hurrengoa
ghettoko poeta berpiztu da testua/text by: angel luis lara   I  ilustarzioa / illustration by: txo!? "Egunotan kaka ugari esan da niri buruz. Azken 16 urteotan hilik egon naizela, adibidez". New York-eko Blue Note legendarioan ez da orratzik kabitzen. Gil Scott-Heronen ahots grabea entzuten da eta bere kadentzia zubi eseki baten moduan tenkatzen da. "Kazetari eta kritiko aluak... gaur berpizkundearen mirakuluaren testigu izango zarete". Lazaro hankutsik ibili zela diote, baina Scott-Heron diskoa besapean duela itzuli da: I´m New Here (XL, 2010). Makina sonoroa orainaldiarekin konektatzeko. Izugarria. Gil Scott-Heron ez da santu bat. Bere gorputza eta begirada infernuaren mapa dira. 2010eko martxoa da eta jendea Blue Note aretoaren ateetan bildu da. Hamarkada baten ostean, sekula joan ez zena itzuli egin da. “The black Bob Dylan” edo “The godfather of rap”. Horiek izan dira 1970ean bere lehendabiziko diskoa Small Talk at 125th and Lenox (Flying Dutchman Records) atera zenean jaso zituen bi epiteto izugarriak. Brian Jackson flauta jole eta konpositorearekin elkarlanean, Scott-Heronek bere arrazakoen borrokari jarri zion soinu banda 70eko hamarkadan, jazz-a azidoz astindu zuen, eta “sounding” eta “signifying” afroamerikar tradizioak funky hegoez jantzi zituen. Black Panthersak etxean zeuden, eta Scott-Heronen errimek eskubi eta ezker astintzen zuten. Boterearen eta injustiziaren kontra. Aurreiritzien eta bere komunitateko epelen aurka ere bai. “Beltza naiz eta harro nago. Nire jendea ere antolatzen dut, jantoki popularrak, klinikak eta liburutegiak eraikitzen ditut ghettoan eta leporaino nago armaturik”. “Jende orok lortu du pistola bat, jende orok darama 45 bat” kantatzen zuen Scott-Heronek garai hartan. “The Revolution Will Not Be Televised”, “The bottle” edo “Niggas are scared of Revolution” kantuak aurrera begira kantatutako trazuak dira: garai hartako bere mezuen zorroztasuna eta bere hitz musikatuen azkartasuna rap-aren jaiotzaren hazia izan ziren. Public Enemy, Common edo Kanye West bussinesmanak, beste batzuen artean, haren kantuak sanpleatu dituzte. Rap-aren aitatasuna hainbestetan egokitu zaio, 90eko hamarkadako haseran bere kritikaz eta ironiaz tiro egin ziola matxismoa, bortizkeria, sexismoa eta diruaren goraipamenaz asetuta zegoen rap eskenari: Spirits (TVT Records, 1994) diskoan dagoen “Message to the Messengers” kantua gangsta raperoei hortzetan emandako ostikoa da, euren buruak hornitzeko gonbidapen elegantea. "Negua da Amerikan eta inor ez dabil borrokan, inork ez dakielako zer salbatu". Aretoa mututu egiten da eta ¨Winter in Amerika¨ kantuarekin estaltzen da, Scott- Heronen kanturik mitikoenetakoa. Blue Note aretoa betikoa da, baina mundua eta musikaria ez. Bizirik dagoen gauza oro aldatzen da. Paradoxikoa da, ordea, 1974an egindako kantu batek 2010ean indar eta esannahi bera izatea. Gil-en berpizkunde mirakuluaren zaporea mikatza da: bere musika, orduan eta egun, orainaldia da. "Hainbeste denbora pasa da, zaharkituta nago, erdi gor (...) orain musika berria zaharra da eta movement-a ez da existitzen", dio Rowdy-Dowk ,Wu
Ming 1-ek freejazz eta panteren inguruan idatzitako New Thing ezinbesteko eleberrian (Acuarela, 2008). Horregatik itzuli da Scott-Heron I’m New Here lanarekin. Beste azal bat da. Harrikada mingarri bat spoken word eta poesiaz beteta, hip hop, erritmo minimalak eta loop elektronikoekin nahastuta. New York hirian grabatutako diskoa da, baina duela lau urte hasi zen prestatzen Rikers Island kartzelan. "Jendea kartzelatik ateratzen denean pozik egoten dela diote, baina ni ez. Ni gorrotoz beteta itzuli naiz" botatzen du Scott-heronek. Negua da, Amerikan gaude eta bera itzuli da. Ghettoko poeta berpiztu egin da.

www.gilscottheron.net