audio jon arga & asier leoz
hurrengoa

CHUCHO

los diarios de petróleo · chewaka/virgin

Hasieran Surfin’ Bichos ezagutu genuen, ezagutu eta gozatu. Penatu ere penatu gintuen taldearen desagertzeak. Baina “78” heldu zen, Chuchoren lehen lana. Honek egoneza arindu zigun. Ondoren “Tejido de Felicidad” zoragarria jaso genuen, talde handi baten aurren ginela gogoratuz. 2001.ean “Los Diarios de Petróleo” iritsi zaigu, tantaka iritsi ere, izan ere 3 EP eta lan luze batez osatzen baita hasiera batean CD bikoitza izateko jaio zen kantu bilduma. Fernando Alfaro Espainiako lumarik onenetarikoa da kantugintzan eta berak idatzirikoak dotoreziaz janzten ditu Chuchok. Konplexurik gabe kantuak musikatzeko iturri oro erabiltzen dute abesti bakoitza behar bezala osatzeko.

hurrengoa

AMERICAN ANALOG SET

know by heart · tiger style records

Izen iradokitzaile honen atzean (analogiko hitza ez amerikarra izateagatik) egun Estatu Batuetatik datorkigun talderik interesgarrienetako bat dago. 1995.urtean Texasen (EEBB) sortuak urteotan zehar euren soinua borobilduz zein eraldatuz joan dira, taldekideen joan etorriagatik baldintzatuak akaso, baina koherentziarik galdu gabe. Ordutik hona zuzenean asko aritutako taldea dugu, bira aunitz egin dituztelarik batez ere euren herrian, besteak beste Mogwai edo Death Cab For Cutiebezalako talde aldarrikatuekin batera. “Know by heart” honek, taldeko laugarren lan luzeak, beste aldaketa txiki bat suposa dezake taldearen ibilbidean, izan ere pop edo folk doinuetara nabarmenago hurbiltzen baitira, euren erroak utzi gabe. Erritmo geldo eta ertainetan maisuak, kantuan Elliot Smith handiaren aztarnak ere ageri dituzte batzuetan.

hurrengoa

EELS

jackers · dreamworks

Mark "E" Everett aldaketa zalea da. Eels taldearen aurreneko lanetik (Beautiful freak, 1996) nabaria izan da ezaugarri hau. Aldaketa hitza erabil daiteke baita "Soul jacker" izeneko bosgarren honen inguruan aritzerakoan. Charles Mansonen antzera itxuraberritutako abeslariak (betaurrekoak txanoa eta harenaren moduko bizarra) errotik aldatu du Eels-en soinua aurrekoa zuen “Daisies of the galaxie” izenekoarekin alderatuta. Lan horrek emandako hainbat irakurketa, batez ere Eels eta azken urteotako Beck eskutik helduta irudikatzen zituztenak, kanta pare batean bakarrik uler daitezke orain. Beste abesti gehienetan gitarra zatar eta garageroak da nagusi (“Soul jacker”), John Parish-en lanak utzitakoa. PJ Harvey-ren gitarjoleak eragindako riff sarrera indartsuek Everett jaunaren erantzuna topatzen dute.

hurrengoa

LAMB

What sound · mercury

“What sound” Louise Rhodes-ek eta Andy Barlow-k osatzen duten bikoaren hirugarren diskoa da. Nahiz eta erantzun komertzialak oraindik bizkarra ematen dien, Lamb taldeak estudio lan bikainak sortzeko duen gaitasunari eusten dio. Ukitu atmosferikoa emanez euren abestiei, Drum & Bass zipriztinak jazz giroan korapilatzen dituzte, Terranova edo Portishead taldeen nolabaiteko itxura hartuaz. Sekuentziadore patroiak eta William Orbit-enak izan zitezkeen texturak erabiltzen dituzte, baina Cocteau Twins-ekin daukate antza handiagoa. Orokorrean, eta hau da onena, aurreko diskoa zuten “Fear of fours” delakoan tarteka trabatuta azaltzen ziren konposaketa lanak (gehiegi landuak akaso) emaitza berri honetan askeago sentitzen dira, jario natural batean sortuak bezala.