hurrengoa
DOINU izkutatuak javi manterola   Durangoko Azokako afixetan eta aldizkarietan agertuko ez diren taldeak dira hurrengoak, oraindik diskorik ez baitute; hala ere, ezin da mesprezatu euskal musika aberasteko eta berritzeko egiten arin diren lana. “Musika ezkutatua”ren ordezkariak dira. Munduan edonon aurki ditzakegu muturrean kokatzen diren halako musika taldeak. Orain euskal musikan agertu diren talde berri horiei buruz mintzatuko gara.
Talderik ezagunena Audience izango da ziur aski (RNE-3, FIB maketa lehiaketa irabazi dute aurten eta Villa de Bilbao-n aurreko postuetan geratu dira). Beren lehenengo disko ofizialarekin burutuko den urte polita darama talde honek. Musika zintzoa eta zuzena: Will Oldham, Giant Sand, Fugazi, Slint baina baita ere 60etako eraginak (Love, Syd Barret) ditu nagusi.
Miztura da talde hipnotiko eta bitxia. Abesti luzeak, pixkanaka sartzen eta biluzten zaituzten horietakoak. Eraginei buruz hitz egitean, Mogwairen izena agertzen da normalean, baina eguneroko bizitzak sortzen dituen irudiak eta soinuak baino hobeagorik ez dago Miztura-ren musika azaltzeko.
Ainke. Talde honetako bi partaideak SAL talde ezinbestekoan jotzen zuten orain dela bi bat urte. Sal desegin zen bere errautsetatik Ainke sortuz. GirlsVsBoys, Seam edo Superchunk-en soinu antzekoa, Euskal Herriko nortasunaz nahastua.
Hemendik gutxira Pinbol taldeak bere lehen diskoa kaleratuko du Kataluniako zigilu batekin. Amerikako Estatu Batuetan Ween taldea aurkitzen badugu, Pinbol da hemengo musikan erokeriaz eta askatasunaz baliatzen den ordezkari nagusia: jazz, pop, post-rock. Edozein musikak balio du beraientzat alde surrealistena behin eta berriro aurkitzeko.
Azken urteetan Euskal Herriak eman duen talde handiena eta ezezagunena da Borrokan. Nahiz eta urteak eraman musika egiten, oso talde gaztea da oraindik. Hamar bat abesti berri grabatu dituzte, eta espero dugu behingoz bere lehen diskoa ateratzea. Beren musika klasifikatzekotan: hunkigarria.
Euskal Herriko hip-hop estiloan talde berritzaileena da Imperio Sabio taldea. Zuzenean ikusi dituenak ezin izango ditu ahaztu taldearen jarrera eta originaltasuna, ondo erabilitako hitzak arma zehatzak direla erakutsiz.
Urte biribila izan da aurtengoa El Columpio Asesino taldearentzat: Euskadi Gaztearen lehiaketa irabazi du, eta Audience-kin batera RNE-3, FIB maketa lehiaketako finalera heldu da. Pixies taldearen eragina nabari da beren abestietan; dena dela, ereduak alde batera utzita, merezi du bere doinuetan murgiltzeak.
Autoa. Don Caballero, U.S. Maple, Rodan... Chicagon jaio izan balira, Touch and Go zigiluko erreferentzia garrantzitsua izango lirateke.
Izaera. Talde honen lehen maketa atera berri da. Diseinu polita eta musika zintzoa. Euskal Herrian aurten egon den suterik handiena, zalantzarik gabe.
Riddim. Trans am eta Turing Machine dira eragin nagusiak talde instrumental interesgarri honen musikan.

Badakit zerrendan oraindik “ezkutatuak” dauden talde asko ahaztu ditudala, horrexegatik erronka bat da niretzat talde horiek ezagutzera ematea, “ezkutatuan dagoen musika inoiz baino biziago baitago”.