• 1
  • 2
hurrengoa
HIRIA dantzan i.b.m.   I  berta Arlo honetan zegoen hutsune kulturala betetzeko, duela 8 urte sortu zen Sevillako “Dantza Hilabetea”. Dantza garaikidea programatzea, ikusleari hurbiltzea eta Andaluziako dantza sormena sustatzea zituen helburu. Orduz geroztik asko izan dira egin beharreko lanak, batez ere kontuan izanik laguntza ofizialak gutxitan jaso izan dituztela eta jasotakoak eskasak izan direla.
Zortzi urte hauetan hasierako egitarau xumeari atal berriak gehitu dizkiote; aurten, hain zuzen, “Huellas” zikloa izan da berrikuntza nagusia, ziklo benetan interesgarria. Kale emanaldiak, Sevillako edozein txoko eszenatokia bilakatzen da, handik igarotako edonori arteaz gozatzeko parada liluragarria eskainiz, oparituz. “Provisional Danza”ren urpeko ikusgarritasuna Giraldan, “El Punto!”ren hip-hoparen freskotasuna plazan, “Vendaval” taldearen berotasuna laranjaondo artean, “Mal Pelo”ren barnekotasuna Cartujan, “Octubre Danza”ren berezitasuna Guadalquivir ertzean, “Proyecto Gallina”ko kideen indarra Plaza Españan, “La Calabaza”ren fantasia Maria Luisa parkean.
Dena eman dute dantzariek eta antolatzaileek zikloa gidatzen zuen Aingerutxoak nahi zuena lortzeko: “Maitatzen ikas dezazuen nahi dut; hasieran min egiten du, baina gero primeran geratuko zara”.
Arrakasta osoa bereganatu du dantza garaikidearen ikuspegi berritzaile honek: dantza hiriarekin bat, eta are gehiago, herriarekin bat eginez. Berez, egitarauko kalitatezko emanaldiak erakargarriak dira, baina horretaz gain, erabat irekiak eta publikoak izate horrekin era, adin eta jatorri guztietako pertsonak artearen inguruan biltzea eragin dute, erraztasun harrigarri batez jendea dantza garaikidearen mundura hurbilduz, edo agian, dantzaren mundua jendearengana. Edonola ere, kalean artea bere espresiorik berezienetako batean topatu ahal izateak sorpresaz gain, sentipen mudu oso bat pizten du ikusle anonimoarengan.
Ekiditeko bide ezin eraginkorragoa bilakatzen da: kalitatezko artea, edonoren esku, doan, edo politagoa oraindik, musutruk.
Musukatzeko gogoa ematen baitu dantzariak laranjaondo artean, esaterako kasu honetan, edota beste edonon, egunero ohartu gabe sikiera gurutzatzen dugun plaza, kale, ibaiertz horretan, gure hiriaren aurpegia alaituz, gure aurpegian sentitzearen, erreakzionatzearen riktusa ageriaraziz, dantzan, espaloitik zentimetro bat ere mugitu gabe.