• 1
  • 2
hurrengoa
john cheever-en diarioak: desilusioaren poetika.    Sari ugari eta arrakasta profesional merezia izan zuen John Cheever idazleak bere bizitzan zehar. Ipar amerikako idazle handien modura, ipuin formatuan lortu zuen bere idazkerak mailarik gorena. AEB tako XX. Mendeko bigarren zatiaren klase ertainaren erradiografia zehatzagorik ez dugu beste inon topatuko. 1991. urtean argitaratu ziren Cheever-en Diarioak (hil eta 10 urtera). Bere eguneroko idazketa zati hauek irakurtzean jabetuko gara zergatik ezagutzen zituen hain ongi eta hain modu sakonean gizarte haren sekretu eta kontraesanak.
Klasean zigarroak erretzeagatik bota zuten eskolatik. Egun hartan amaitu zen bere heziketa akademikoa eta hasi zen bere idazle bizitza. Gertakizun hura izan zen hain zuzen ere bere lehen ipuinaren hazia: "Expelled"(kaleratua). Malcom Cowley editoreak erosi eta New Republic egunkarian argitaratu zuen. Aurrerantzean Cheever-ek New Republic, Collier's Story edo Atlantic aldizkarietan hasi zen tarteka ipuinak argitaratzen. The New Yorker aldizkaria, gazte haren talentuaz jabetu eta proposamen serio bat egin zion. Aldizkari mitikoa eta idazlearen arteko harremanak Cheever hil arte iraun zuen.
1937. urtean Mary Winternitz-ekin ezkondu zen eta bi urte beranduago bere lehen ipuin liburua argitaratu zuen, "The Way Some People Live". Liburu honetan, eta ondoren idatzi zituen guztietan, Cheever-ek bere inguruko klase ertainaren zorion mozorroaren barruan zeuden arrakalak eta miseriak azaleratu zituen. Bere ipuin ezagunena ziurrenik "The Swimmer" da, Frank Perryk, narrazio harekin, film iradokitzaile eta zorrotza egin zuelako Burt Lancaster protagonista hartuta (Cheever-en nortasunaren alter ego ezin aproposagoa, urte batzuk beranduago jakingo zen moduan). The Swimmer ipuinean, Ned Merrill, bere auzoetako igerilekuek balizko ibai bat osatzen dutela jabetu eta etxera igeri egiten itzultzea erabakitzen du. Auzokide ezezagun eta ezagunen igerileku batetik bestera doa, eta bide horretan bere eta bere ingurukoen bizitza deskubritzen joango gara. Zine historiako swimming-pool movie bakarra dela esan genezake.
Ipuin honetan edo "The Enormous Radio", izenekoan detailez jositako esaldiak eta begirada sinbolikoz betetako narrazioak ehuntzen ditu Cheever-ek. Eguneroko bizitzak sortzen dituen tentsioak, harreman arazoak, alkoholismoa eta sexualitateak sortzen duen frustrazioa dira agerian batzuetan, eta itzalean ezkutaturik besteetan, bere idazkien protagonista nagusiak.

Diarioak.
1982an hil zen John Cheever, 70 urte bete berri zituenean. Bere desagerpenak ordea 29 koadernoen agerpena ekarri zuen. 40. hamarkadan idazten hasi zen diario hau izan zen bere lanaren ardatz nagusi eta bere gordelekua. Bizitzako azken urteetan idatzi zuenari erreparatuz gero, Cheever, infernuan ibili ostean garaile atera zela irudituko zaigu. Alkoholismoa, pilula adikzioa, sexualitate zalantzak, bazterketa familiarra, Iowan irakasle gisa emandako klase kaotiko eta polemikoak iraganeko kontuak dira. Cheever, Ossining-ko (New York) santutegi familiarrera itzuli da, alkoholik ez du dastatzen eta pilulak desagertu dira mesanotxetik. Mary Winternitz emazteak, senarraren joera homosexual ezkutua elegantziaz gainditu du, eta Cheever-k, amorante bakarra, Max Zimmer gaztea, izango du bere bizitzako azken urteetan. Arlo profesionalean gainera errekonozimendu handia izango du. AEB-tako literaturako izen handien artean azalduko da eta Saul Bellow-rekin batera garaiko ipar amerikarraren alaitasun eta sufrimenduen ispilu nagusia izango da. Idazle gazteentzat ikono bihurtu da (zendu berri den John Updike haren pupilo-ikaslea izan zen). Bere diarioak irakurri eta akaso gehiegizkoa litzateke bere azken urteak baikortasunez begiratu zituela esatea, baina bere kontzientzia lasaiago zuela nabaritzen da. Azken urte horiek ordea, 29 koaderno horietako pare batetan soilik daude gordeak. Beste guztietan, aipatutako arazo, adikzio eta bere sexualitate ezkutuak sortzen zion ezinegonaren kronikak dira. Cheever-ek, diarioetan, idazle jantzi eta moldeak baztertu eta biluzik idazten du. Cheever en izaera bitan banatzen den ibai bat zela jabetuko gara. Batetik familia amerikar normal eta zoriontsuaren adibide izan nahi zuen. Mary emaztea eta seme alabak maite zituen, idazle arrakastatsuaren pertsonaia atsegin zuen, baina bere desioak ez zetozen bat aurreko irudi horrekin. Desio horien korrontean murgiltzen zen behin eta berriro. Desio horiek amatatzeko nahiak, bestetik, alkoholean bustita eta pilulen efektupean pasa arazi zion bere bizitzako parterik nagusiena. Cheever-ek sorkuntza eta suntsiketa artean bizi izan zen beti. Eta bere idatzietan, modu arin baina bortitzean, ongizate gizarte perfektuaren itxurakeria eta aurpegi iluna azaltzen da. Lorategi eder, kotxe dirdiratsu eta dentistek zuritutako irribarre horien atzean ezkutatzen diren eguneroko miseria eta desilusioen bildumagile izan zen Cheever.