hurrengoa
libertatia    Madagaskarreko iparraldean bada lur sail bat non XVIII. mendearen hasieran arraza eta jatorri ezberdineko gizasemeek eskubide berdinak izan zituzten, non dirua guztien artean banatzen zen eta non frantsesa, ingelesa, nederlandera eta portugesaren nahasketaz sortutako hizkuntza bat mintzatzen zen. Libertatia izena zuen, eta honako hau da kolonia hura sortu zuen Misson kapitainaren istorioa. Misson kapitaina frantziako Provence eskualdean jaio zen. Historiagile bakoitzak izen ezberdina ematen dio (Bartolomé, Olivier edo James), eta alor horretan bat egiten ez badute, bada guztiek adosten duten zerbait: Misson kapitaina pirata izateaz gainera, beranduago gertatuko zen frantziar iraultzaren hazia jarri zuen gizonetako bat izan zen. Misson-ek zientzietan oinarritutako hezkuntza izan zuen, baina aitarengandik itsasoarekiko zaletasuna jaso zuen. Itsasoratzeko baimena eskatu zionean, aitak ez zuen aukerarik izan. Victoire guda-ontzian eman zuen izena. Napoles-eko portuan zeudela, Erromara abiatu zen eta bertan Caraccioli apaiz dominikoa ezagutu zuen. Misson, Caracciolli-ren teoria sozialisten inguruan interesa azaltzen hasi zen, eta apaiz dominikoak Misson-en itsas abenturak entzun ostean, eliza utzi eta Victoire guda-ontziaren tripulazioko kide bihurtu zen. Winchester guda-ontzi ingelesarekin borrokan, Victoire-ko kapitaina hil egin zen. Bataila hura, ordea, frantsesek irabazi zuten. Tripulazioak Misson aukeratu zuen kapitain, eta une horretan erabaki zuten aurrerantzean bandera beltza izanen zela barkuan ezarriko zuten itsas errepublikaren ikurra. Caracciolik berehala aldatu zuen banderaren kolorea eta “Libertas” idatzirik zuen bandera zuria eseki zuen.

Bandera bitxiko pirata bitxiak ziren. Ez zuten behar zutena baino gehiago lapurtzen eta ez zuten inor akabatzen. Holandatik eta Portugaletik esklabuz beteta zihoazen barkuetan, esklabuak askatu eta haien ̈jabeen ̈ jantziekin janzten zituzten. Askatutako esklabu ugarik Misson jarraitzea erabaki zuen. Hainbeste izatera iritsi ziren ezen elkarrekin nabigatzen zuten hiru barkuak ez ziren nahikoak hainbetse jende biltzeko. Madagaskarreko iparraldera hurbildu ziren eta Anjouan-en ezarri zuten euren bilgunea. Misson eta bere hainbat mariñelek Anjouan herriko emakumeekin ezkondu ziren, eta Libertatia izeneko kolonia utopikoa sortu zuten. Caracciolli-ren teorietan oinarritutako sozialismoa ezarri zen eta esperantoaren moduko hizkuntza bat sortu zuten pirata guztien jatorrizko hizkuntzetan oinarrituta. Misson eta Caraccioli-ren ametsak 25 urte iraun zituen. Irlako indigenek kolonia suntsitu zuten arte. Caraccioli bertan hil zen, eta Misson-ek itsasora egin zuen ihes, baina ekaitz batek bere barkua hondoratu zuen eta hainbeste maite zuen itsasoan desagertu zen.

Libertatia koloniaren berri nola dakigu orduan? Zergatik aipatu dugu hasieran eurek piztu zutela iraultza frantsesaren metxa? Bada, Libertatian bizi zen Tew izeneko marinel batek errepublika hartan idatzi ziren hainbat dokumentu eta eskuizkribu hartuta ihes egin zuelako, eta Frantziara iritsi zenean, Misson kapitainaren teoriek prentsan oihartzuna izan zutelako. Hainbat pentsalarik eredutzat hartu zuten Libertatia, eta beste mundu bat posible zela frogatzen zuen esperientzia hura errepikatzeko sukalde lanak egiten hasi ziren...