hurrengoa
nikola tesla    1915. urtean, Reuters agentziak iragarri zuen Fisika Nobel saria Thomas Edison eta Nikola Teslarentzat izango zela. Hori jakin bezain pronto, eta miseria gorrian egon arren, Teslak esan zuen ez zuela saria Edisonekin batera onartuko. Nobel sariaren arduradunek ez zioten ez batari ez besteari eman. Nikola Teslaren keinu hura, bi zientzialari hauek euren bizitzan zehar izandako harreman zatarraren beste pasadizo bat besterik ez zen izan. Nikola Tesla 1856an jaio zen, Similjan herrian, Austrohungariar inperioan (egun Kroazia). Haurra zenetik izan zuen matematikarako eta zientziarako gaitasun berezia. Aita erlijio gizona zen eta bide horretatik bideratu nahi izan zuen, baina Nikola gazteak nahiago zuen bere amarentzat etxeko lanak egiteko tresna mekanikoak asmatzea. Ingeniaritza mekanikoa eta elektrikoa ikasi zituen Austrian eta, ostean, fisika ikasketak egin zituen Txekoslobakian. Konpainia elektriko batean hasi zen lanean, baina 1884an, 28 urte zituela, New York-era abiatu zen, aurreztutako txanpon gutxi batzuekin eta bere nagusi batek Thomas Edisonentzat idatzitako gomendio eskutitz batekin: “Edison jauna: gure lanbidean bi gizon handi ezagutzen ditut. Lehena zu zara, bestea eskutitz hau erakutsi dizun gazte hau”. Garai hartan, Edison-ek ingeniari ugari zituen bere konpainian, nahiz eta bere izenean soilik sinatzen eta patentatzen zituen asmakizunak. Edisonek, beste batzuen artean New York hiria argitzen zuen argindar konpainiaren jabe zen, eta Tesla korronte jarraia sotuko zuten generadore berriak asmatzen jarri zuen. Teslak Edison-ek bere izenean patentatu zituen asmakizun ugari eta oso produktiboak lortu zituen. Teslak Edisoni lan horren truke agindu zizkion 50.000 dolarrak eskatu zizkionean, honek ezezkoa eman zion, agindutako hura "txantxa amerikar" bat zela esanaz. Are gehiago, astean 25 dolarreko soldata igoera eskatu zionean ere, Edisonek ezezkoa eman zion. Tesla, ordura arte miresten zuen gizonaren jokaerarekin minduta, Edisonen konpainia utzi egin zuen. Orduan, The Westinghouse Corporation agertu zen eta Teslari kontratu bat eta ikerketak egiteko laborategi bat eskaini zion. Teslak berehala egin zuen apustu korronte alternoaren alde. Urte gutxitan korronte alternoa garatu zuen, eta Edisonen korronte jarraia baino askoz hobea zela frogatu zuen. ¨Korronteen gerra¨ hasi zen bi konpainien artean. Teslak garatutakoa irabazi zuen, jakina, eta egun hari zor diogu gure etxeko entxufeetara iristen den argindarra.

Nikola Tesla, XX. mendeko asmatzaile eta jenio ezezagun eta ahaztuena dela esan genezake. Horren arrazoi nagusia Teslaren nortasun misteriotsuan ardazten da. Aditu argia eta aurreratua zen, baina izaera bitxikoa ere bai. Beti izan zituen arazo ekonomikoak ez ziolako diruari jaramonik egiten. Ez zen bere buruaren ¨salmentan¨ eta promozioan aritzen, garaiko beste asmatzaileek egiten zuten moduan. Berak egindako asmakizun batengatik, beste gizon bat, Marconi hain zuzen ere, Nobel saria jasotzen ikustera ere iritsi zen (1943an, Tesla hil eta urte batzuetara, AEBtako Gorte Garaiak onartu zuen Marconik irratifrekuentzia aparailuan Teslaren 17 patente erabili zituela). Tesla itzal eta misterio lainoaz estalitako pertsonaia izan zen beti. Haren talentu berezia eta etorkizuna asmatzeko gaitasuna liluragarriak eta aldi berean beldurgarriak ziren. Esperimentu berezi, estraino eta sekretuak gauzatu zituen eta bere garaian inork ulertzen ez zituen kontzeptuak garatu zituen. Urteak pasa ahala, erotzen joan zela diote. Haren konpetentziak berari buruzko zurrumurru ugari ere zabaldu zituen. Haren esperimentuetako askok ez zuten teoria zientifikorik oinarrian, eta ezkutuko zientzien jarraitzailea ere bazen Tesla. Eta ez da harritzekoa. Teslaren pentsamenduaren gaitasuna garaiko pentsamenduaren eta zientziaren aurretik zihoan eta beste eremu batzuetan bilatu behar izaten zituen erantzunak. Bilaketa horretan ehundaka asmakizun bideratu zituen, besteak beste, egun, errobotikan, elektrizitatean, X izpietan, arma garapenean, mekanikan, optikan, informatikan, astronomian, energia nuklearrean, meterologian, medikuntzan… eremu horietan erabiltzen diren hainbat tresnen ardatzean daude Teslaren ikerketak eta asmakizunak.