hurrengoa
koldo izagirre: “idazketaren inguruan probokazio txiki bat egin nahi nuen” kirmen uribe   I  mikel saiz Beti izan da bide berriak urratzearen zale. Liburu bat argitaratu orduko ibilitako bidea atzean utzi eta beste bidezidor bat hartzen du, bertan goxo egin gabe, errazkerian erori gabe. Gogoa bizia, azkarra luma, Koldo Izagirre dugu euskal idazleetan intelijenteenetakoa, zalantzarik gabe. Azkena, interneten idazten ari den nobela. Lau atal atera dira dagoeneko. Irakurleak aukera du, atalak irakurri ahala, idazleari iradokizunak egiteko. Idazle ala irakurle, biak ala biak, inoiz baino hurbilago. Sare informatikoan ari zara idazten nobela, irakurleen iritzia aldian aldian jasoz. Zer nolako esperientzia izan duzu orain arte?
Oso interesgarria, hainbat mezu hartu ditut nobelari buruz, aholkuak, kritikak, iritziak, informazioak... denetarik. Nik ideia orokor bat neukan buruan, aspalditik zebilkidana, eta sekulan garatzen ez nuena, beti beste lan batzuek hartzen ziotelako aurrea. Alde horretatik, Internet oso tresna interesgarria da, egizu kontu zenbait idazleren, edo hobe esan zenbait mugimenduren helburuetako bat izan dela “egile kolektiboa” lortzea. Hori urrun dago oraindik, baina uste dut tresna honek hainbat baliabide berri ematen dituela. Hala berean aitortu behar dizut nire asmoa ez dela obra “kontsentsuatu bat” idaztea, idazketaren beraren inguruan probokazio txiki bat egitea baino. Eta, noski, neure orojakintasuna zalantzan jartzea.

Nondik jaio zen ideia?
Josu Landa adiskideak probokatu ninduen, esanez opari bat egin behar geniola Gorka Arreseri, edizio elektroniko bat eginen genuela aurrena paperera baino lehen... Egia esan Josu etengabe ari da garatzen Susa argitaletxeko webgunea, bateko argitalpen berrien saila, besteko edizio elektronikoak, gero kritikak... Beste alor bat falta zuen, literatura atelierra izanen zena, eta horretarako lehen pausoa izan zen... Badakit beste egile batzuek ere beren obrak oinarri elektronikoan atalka argitaratzeko asmoa daukatela, ikusten duzunez oso positiboa izan da hau guztia.

Orain arte lau atal bukatu dituzu. Jarraipenik izango al du?
Bai, bai... egia esan argitaratzen hasi nintzenean halako murgiltze zoro bat egin nuen, “zuzen ateratzen bada burruntzia, oker ateratzen bada igitaia.” Baneuzkan ideia batzuk, banekien zer kontatu nahi nuen, baina egitura batere zehaztu gabea neukan, eta horregatik ere interesgarria iruditu zitzaidan agerian egindako idazketa bat proposatzea, neuk ere ikasiz joateko lagunen iritzietan. Baina gero arazoak dauzkat papererako, ze integratu egin nahi nituzke bertsio elektronikoaren irakurleen iritziak nobelaren beraren testuan. Eta ez ohar huts gisa.

Zein da nobelaren intentzioa?
Nobelan bertan idatzia daukat gutaz jarduteko interesatzen zaizkidala besteen menturak. Alde horretatik, geure buruari buruzko gogoeta egiteko aitzakiak besterik ez dira nobelan ageri diren protagonistak. Baina fikzioa da nagusi, edo hala izatea nahi nuke, fikzioak bideratzea hausnarketa. Nobelaren helburua hain errotua daukagun mitotxoren bat apurtzea da, edo apurtu ezin badut, ba azpia jaten hastea.

Gazte magrebtarrak ageri dira eleberrian. Egia al da bi mundu elkar joka ari direla?
Gazte magrebtarrak? Senegaldarrak direla uste nuen nik nobela horretako protagonistak, edo, orain esaten den moduan, behesahariarrak, Saharaz haraindikoak. Logikoa da zure nahaste hori, ze orain dena da Magreb inguruko inmigrazioa, edo hala ematen du behintzat, oso modan — barka fribolitatea— jarri dira paterak, zuen belaunaldia paterek markatua da. Nik ezagutu nuen beste emigrazio klase bat, nik ezagutu nitian paterak Euskal Herrian bertan: frankofoniako beltz gazteak, Frantzian sartu nahian multzotan batetik bestera, 1970-1975 urte haietan. Irun beltzez betea zegoen, mafiek kontrolatzen zuten mugimendu haren zati bat... Kontrabandaren beste aldea, erromantikotasun faltsu baten ostea... Zeinen zaharra naizen!
Bi mundu elkar joka... bai zera! Mundu batek bestea jotzen du, egunero. Europa erdiko komunistak ados daude Afganistani egiten zaion erasoan. Abertzaleek “Bin Laden” esaten dute, orain arte “Ben” zena —Ben Bella, Ben Barka, Tahar Ben Jelloun...— yankizatu egin dute... Uste duguna baino kolonizatuagoak gaude, eta ez daukagu horren kontzientziarik. Eta ondorioz, kolonizatzailearen hizkera hartzen dugu. Alegia, kolonizatzaile bihurtu garela.

Agirretarraren izpirituak, hala ere, bizirik irauten du.
Nik ez dakit zer den zehazki “Agirretarraren izpiritua”, baina eskertzen dizut piropoa, agirretartasunaren berri ematen ahalegindu direnetan kokatzen nauzula sumatzen baitut. Agirretartasuna ez da, nire irrintzian, ideologia finkatu bat, gehiago da matxinozaletasun intuitibo bat, egindako balentrietan baino egindako okerretan ikasten saiatzen dena. Orain bertan hainbat oker egiten ari gara ezkerreko abertzaleok, baina ez gara gai mingarri zaiguna esateko, heroikotasuna gailentzen zaio analisiari. Oker horiek zerk eraginak diren, zergatik, eta nori egiten dioten mesede ikusteko gauza ez baldin bagara, jai daukagu. Agirretartasuna egia fedekoak hain erraz irensten ez dituen halako haize fresko bat baldin bada, ez nuke esanen bizirik dirauenik, baizik eta jaiotzeko dagoela. Autokritika gogor baten ostean baino ez da sortuko, eta, ondikotz, ez dirudi bihar goizerako denik.