• 1
  • 2
hurrengoa
garai BERRI baten jazztapenak: st. germain asier leoz   Jazz musika maite duen tekno egilea edo dantzalekuetara salto egin nahian dabilen jazz sortzailea. Edozein kasutan, Ludovic Navarre (St Germain) bete-betean asmatu duen azkena izan da. Istripu baten erruz kirola baztertu behar izan ondoren, Ludovic gazteak bere gelan ematen zituen orduak. Bertan, anplifikadoreak eta klase guztietako soinu eragileak inguruan zituela bere musika sortzen saiatzen zen. Horretarako musika beltzari heldu zion, jazz maisuek eginda utzitakoari house erritmoak txertatuaz edo Bob Marley-ren diskoak zenbateraino moteldu zitezkeen ikusiaz. Laster EP-ak plazaratzen hastea etorriko zen. Goitizenak: Deep Side, Mudus Vivendi, Nuages eta azkena, St Germain.
Jazz musikaren epeltasuna dantzarako oinarri digitalekin korapilatzea ez da gauza berria, US3 taldeak adibidez horixe egin zuen Acid Jazz aren lehen urteetan, baina dagoeneko inor gutxi akordatzen da beraiekin. St Germain ordea bazter guztietan da ezaguna. Lehenago Moby-ren “Play” diskoarekin gertatu bezala, modernitatearen olatuan dagoen itxura eman nahi duenak ezinbestekoa du St Germain-en “Tourist” etxean edukitzea, entzuten duen edo ez duen erabat sekundarioa delarik zenbait kasutan. Disko honetako erritmo eta melodiak dagoeneko telebistako iragarkietan instalaturik daude lehenago junglea egon zen bezala. Publizitatearen euskarri izatea oso lagungarri gerta daiteke, St Germain en musikaren kalitatea gutxiesteko argudioa ez den arren.

dantza eta nota urdina
“Tourist” Blue Note izeneko jazz zigilu ospetsuak argitaratu izanak nolabait kalitatea izugarri zaintzera behartu zuen musika egile frantziarra, aurreko “Boulevard” diskoan (F Communications, 1995) soilik erdi azalduta zegoen ikerketa lana nabarmen sakonduaz. St Germain ek sinesgarritasuna bilatu zuen John Lee Hooker bezalako totem baten hasperenak eta gitarra eztulak sanpleatuaz (“Sure thing”) eta Miles Davis-en jazz ukitu apainak maisutasunez erantsiaz.
Ondorioa: salmentak izugarriak eta ikusmina zuzenekoen inguruan.
“Tourist” bezalako disko teknifikatu eta hornitu batek zalantza handiak sor ditzake zuzeneko isladari buruz, nola irauli hori guztia taula gainera? Iragan martxoan Madrilgo La Riviera aretoa bete zutenek azkeneko momentuan Ludovic Navarre-ren ordenagailua kolgatu egin zelako alde egin behar izan ondoren, zalantzak areagotu egin ziren. Dena den, bi egun beranduago areto berberan egon zirenek benetako talde bat ikusi zuten. Bateria, gitarrak eta saxoa jo eta su aritu ziren dantza eragiten, artista nagusia ia ikustezina zen bitartean, soinu dorre handiek estalita.
Programatutako oinarriak eta instrumentu errealen nahasketak primeran funtzionatu zuen. Datu bat: aste horretan Maceo Parker saxofoi jole ospetsua toki berean aritu zen, baina ikusle kopuru laurdena bildu zuen. Harrera beroagoa izan zuen sanplerrak erabiliaz musika egiten duenak sanpleatutako zati horiek jotzen dituenak baino. Garai berriaren ezaugarria izango ote da?
Ludovic eta Saxoa: St Germain taldea abenduaren 1ean arituko da zuzenean Bilboko La Casilla aretoan.