audio arkaitz villar
hurrengoa

Eric Sumo band

Handia izan da Eric Sumok izan duen eraldaketa. Besteak beste, talde bat sortu du eta horrek eragina izan du bere soinuan. My Rocky Mountain lehen diskoan bakardadean egindako abestiak entzun genituen, eta batzuetan biluzik somatu ere. Taldearekin, zuzenekoetako babesaz gain, abestiak beteago datoz. Eskertzekoa da ohiko melodia kutsakorrekin jarraitzea “Disco in my heart” bezalako kantuetan. Hungarian ere bada zer entzun.

hurrengoa

Amongst many

Temporary Funk bildumarekin funk doinuak bildu ostean, Jazz estiloari tokatu zaio orain. Duela zazpi urte sortu zuen Tobias Kirmayer dj-ak Tramp diskoetxea, eta jazz, funk eta soul doinuak bultzatzen dihardu geroztik. Katalogo bikaina lortu du denbora laburrean, eta Europa osoan erreferente bilakatu da Municheko labela duten taldeak eta kantuak zabalduz. Eli Sundelson, Primo and the Groupe, Sugarman 3 edo The Hi Fly Orchestra dira hemen entzungo dituzun artista batzuk.

hurrengoa

New Young Pony Club

Pop, rock eta dantza doinuak nahasten direnean sortzen dira New Young Pony Club bezalako taldeak. Tahita Bulmer abeslariak nortasun handiarekin gidatzen du banda hau, eta halakoak dira bere abestiak ere: nortasun bereziaz beteak. Erritmo biziak doinu geldoekin nahastuz, “Chaos” bezalako abestiek betetzen dituzte bere estudioko bigarren diskoa. Zuzeneko dibertigarria duen talde hau izango da 2010eko pop star nagusia.

hurrengoa

Hot Chip

Azkeneko hamarkadan indie eszenak bizi izan duen gorakadaren eragile nagusietakoa da Londresko Hot Chip taldea. “Ready for the floor” edo “Over and over” kantuak klasiko bilakatu dira denbora gutxian. Mundu osoko jarraitzaileak biltzea lortu dute, eta pop musika artearekin lotzeko duten joera oso efektiboa izan da orain arte. Hala ere, laukoteak indarra galdu du One Life Stand disko berrian.

hurrengoa

The Drums

New Yorkeko talde interesgarrienetakoa da The Drums. 50eko hamarkadako surfa eta Joy Division nahasten dira bere musikan. Erraz entzuten diren abestiak egiten dituzte. Egitura sinplea izanda, zuzenean barneratzen diren horietakoak dira. Summertime lanean “Young Folks” kantuari lekua hartu, eta munduko dantzalekuetako ereserki bilakatu den “Let´s Go Surfing” abestia aurkitu genuen. Best Friend singlea argitaratu dute orain.

hurrengoa

The White Stripes

Hau irakurtzen duzunean oraindik ez dut Under Great White Northern Lights dokumentala ikusi izango, baina diskoak argi erakusten du azkeneko hamarkadan rockak eman duen talde handienaren aurrean gaudela. White Stripes-en kantuak ondo beteko lituzke baxu zikin batek, baina Jack-ek eta Meg-ek sortzen duten magia ilun eta lizuna ez litzateke berdina izango. Disko hau bolumen handian entzuten baduzu, zure etxeko egongelan ari direla pentsatuko duzu.