hurrengoa
elkarte sekretua    Irratiformulen galaxia klonikoetatik urrun, jakin minez beteriko musikazale fidelez osatutako elkarte sekretu ugari dago. Horietako bat ekarri dugu thebaldera. Sad boys dance when no ones watching izan zen lehendabiziko diskoa. Kritika izugarri onak jaso zituen. Iaz, urtea amaitu aurretik bigarren lana, "I am becoming what I hate the most" kaleratu zuen, berriro Acuarela diskoetxe madrildarrarekin, Pepo da lowfi kutsua eta nortasun handia duen proiektu honen bihotza eta harekin izan gara hizketan. Ezkutuan dantza egitea gustatzen zaizula dakigu eta orain gorroto duzun guzti horretan bihurtzen ari zarela esaten diguzu... Heldutasun garaia heldu zaizu?

Ez dut uste heldutasunarekin zerikusirik duenik. Izenburua lehendabiziko diskoa kaleratu aurretik buruan dudan esaldi bat eta azken hiru urteotako nire ibilbidearen autokritika bat da. Gustatzen zait kantu eta diskoen izenburuek nortasun propioa izatea.

Bigarren lan honek aurrekoaren hainbat osagai mantentzen ditu baina zuzenagoa, biluziagoa, lehorragoa iruditu zaigu. Lagunduko al diguzu ezberdintasun hori azaltzen?

Aldea nabarmena da: hemen 3 pertsonako talde bat dago. Aurrekoan ni bakarrik. Alde itzela da hori. Gustatu zait horrela grabatzea. Diskoen grabaketa desmitifikatu beharra dago. Urte osoa grabatzen pasatzen duen jendea ezagutzen dut. Nik ezingo nuke. Pentsatze hutsak takikardiak sortzen dizkit. Disko hau 4 sesioetan grabatu zen eta beste bitan nahastu. Badakit nolako soinua nahi dudan eta egia esan ez da hainbesterako. Eta lehendabiziko diskoarekin dagoen beste diferentzia bat, disko hau askoz hobea dela da. Ez da inspiratuagoa egon naizelako baizik eta azken 3 urte hauetan hobetzen lagundu didaten gauza praktiko asko ikasi ditudalako.

Geldialdiak, pausak, erritmo aldaketak, intentsitate gora-beherak... prestatua eramaten duzu grabaketara edo han gertatzen da?

Nire lagun batek dio (eta asko gustatzen zait) nire kantuetan beti gauzak gertatzen direla, istripu ugari dagoela kantu bakoitzean. Atsegin dut horrela ikustea. Ateratzen zaidana egiten dut eta ez zaio buelta gehiago eman behar.

10 kantu 35 minututan. Lehen egiten ziren rokanrol diskoen modukoa, lastorik gabe... kantua asko geratu dira kanpoan edo sorta bat duzun bakoitzean grabatzen duzu?

Ez dut inoiz kantu bat bazterrean uzten. Ez zaizkidanak guztiz gustatzen ez ditut amaitzen. Ez naiz hain oparoa kantuak baztertzen ibiltzeko. Horiek ziren nituenak eta horiek grabatu nituen. Eta diskoa horrela atera zen, unea orain zela iruditu zitzaidalako. Noiz den unea? Niretzat kantuak zuzenean jo eta jorratu ostean grabatu behar dira. Inoiz ez aurretik.

Hitz nahiko ilunak, malenkoniatsuak, ironikoak, itxaropen gutxikoak batzuetan kementsuak beste batzuetan, erdia gazteleraz beste erdia ingelesez... nola sortzen dituzu hitzak?

Egia esan ezin dut esan nola sortzen diren. Baina esan dezaket errazkeriatik ihes egiten saiatzen naizela. Kantu bat amaitzea asko kostatzen zait eta horregatik gertukoa eta normala den hizkuntza batekin osatu nahi izaten dut. Hitzegiten dudan moduan kantatu nahi dut. Ez da gertutasuna "kolega" baten moduan, baizik eta zintzoa izan nahi dut idazten dudanean. Ongi ikastea epe luzeko kontua dela susmatzen dut. Eta ni abiapuntuan besterik ez nago. Asko gustatzen zait idaztea eta nahiko nuke, laburrak badira ere, nire hitzetan idazketarenganako zaletasun hori nabaritzea.