hurrengoa
ELEAK mielangel elustondo & kirmen uribe   HIRIRA DOAN BIDEA
Natalia Ginzburg, Itz.: Pello Lizarralde · Igela

Harribitxiak eman ditu Italiako literaturak pasa den mendean. Harribitxi horietako bat dugu Hirira doan bidea nobela. Natalia Ginzburg-ek eman zuen argitara II Mundu Gerra oraindik ere bukatzeke zegoela. Nataliak berak esana du artista txikiak artista handien moduan idatzi ezin duen arren, gauza dela haiek bezala sentitzeko. Hitz umilegiak Ginzburgen ahotan. Baina umiltasuna beharrezkoa da bidean aurrera egiteko, ikasten jarraitzeko, maisulanak idazteko. Hizkera garbi eta gordinez II Mundu Gerra aurreko emakumeen kezka eta ezinak kontatzen ditu. Gezurra, emakumeenak ez ezik, gizon-emakumeenak. Halaxe idatzi zuen Palermoko idazleak hizkera soil hari buruz: "Esaldi bakoitza zartada edo belarrondokoa izatea nahi nuen". Eta lortu zuen, zinez. Pello Lizarraldek zartada eta belarrondoko berak eman dizkigu liburua euskarara ekarrita.

MENTURA DUGUN ARTEAN
Anjel Lertxundi · Alberdania

"Liburutegi pertsonal oro bizitza baten egitasmoa eta ispilua da". Liburuaren lehen esaldia dugu, autoreak lan honetara aldatu digun askoren artean lehena, eta liburuaren atea zabaltzen digun urrezko giltza. Mentura dugun artean-ek Anjel Lertxundiren liburu-mundua erakutsi digu. Mundu horren barruan, eta kanpoan, diren lan eta egileak, biblioteka osoa eratu arte. Bertan bildu ditu Shakespeare eta Gandiaga, Pavese eta Adorno, Peru Abarca-ko Maisu Juan eta Kipling, txirikordan. Mitoez, tradizioaz, ahozko literaturaz, hots txikiko hizkuntzetako idazleez eta hizkuntza landuetakoez... Anjel Lertxundik bat egin du Borgesekin eta testurik apalenei ere leku egin die bere bibliotekan, Babelgo liburutegian, letren errepublikan. Unibertsoa esaten dioten horretan. Saiakera dotorea, oso.