• 1
  • 2
hurrengoa
the sparteens    Garai batetan ez zen besterik entzuten. Irrati zerrendetako erregeak izateaz gain ez zen dantzaldi edo guatekerik The Sparteens-en musikarik gabe. Ez zen aldizkaririk argitaratzen euren irudirik gabe. Belaunaldi oso batek euren izena jarri zien seme-alabei. Ondoren isiltasuna eta garai ilunak etorri ziren, baina Maribel eta Douglas, Douglas eta Maribel itzuli dira. The baldek, esklusiban, eurekin hitz egiteko aukera izan du.
Ibilbide eta komeria asko igarotakoak zarete... hainbeste urteren ostean zergatik elkartu eta itzuli zarete eskenatokietara? Beste musikari handien kasuan bezalaxe... motibo ekonomikoak al dira zeuenak?

Askotan egin digute galdera bera, eta beti erantzun berdina ematen dugu eta horretan zalantzarik ez dugu nahi: gure ZA-LE-EN-TZAT soilik egiten dugu. Urteak dira gure zaleen eskutitzak jasotzen ditugula. Askok itzultzeko eskatzen digute. Orain arte ez zitzaigun inoiz burutik pasa, batez ere Franco garaiko Espainiar justiziarekin izandako arazoengatik Frantzia aldera jo genuenetik. Bizimodu normala eta xumea generaman geroztik gure Miarritzeko txaletean. Eta egun batez, bertako talasoterapian nintzela eta, nire aspaldiko lagun eta gure apoderatua zenarekin topo egin nuen, Rémy Rivers. Hor hasi ginen "batallitak" kontatzen eta garai hartako kontuak berpiztearen ideia...

Zergatik utzi zenuten ordea? Isiltasun tarte honetan, nolakoa izan da zuen bizitza? Banandurik egon zarete edo izan al duzue zuen artean harremanik? Badakizue zuen betiko zaleek, Douglas eta Maribelen arteko harreman hori beti izan dutela zerbait misteriotsua bezala...

Musikari buruz hitz egitera etorri naiz! Argi eta garbi gera dadila behingoz: Maribel eta nire artean ez dago ezer. Lagun onak gara besterik ez. Gaur egungo prentsakoak ez dituzue gure garaiko medioen manerak. Oroit arazten dizut, momentu honetan, Entzun aldizkaria epaiketa batean sartu dugula horrekiko! Espero dut euren bidea jarraitu nahi ez izatea... Zer egingo zenukete zuek eta zuen gisako aldizkariak, gure moduko jende ospetsuon txutxumutxurik gabe? Benetan lanean hasi beharko zinateke! (mesedez, ez publikatu azkeneko hau, grabagailua moztu duzu ezta?)

Bai bai, lasai... moztuko dut... jarrai dezagun ba alderdi musikaletik... Zuen guateke musika ye-ye honek, zuen twist dantza alaiek, ba al dute lekurik gaur egungo musika panoraman?

Nik gauzak kontrako abiapuntutik ikusten ditut: Zer berri egiten da orain? Azken finean kantuak berdinak dira, baina soinua aldatu da. Musika konposaketaren aldetik ez da ezer berririk asmatu. Gelditzen den gauza bakarra da soinua gehiago konprimitzea ahalik eta ozenago entzuteko. Baina norainoko bolumenera helduko nahi dugu? Gorrez osaturiko gazteria sortzen ari dira...

Ez gaude ziur baina zuen kantuak ezagunak egiten zaizkigu... Esango al diguzue zerbait honen inguruan?

Ikusten? Zer esaten nizun ba? Azken finean gaur egun ez da ezer berririk asmatu! Era zikliko batez beste garaiko musika birmoldatu baino ez da egiten orain. Ordenadoreekin 5 minututan abesti prefabrikatu bat egiten da orain... baina non gelditzen da originaltasuna? Guretzat, gaur egungo musika oso monotonoa da... abesti guztiak antzekoak dira euren artean... boumboumpsitpsit krak! Hori bai zarata! Eta beti ozenago! Pffff...

Garaiak aldatu dira arlo guztietan (nahiz eta Douglas eta Maribelen jantzi eta orrazkeretan ez nabaritu)... Zer moduz moldatzen zarete teknologia berriekin?

Gu horrelakoekin ez gara sartzen. Soilik eskutitzak internetetik bidaltzeko eta filmak jaisteko erabiltzen dugu ordenagailua. Ez dakizkit Ricky Rock, gure ekoizle artistikoak erabiltzen dituen makinen izenak; tarteka ordenagailuak eta halakoak ikusten ditugu baina bere esku usten dugu dena.

Gure irakurleak agurtzeko zerbait gehiago esan nahiko zenukete?

Noski. Irakurle maitagarriak, eta batez ere gazteak: maitasuna eta bakea opa dizuegu, ez da ederra gaur egun bizi duzuen garaia. Batez ere gazteentzako oso zaila bilakatzen ari da aurrera egitea. Animo! jainkoaren bedeinkapenarekin posiblea da!... Itzali duzu grabagailua?

Bai.

Egia esan ez dute fundamenturik... ezta? Panoliak dira gaur egungo gazteak: gurasoen etxean 30 urte arte. No me jodas! Zelako parasitoak!... Beno, managerrarekin uzten zaitut... esklusibaren diruaren kontuaz hitz egiteko... zita daukat segituan Telenorte-rekin eta berandu nabil... chao!