laburrak
hurrengoa

Getxophoto

Iritsi da, tolesturez gainezka aurten, Getxophoto. Bizkaiko kostaldeko hiria irudiz eta irudimenez janzten duen argazkilaritza jaialdi honetan, urtero lez era askotako egitasmoak eta erakusketak izango dira ikusgai. Aurten, eta ekimen horrek duen espiritu herrikoiari eta kaletarrari jarraiki, The baldek ¨argaznikiak¨ proiektua aurkezten du Getxophoton.

hurrengoa

Don Herberten Esku pausatua 1975-2010

Erakusketaren inagurazioan, komisarioak bohemio gisa definitu zuenean, Don Herbert-ek zera esan zuen: ¨Ni ez naiz bohemioa, burges frakasatua baizik¨. Esaldi horregatik soilik merezi zuen Koldo Mitxelena Kulturgunean eskaini zaion erakusketa. Baina badira beste dozenaka arrazoi. Hain zuzen ere, Herbet artista ugariren maisu izan delako Artelekun eman dituen serigrafia eta litografia ikastaroetan.

hurrengoa

the green hornet

Michel Gondry-ren film berria superheroien film bat da. Gondry-k aspaldian irabazi zuen zine independentearen txapeldun domina eta, egun, bere tokia egin du AEBko zinema industrian. Zuzendari frantsesak ez gaitu egun txundituta uzten, garai batean bezala, baina ile kizkurdunaren zale izaten jarraitzen dugu.

hurrengoa

viral blog

Publizitate munduan egiten diren kanpaina berritzaileak eta bereziak biltzen dituen webgunea. Publizitate agentziek gero eta gehiago baliatzen dituzte sareak eskaintzen dituen aukerak, gehien bat merkeak eta eraginkorrak direlako, eta agentzia buruek dirua gastatzen jarraitu dezaketelako euren 4x4 garestietan. Webgune honetan, iragarki biralen hainbat adibide jaso dituzte.

hurrengoa

Senioritas

Parte-hartze Urbano honek liluratuta utzi gaitu. Hain da sinplea, txikia eta eraginkorra. Egun osoa leihoan pegatuta inguruko jendeak zer egiten duen kuskuseatzen pasatzen duten Lisboako emakumeen leiho azpian jarritako karteltxo horiek irribarrea pizten diote edonori. Ekintza horrekin, CC Kolektiboak bultzatu nahi izan du udaletxeak segurtasun enpresen mesederako sortu duen kale bigilantzia kamara sarearen inguruko kritika eta hausnarketa.

hurrengoa

LVV

Literal Video Versions. Sarean sortu den ikusentzunezko genero berria. Musika bideoklip bat hartu, eta literalki irudietan gertatzen dena deskribatuz kantuaren moldaketa berria egitea. Sarean dozenaka topatu ditugu, horietako batzuk oso oso dibertigarriak.

hurrengoa

o campo

Joachim Schmid brasildarraren proiektu ederra. Google Earth tresna erabiliz, Brasilgo bazter guztietan sakabanaturik dauden futbol zelaien irudiak bildu ditu. Bi gauza ikasi ditugu lan honekin. Lehena, futbolera jolasteko ez direla zertan bete FIFAk ezartzen dituen neurriak eta erregelak. Bigarrena, O campo argazki liburua argitaratzeko ez dela argazki kamararik behar. Irudimena eta ordenagailua nahikoa dira.

hurrengoa

blu

Ez da kale artista eta filmegile honen lana aipatzen dugun lehendabiziko aldia. Baina ezin dugu aukera pasatzen utzi Blu-k lan berri bat kaleratzen duenean. Haren azken grafiti-filmak Big Bang Big Boom du izena, eta aho bete hortz utzi gaitu beste behin ere. Hitzak soberan daude... beste behin.

hurrengoa

Pasta liburua

Gastronomiaren munduan, beste guztietan bezalaxe, gero eta zailagoa da ergelkeria eta genialitatea bereiztea. Hainbeste proposamen, hainbeste kontzeptu, hainbeste berrikuntza, hainbeste iraultza... tripako mina ere jartzen zaigu uneoro komunikabideetan azaltzen diren sukaldari filosofoekin. Horregatik, modu izugarri ederrean diseinaturiko pasta liburu bat gomendatzen dizuegu. Ez da goi mailako gastronomia izango, baina pasta, merkea, osasuntsua eta aukera anitz eskaintzen dituen janaria da.

hurrengoa

gardening guerrilla

Behin baino gehiagotan aipatu ditugu lorategi gerrillen ekimenak. Gure bihotzaren tolesturaren batean, lorazain espiritua gordetzen dugulako ziurrenik (bulegoko landare gaixoak espiritu hori noiz aterako ote den zain badaude ere). Jatorri japoniarreko hazi bonben inguruko artikulua kaleratu genuen aspaldi. Orain, bertsio estatubatuarra dakarkigu. Hazi bonba makinak!

hurrengoa

video a la mexicana

Emetasunari buruzko irudikapen berriak izenpean, Montehermoson gauzatzen ari diren ekimenean, ¨Video a la mexicana. Sexuaz/-ez, maitasunaz eta umoreaz¨ izeneko erakusketa dago ikusgai irailaren 12ra arte. Maris Bustamante, Débora Carnevali, Monica Castillo, Eugenia Chellet, Paola Esquivel, Sarah Miner, Ale de la Puente eta Pola Weiss artisten proposamenek hiru ardatz dituzte: bideoartea, feminismoa eta Mexico. Koktelak zer zapore duen jakiteko... badakizu nora jo.