• 1
  • 2
hurrengoa
The Man Who Wasn´t There, Coen anaien bizargina testua: koldo almandoz   Hau idazten ari naizen unean, aitortu behar dut ez dudala Coen anaien pelikula osoa ikusi. Donostiako Zinemaldian pasa egin zitzaidan eta duela aste batzuk, New York-tik Parisera eraman ninduen hegazkinean jarri bazuten ere, film erdian lo hartu nuen. Eta ez zen aspergarria, baina ni nekatua nengoen. Asmakizun bat. Nola esaten da “jet lag” euskeraz? Nire etika falta nabarmena konpentsatzeko, dokumentazio lan "izugarria" egin dut pelikularen inguruko adierazpen, bitxikeri eta txutxumutxuak jasotzen. Hona hemen emaitza:

"The Hudsucker Proxy" filmatzen ari zirenean sortu zitzaien pelikula honen gidoia idazteko ideia. Ileapaindegi batetan eszena bat filmatzen ari ziren. Paretan, 40 hamarkadako orrazkerak erakusten zituen poster bati erreparatu eta orrazkera horiek egiten zituen pertsonai bat nolakoa izan zitekeen pentsatzen jarri omen ziren. Eta modu horretan jaio zen Ed Crance, Coen anaien bizargina.

"Hamarkada irudikatzaz gain, - 40. hamarkadaz ari gara hizketan-, garai hartako guda osteko beldurra islatu nahi genuen. Hamarka hartan egin ziren filmeen beldur esistentziala islatu nahi genuen. Hain justu irailaren hamaikaren ostean nagusitzen ari den sentsazioarekin zerikusia duela iruditzen zaigu".
Joel Cohen.

"Ed Crance, ez dago konforme bere bizitzarekin baina ez daki bizitz hori nola aldatu".
Ethan Coen.

"Billy Bob Thorton oso sentibera da. Film hau 1949. urtean filmatu izan bagenu, protagonista Montgomery Cliff zatekeen. Billy-k eta hark gaitasun berezia dute: Desagertu gabe pasibo izateko gaitasuna. Ed Crance bizarginak ia ez du elkarrizketarik film osoan. Pentsatu ostean erreakzionatzen du. Off ahotsa da bere ahotsa, eta hori oso gutxik mantendu dezakete gaur egun".
Joel Cohen.

Anaien hurrengo proiektuak, oraingoz, "Intolerable Cruelty" izena du.

Lastoa. Lastoa sartu behar dut l-a erabili eta hitz jokoa osatu ahal izateko. Eta orain pelikularen koloreaz hitzegingo dizuet. Zuri beltz ederrak garaiko zine beltzeenera eramaten du ikuslearen gogoa. "Halcón Maltes" edo "El cartero siempre llama dos veces"-en moduko filmeetara (nik ikusitako filmearen erdian behintzat hala da). Pelikula ordea koloretan filmatu zuten eta posprodukzioan eraman zituzten kolore guztiak zuri eta beltz ezberdinetara.

Doris Ed Crance-en emaztea da. Eta adarrak jartzen dizkio. Eta Ed-ek adar horiei probetxua atera nahi die...

Ethan Cohen-i ez zaio gustatzen DVD-etan bere eritzia ematen azaltzea. Berak dioen moduan, "Nik film bat ikusten dudanean ez naiz inoiz geratzen zuzendariak esaten duena entzutera. Ez du zentzurik, ikusleei, ikusi berri dutena azaltzen aritzea".