hurrengoa
aborigenen ahotsak kirmen uribe   I  txo!? Kontatzen dute Ken Hale-k hizkuntzalariak hiru hilabete besterik ez zuela behar munduko edozein hizkuntza ikasteko. Kontatzen dute hizkuntzalariak bere umeak eraman zituela Australiako eremu zabaletara, umetan ikas zezaten paraje hartako hizkuntza zaharretako bat. Ken Hale hila da oraindik orain. Hilzorian dago umeek txikitan ikasi zuten hizkuntza bitxi hura.
Australia handiko biztanlegoaren ehuneko hiru inguru izango dira aborigenak. Hala ere, kontatzen dute, kartzeletako biztanleak kontuan hartuz gero ehuneko hogeita hamar direla.
Duela gutxirarte ezezaguna izan bada ere Australiako aborigenek bizitakoak ez dauka berbarik. Adibide bat: “Stolen generation” izeneko belaunaldi hari jazorikoa. Aurreko mendearen lehen erdialdean gurasoengandik aldendu zituzten ume aborigenak, haien bizimodua umeentzako kaltegarri zela iritzi baitzioten agintariek, gurasoak ez zirela nor umeak hezitzeko.
Halaxe, misioetan edo zurien etxeetan hazi zituzten umeok. Kontatzen dute, duela berrogei urte eskas ohikoak zirela Queenslandeko lurretan aborigenen ehizak. Kontatzen dute.
1988an halako barkamen antzeko bat zabaldu zuten agintari zuriek. Beranduegi aborigenen usterako. Zurikeria.

HARRIAROA
Gizon zuria, soilik denbora dago gu bion artean.
Antzina-antzina leizeetan bizi zinen zeu ere.
Harrizko aizkora erabiltzen zenuen eta larruak jantzi.
Zeu ere beldur zinen ilunbeez, ihes egiten zenuen ezezagunetik.
Egin atzera, gogora ezazu zeure Altxeringa* garai hura,
Tximista artean majikoa zen garai hura, zeruan lehertzen zen
Trumoiak ikaratzen zintuen garai hura.
Gizon zuria, arraza hobea duzun hori,
Soilik denbora dago gure artean.
Batzuk zahartzen diren bitartean
Besteak beti haur izango bagina bezala.
Harriaroko azken leinuak gara gu,
Eta zain gaude, denborak lagun gaitzan,
Zuei behin lagundu zizuen moduan.
(*Artxeninga: Unibertsoa sortu zeneko garaia).

-Oodgeroo, Gutarrak, 1970.-

LASTIMA
Eta zenbaitek dio “lastima” hitz egiten ari garenean
Eta “lastima” gauden moduan gaudelako
Eta “lastima” guk ez dugulako etxe dotore bat
Edo lanpostu finkoa eta autoa

“Lastima” esaten dio zenbaitek gure haurrak
hoztuta hiltzen direnean edo utzikeria hutsagatik
“Lastima” ibaiertzean bizi garelako
gure laguntza bonuak bildu bitartean
“Lastima” trakoma gaitzak itsutu bagaitu
“Lastima” lur jota bagaude.

Baina nik uste zuena dela lastimarik handiena
Zuek ukatzen dizkiguzue eta giza eskubideak.

-Alde beltza, Kevin Gilbert, 1990.-

ZAHARRAK
Begira zaharrei,
nola egiten duten hitz haien eskuekin.
Zuhaitzak bezalakoak dira
gure lur ederrean.
Entzun zaharrei
antzinako garaiei buruz hitz egiten.
Kirika egin zaharrei
nola seinalatzen duten haien lantzekin.
Kimberley euria bezalakoak dira
hain urrun, hain hurre.

-Kantagilea, Alf Taylor, 1992.-