• 1
  • 2
hurrengoa
zeluloide tatuatua koldo almandoz   Pigmentuz bustitako objektu zorrotz batekin azala zauritu. Argia eta denbora orratzez zilarrezko nitratoa zizelatu. Tatuajea eta Zinea. Zinea eta tatuajea. Estigma
Tatuaje bakoitzak istorio bat kontatzen du. Nahiz eta tatuajea daramanak ez jabetu. Rod Steiger-i, "The illustrated man" pelikulan hori gertatzen zaio. "Sherezaderen 1001 gauetan" bezalaxe, bere gorputzean duen tatuaje bakoitzak ipuin bat kontatzen du. Eta istoria bakoitza estigma berri bat izango da bere bizitzan.
"Moby Dick" filmean, Queequeg marinel polinesiarraren berezitasuna, tatuaturiko aurpegiak ematen dio. Horrek egiten du ezberdin eta interesgarri. Jean Vigo-ren "L ´Atalante" filme kuttunean ere, bertan azaltzen den marinelak gorputz osoa du tatuaturik. Popeye-k aingura bana du besoetan. "Farewell to the King" (Adios a rey) filman, Nick Nolte soldadu desertoreak, bizia bularrean tatuaturik duen belauntziari esker salbatuko du. Eta tatuaje horrek bihurtuko du gerora Borneo uharteko indigenen buru eta jainko.
Marinelekin batera, presoak izan dira mendebaldeko zineman tatuaje gehien luzitu dutenak. "Papillon"-en Steve McQueen-ek bularrean pinpilipauxak zeramatzan tatuaturik. Guayanako presondegi-infernu hartan Henry Papillonek ez zuelako ziurrenik bere nortasuna ahaztu nahi.
Mendekua aldarrikatu eta justizia kolokan jartzen zituen tatuajez markatzen zuen gorputza. "Dead man Walkin"-en (Pena de Muerte), heriotz zigorra itxaroten zuen bitartean, Sean Pen-ek bere besoetako tatuaje arrazistei erreparatzen zien. "American History X" pelikulan, Eduard Norton kaskamotzak, harro erakusten zuen bularrean tatuaturiko esbastika.
Baina bada film bat, non marinel eta presoen pertsonaiek bat egiten duten eta kurioski, tatuajea, zentzu baikorraz islatzen da. "The Bounty"-ko (El motin de la Bounty) marinel amotinatuak, ihes egin eta askatasuna hegoaldeko itsasoetako irla batean topatuko dute. Roger Donaldson zuzendariak, preso izatetik aske izatera dagoen bidea irudi bakar batekin islatzeko, tatuajea erabiltzen du. Irlako natiboek Bounty-ko marinelak tatuatzen dituzten unean, hauek, iragana atzean utzi eta bizimodu berri eta aske bati hasera emango diote. Tatuajea, estigma bat izateaz gain, izaera, nortasun baten marka ere badelako.

Izaera markak
Aipatutako Scorseseren pelikularen ardatza, 1962. urtean Robert Mitchum-ek egin zuen "Cape Fear"-en topa dezakegu. Eta aipamen hau egiten dut, nire ustez, zinearen istoriako tatuajerik esanguratsuenak berak luzitu dituelako. "The night of the Hunter"-en (La noche del cazador) luzitzen dituen bi tatuajeak edonoren bihotza izoztu dezakete. Esku batetako behatzetan love eta bestean hate tatuaturik dituen apaiz bat halabeharrez da beldurgarria. Gure izaeraren sekretua eskuetan duelako. Tatuajeak, pertsonai baten nortasuna zein punturaino marka dezaketen erakusten duen beste film bat "Memento" da. Amnesiak jota dagoen protagonistak, bere gorputzean tatuatzen ditu ahaztu nahi ez dituen gauzak. Tatuajea, estigma eta izaera marka izateaz gain... memoria ere badelako.
Herri baten izaera, nortasuna eta duhintasun galdua islatzen duen Zelanda Berriko "Once were warriors" (Guerreros de Antaño) filman, euren nortasun suntsituaren aldarrikapena, arbaso maorien tatuajeak berreskuratuz egiten dute. "The Piano"-n, Harvey Keitel-ek antzezten duen pertsonaiak ere, Bounty-ko marinelen moduan, maorien tatuajeei esker lortzen du nortasun eta aukera berri bat. Bestetik, bada bere izaerari uko egin eta tatuajea ezabatzen duenik. Adibidez, Russell Crowe-k, "Gladiator"-en, erromako ejertzitoaren propietate dela esaten duen tatuajea suaz ezabatzen duenean, edo, naziek kontzentrazio guneetan eginiko tatuajea ezkutatzen dituen beste pertsonai hura "Harold and Maude"-n.

Irezumi
Ekialdeko zineman, tatuajeak, mendebaldeko zineman balio izan duten gauza berdinerako erabili izan dira. Pertsonaiak estigmatizatzeko. Hala ere, Japoniako maestroek modu poetikoago batetan islatu izan dute irezumiaren arte eta kultura. Kenji Mizoguchi-k, Utamaru filman, emagalduen bizkarrean marrazten zuen pintore baten historia kontatzen digu.
Irezumi eta Yakuza filmetan ere tatuajea da protagonista. Yakuza filmaren Hollywood-eko moldaketan, Robert Mitchum handia ikusiko dugu berriro tatuajez inguraturik. "Kikujiro" (El verano de Kikujiro) filman, Takeshi Kitano piszinara sartzen denean erakusten du bere bizkar tatuatua. Eta orduan ulertuko dugu, beste argibideren beharrik gabe, ezkutatzen zigun iragana.
"The Pillow book"-en Utamaro-ren influentzia nabarmena da. Aitaren oroimenen bila, bere gorputzean marrazten duten gizonak bilatzen dituen emakumearen istorioa kontatzen digu, modu poetikoan, Peter Greenaway-k. Oso bestelakoa den Crying Freeman komikiaren zeluloidezko moldaketan, sekta maltzur batek protagonistaren gorputza goitik behera tatuatzen du haren gain kontrola izateko.

Abiapuntu
"He nacido para revolucionar el infierno". Esaldi hori darama tatuaturik Bartzelonako ondartzan agertu den ezezagun baten gorputzak. Hortik aurrera, Carvallo detektibeak bere ikerketa hasiko du Bigas Lunaren "Opera prima" izan zen Tatuaje filman.
Kevin Costner-en "Waterworld" filmaren ardatza ere, neskato batek bizkarrean tatuaturik daraman sinbolo bat da. Eta Ana Magnani eta bere amorantea den Burt Lancaster kamioneroak, arrosa bana dute tatuaturik "The Rose tattoo" filman. Maitasun arantzaduna, baina maitasuna azken finean.
Tatuajeak, azalean markatzen ditugun maitasun eta gorrotoen oroigarriak dira, zinea, gure memoria gordetzen duen itzal eta argien trena den moduan. Baina sakontasun poetikoez baino haratago doa tatuajea eta zinearen arteko harremana. Bizitza zineman txertatzen delaren adibide garbiak badira.
Ingalaterrako erreginaren aginduetara dagoen Sean Connery 007-k bere besoan "Scotland Forever" leloa tatuaturik daramala ikusten dugunean adibidez...