paperpapers
hurrengoa

max-o-matic: illustration and other dirty habits.

max-o-matic

Hasteko, txalotu egiten dugu zuri beltzaren aldeko apustua eta fotokopia kutsua. Ilustrazioa eta burutazio grafikoak lantzen dituen bilduma batean fanzine espiritua ikusten dugun bakoitzean, guztia galduta ez dagoela sinisten dugu. The baldeko orrietan hau esatea kontraesana irudituko zaio baten bati, baina, estetikaz gain, edukiaz eta espirituaz ari gara hizketan. Eta liburu hau gertu sentitzen dugu, max-o-matic-ek askatasunetik egin duelako, eta estetika soilaren erosotasunean erori ez delako. 2003tik 2009ra eginiko lan batzuen bilduma honek merezi du.

hurrengoa

George Sprot

seth

Lehenik eta behin liburu honen edizio zaindua eta berezia azpimarratu nahi genuke. Formatu lauki eta erraldoia, tinta gutxi baina berezien (metalizatua) erabilera minimala eta pisudun papera. Lantzean behin, editoreek burua galdu dutela eta gutiziak ateratzeko gaitasuna galdu ez dutela ikustea pozgarria zaigu. Denboran salto egiten duten hainbat atalen bidez, istorio liluragarria eskaintzen digu Seth kanadiarrak. George Sprot telebista aurkezlearen biografia kontatzen digu; fikziozko pertsonaia, guztiz erreala badirudi ere.

hurrengoa

Despertad!

Jehova testiguak

Larunbata. Bidart-eko hondartza. Zerua urdin, eguzkia sutan. Autoa aparkatu, eta emakume batek, ezer esan gabe, Despertad! aldizkaria luzatzen dit. Gazteleraz! Edukiak: arriskua! adin txikikoak interneten, bisonte europearra, behien esofagoa, Puerto Rico, Rett sindromea, nolakoa da Jaungoikoa?, seme-alaba gazteei etxeratzeko ordutegia jartzearen abantailak, test biblikoa... Jehovako Testigoen aldizkari bizarro hau ikusirik, ulertzen hasiak gara Michael Jackson-ek zuen porrusalda mentala.

hurrengoa

De rerum natura 3

Zaldi eroa

Kalean da Zaldi eroak berria egunkarian kaleratzen dituen tiren 3. bilduma. Ez da gutxi euskal komikiaren mundu txikian. Arrakasta ikusita, gainera, gehiago etorriko direla susmatzen dugu. Ohiko pertsonaiez gain –Xaxa, euskal Michael Moore, Braveheart, the Organization, euskal taliban jatorra, azken antxoa, Mieltxo…–, Eusko Jaurlaritzan gertatu den aldaketa dela eta, pertsonaia berriak gehitu zaizkio, Napoleon Lopez buru. Azken urtean gertatu dena laburtzen duen hemeroteka argi eta zorrotzena da De rerum natura 3.