hurrengoa
don siegel: lehen urrats labur bezain luzeak. m.g.   Aurtengo Donostiako Zinemaldiak sail berezia eskaini dio Don Siegel (1912-1991) zinema zuzendari estatubatuarrari. Robert Aldrich, Richard Fleischer, Samuel Fuller, Sam Peckinpah, Richard Brooks eta Nicholas Ray-ekin batera, ¨bortxakeriaren belaunaldia ¨ osatu zuten zinegile hauek ez dute, orain arte, merezitako errekonozimendua jaso.

Don Siegel, garaiko zinemagile ia guztiak bezala, zine industriako kateko azken katebegitik hasi zen. Berehala erakutsi zuen, ordea, abilezia berezia zuela muntaia mahaian. Film askoren muntatzailea izan zen. Bere estilo zuzen eta azkarragatik ezaguna, filmei erritmoa emateko eta istorioak aurrera egiteko denbora elipsiak sortzeko zuen gaitasunagatik kontratatzen zuten askotan estudio handiek. Film horien artean Casablanca dago. Siegel-ek ordea, muntaia mahaitik zuzendaritzara salto egiteko arra zuen barruan. Baina estudioek ez zioten filmerik eskaintzen. Egoskor samarra izaki, azkenean, estudioek proposamen bat egin zioten: laburmetraia bat egiteko aukera. Baina, aurretik, enkarguzko beste film labur bat egiteko mandatua jaso zuen. Siegel-ek, Atxagaren pertsonaiak bezalaxe, bi film labur egin zituen oso denbora gutxian.

Hitler lives (1945)
Izenburu deigarri horrekin, eta 17 minututan zehar, Don Siegel-ek guda propaganda pelikula egin zuen AEBko gobernuarentzat. Bertan, guda amaitu berriaren arriskuak erakusten zituen. Alemaniarrek gizaki gaizto eta krudelak izaten jarraitzen zutela gogorarazten zuen, eta, 2. Mundu Gerrak utzitako irudi bortitzak erabiliz, germaniar bakoitzak bere baitan Hitler txiki bat zeramala ematen zuen aditzera dokumentalak. Bere muntatzaile iaiotasunari esker, emaitza ikusgarria lortu zuen artxiboko irudiekin soilik eginiko enkarguzko film labur honetan.

A Star in the Night (1945)
Fikziozko film labur honetan, basamortu erdian dagoen izar argi bati jarraiki motel batera iristen diren pertsonaia batzuen istorioak kontatzen zaizkigu. Istorio koral honetan, muntaiak ez du ia garrantzirik. Pertsonaien elkarrizketek eta gora-beherek daramate filmaren pisu guztia. Laburmetraia road-movien eta eguberritako filmen genero arteko nahasketa da. Siegel-ek istorioaren muinara joateko abilezia erakutsi zuen hasiera hasieratik. Film askotan haren aktore fetitxea izan den Clint Eastwood-ek honela esan du: ¨Don-ekin ikasi nuen filmatu beharrekoa zuzenean filmatzen, tontakerietan galdu gabe, ikusi beharrekoa garaiz ikusten eta filmatzen. Erraza dirudi, baina oso jende gutxik daki hori egiten¨.

Eta Eastwood-en hitzak ez dira lagun bati botatzen zaizkion loreak. 1946an, orain arte inork lortu ez duena lortu zuelako Siegel-ek. Bere bi film laburrek Oscar sari bana irabazi zutelako: Hitler lives dokumental sailean, A Star in the Night fikziozkoan.

Aurrerantzean, Siegel-ek zine zuzendari ibilbideari ekin zion. Denetarik egin du: B saileko filmak (Invasion of the Body Snatchers mitikoa, adibidez, eta, beste tonu batean, Elvis Presley-ren Flaming Star), 60-70eko hamarkadetan egin zuen filme noir edo poliziako berria (Harry saila Eastwood-ekin)… Baina, hori guztia deskubritzeko, aukera ezin hobea duzue Donostiako Zinemaldian. Guk Siegel-ek aspaldian eman zituen lehen bi urrats labur bezain garrantzitsuei erreparatu diegu.