiko bat usatua dena festibaletan ibiltzen”.
Euskal Herria Zuzenean urterik urte handituz joan den jaialdia da. Ekainaren 28tik 30era burutzekoa dute edizio berria, zeinean Noir Desir, Amparanoia edota euskal talde dezentek (Selektah kolektiboa, Kuraia...) joko duten. Antolatzaileek 30.000 lagun inguru espero dituzte, iaz baino dezente gehiago.
Kafea pizgarria suertatu zaie bi lagunei. Ohartu dira azkenekoz igandean direla, hortaz, azkeneko eguna dutela festibalaz gozatzeko. Ordea, oraindik ez dakite non diren, ezta nork gau partean joko ere. Halarik ere, hurrengo hitzordua prestatzen hasteko tenorea daukatela erabakitzen dute. Arrosakoa aukera polita izan daiteke, baina gorputzari eman dioten astinaldi sekulakoaz osatzeko Pirineos Sur, Kulturen Nazioarteko Jaialdiari egokiago deritzote.
Uztailaren 7tik abuztuaren 3ra arte luzatuko da. Lanuzako natur auditoriora edota Sallent de Gállegora ihesalditxo bat egiteko ezin aproposagoa. Munduko soinu eta kulturak -modernoak nahiz tradizionalak- ezagutzeak on egiten omen dio buruari (zentzu guztietan). Reggae doinuak, ijitoen musika, Afrikako erritmoak, Balkanetako tradizioak, askotariko flamenkoa, euskal trikia, gaita galegoa, rapa... dena batean Pirinioetan, izen aski ezagunen eskutik; besteak beste Faltriquiera, Junkera, Alpha Blondy...
Lagunak isiltzen dira une batez, zerbaiten falta nabarituko balute bezala. Irri maltzurra marrazten du orduan Lehengoak: “Esparrago Rock, kasik ahazten dugu, motel!”. Motel dituzte buruak, bai, baina kapaz dira oraindik data batzuk gogoratzeko. Jerez de la Fronterako jaialdia uztailaren 11, 12 eta 13an burutuko da.
Ohiko formatua mantenduko du: pop eta rock doinuak, musika elektronikoa eta flamenkoa izanen dira egitarauaren protagonista. Lau eszenatokietan barreiatuko dira doinu guzti hauek, Extremoduro, Amaral, Sôber, Dover edo Bunbury-ren eskutik (lerro hauek idazterakoan ezer gutxi gehiago zegoen konfirmatua). Gainera, irailaren 6tik 7ra, Cadizetik atera gabe –ongi legoke, bidenabar, bertan uda osoa ematea, pentsatzen dute- Serie Z festibala burutzekoa da Ifecako feria-gunean, Jerez de la Fronteran hau ere. Punk-rockari kantxa emateko jaio zen Serie Z delako hau. Punk not death, rock and rolla nagusi! dio ozen oraindik itxi gabe dagoen taldeen zerrendak: AEBko The Nashville Pussy, Backyard Babies ezinbestekoak, Señor No donostiarrak edota Dictators beteranoek osatzen dute, besteak beste, festibalaren programa.
Bigarren kafea eskatzen dute lagun biek. Bigarren kafearekin bizirik dirauten neuronak bizkortuko zaizkielakoan, goizaldean musika elektronikoak gorputza bizkortu zien moldera. Musika elektronikoa. Beroa izan daiteke gero, makina hotzetatik jalgitzen den erritmoa. Saio polita entzun zutena. Eta aurrerantzean ere entzun dezaketenak, uda partea luzea denez gero. Sonar festibalean adibidez, ekainaren 13, 14 eta 15ean. Bartzelonako Musika Aurreratu eta Arte Multimediako Nazioarteko Jaialdia soinu elektronikoetan erreferentea bilakatua da Europan aspaldi honetan. Sorkuntzak, teknologiak, zineak eta arte multimediak bat egiten dute Mar Bella pabilioian nahiz Bartzelonako Kultura Garaikideko Zentroan, gauez eta egunez, programa ezin zabalago batean: Roger Sanchez, Pet Shop Boys, Yo la tengo, Jeff Mills, Wagon Cookin’, Max Tundra... Azken tendentzien erakusleiho ezin hobea, hortaz, egunean egoteko. Elektronikaren zaleendako baina, bada bestelako hitzordurik. Joan den urtean ezagutu zutena, Monegros basamortuan: Groove Parade-a. Esperientzia errepikatzea gustatuko litzaieke lagun biei –garagardora pasatu dira jada tripak-eta are nahasteko-. Fragako Club Florida 135 dantzalekuak antolatuta, kristoren ospakizun elektronikoa egiten da Monegrosetan duela zazpi urte inguru. Hurrengo edizioa, uztailaren 20an eginen da eta betiko moldez, tendentzia guztiak (techno, house, tech-house, breakbeat, pop elektronikoa, drum’n’bass eta elektro) izanen dira gozagai puntako artisten eskutik:
Stacey Pullen, Richie Hawtin, Derrick May, Francesco Farfa, Fabio, John Acquaviva, Angel Molina, Cristian Varela, Fangoria, Sidonie, Elektropez... Diotenez, Groove Paradea berez sortu omen zen, Florida 135-n hasitako festa baten jarraipen gisa. Ordutik, festibal honen munta eta kategoria etengabean haziz joan da, ezinbesteko hitzordua bihurtuz hainbat zalerentzat.
Joan den urteko festaren pasadizoak eta xelebrekeriak kontatzen hasi zaizkio Bigarrenak Lehenengoari, aitatxiak bilobari kontatuko lizkiokeen bezala. “To, to, aski - mozten dio Lehenengoak- ez baitugu zerrenda akabatu”.
Berehala, neuronak Mediterraneora beha jartzen dira. Castelló. Benicàssim. Hondartza, eguzkia, musika independentea... poparen erresuma. Abuztuaren 2tik 4ra. Eta egitaraua, konortea galtzeko modukoa pop-rockaren zaleentzako. Radiohead, Primal Scream, Saint Etienne, The Chemical Brothers, The Cure, Rinôçerôse...
Hasperen egiten du Bigarrenak. Orain zailena dator: nora joan erabakitzea. Guztietara bertaratzea ezinezkoa denez, ez dira bat esatera ausartzen. Halako batean, hirugarren lagunari, alegia, lo seko gelditu eta dagoeneko eguzkiak erreta egonen denari, galdetzea otu zaie. Erabaki dezala berak, neuronak deskantsatuago izanen baititu.