hurrengoa
tipo hau jainkoa da uxeta labrit   Roy Batty erreplikantearekin elkarrizketa labur bat: G- Batty jauna, fikzioan biologikoki sortutako gizaki gisa, zer esango zeniguke Craig Venter-ek sortu duen bizitzaz?

E- Mycoplasma mycoides JCVI-syn1.0az ari zara? Mycopasma laboratorium izenaz ezagutuko duzue denbora epe laburrean. Hau esklusiba gisa esaten dizut, kar kar kar. Zer irudituko zait ba? Primeran! Beste pauso bat da, ni eta nire modukoak fikziotik errealitatera ekartzera ahalbidetuko duen beste pauso bat.

G- Azalduko al zeniguke labur-labur zein den Craig Venter eta Dr Eldon Tyrell-en arteko ezberdintasuna?

E-Ez dago ezberdintasunik. Biek sortu dute "bizitza" laborategi batean. Artifizial hitzari esanahia aldatu diote. 3.500 urtetik hona, bazen bortxaezina zen lege bat: zelula bat beste zelula baten banaketatik soilik lor daiteke. Hori betirako aldatu da. Orain ordenagailu eta probetekin sor daiteke zelula bat. Eta zelula bat sor badaiteke, ez dugu gehiegi itxarongo lehen landarea sortzen duten arte, eta gero landare hortaz elikatzen den arra, eta gero arra tximeleta bihurtuko da. Golem mitoa errealitate bihurtu da.

G- Horrek "bizitza" kontzeptua bera aldatzen du?

E- Jakina.. eta arima kontzeptua ere bai. Zuen munduko bizitza orok zuen "mirari" osagaia desagertu da betirako. Arima kimika hutsa besterik ez da...

G- Baina etikoki...

E- Etikoki? Baina gizakiek ba al duzue etikarik? Tipo hau jainkoa da. Craig Venter-ek Alak, Cristok eta enparauek milaka urtetan frogatu ez dutena frogatu du. Eta Venter-ek ez du fedearen komodina erabili behar izan...

G- Etorkizunean orduan...

E- Etorkizuna? Zuentzat etorkizuna atzera zenbatze bat bihurtu da. Nik, zuek, jende arruntak ikusi ez dituen gauzak ikusi ditut. Orion planetan espaziountziak sutan ikusi ditut. Eta ikusi ditut C izpiak iluntasuna argitzen Tannhauserko atean. Une guzti horiek denboran galduko dira malkoak euritan bezala...

G- Ez duzu zeure esaldia amaitu

E- Esaldia aldatu egin delako... "hiltzeko garaia iritsi da" esaten nuen fikzioan, orain aldiz, errealitatean ... bizitzeko garaia da.