hurrengoa
Bansky (gaizki)ulertzen / maskararen atzeko bansky    Azken urteotan kale-arteak eman duen egilerik ezagunenak egin duen filma ikusteko aukera izan dugu Donostiako Zinemaldian. Filmaz baino, filmak utzitako hondarraz hausnartu nahi dugu. Bansky ez da inor molestatu gabe guztion miresmena lortu nahi duen artista horietakoa. Ondorioz, jarraitzaile eta etsai sutsuak ditu. Exit through the gift shop filmari esker, artista honen jarduera eta izaera apur bat gehiago ezagutzeko aukera izan dugu... edo ez.
Los Angelesen bizi den Thierry Guetta frantsesak piztu zuen metxa. Guettak (guk dakigula, DJ famatuarekin duen zerikusi bakarra, biek poltsikoa bete diru dutela da) bideo kamara bat oparitu zion bere buruari, eta, une horretatik aurrera, bere mutur aurrean jartzen zen oro filmatzen hasi zen, zentzu eta asmo zehatzik gabe. Kale-artearekin topo egin zuen arte. Eta beste zereginik ez duenaren gogoaz ekin zion AEBetako grafiti-egile garrantzitsuenen lanak filmatzeari. Grafitietan eta hainbat kale-arte jardueratan dabiltzan artistekin bildu zen, eta haiekin elkarrizketatzea lortu zuen (Obey/Shepard Fairey, Space Invader...), batekin izan ezik: Bansky.
Guetta, egoskorra gizona (beste zereginik ez duela esan dugu), lortzen du, azkenean, Bansky-rekin biltzea. Makina bat ordu grabatzen dituzte, baina Bansky jabetzen da atraktibo handiagoa duela film batean Guettaren bizitza kontatzeak berea baino. Orduan, narrazioari buelta osoa eman eta Bansky bihurtzen da zuzendari eta Guetta filmaren protagonista. Aipatu dugun hori guztia filmaren promozioan eta komunikabide espezializatuetan azaldutakoa da. Ez dakigu noraino den egia eta noraino gezurra. Agentea duen artista kaletar honek promoziorako duen gaitasunaren beste adibide bat izan daitekeelako. Ez dakigu zer den egia eta zer ez… Hori da, ziurrenik, film honen atraktiborik handiena. Ironia finaz, inteligentziaz eta umore beltzez, artearen munduaren ikuspegi berri eta ausart bat eskaintzen digu Exit through the gift shop filmak.
Filmaren inguruan bi elkarrizketa besterik ez ditu eman, betiere bere agentearen bitartekaritzaz, eta, hain zuzen, ere promozio eza hori izan da promozio kanpainarik arrakastatsuena. Onartu behar da, bestalde, estreinatu aurretik Sundance, Berlin, Sydney eta Donostiako jaialdien modukoetan izan duen harrera ere. Bansky zaleak ez direnek ere filmak merezi duela onartzen dute. Entretenigarria eta originala da oso. Erantzunik gabeko galdera ugari eta fikzioa eta ez fikzioaren arteko tira-bira nabaria sumatzen da filman, eta horrek egiten du interesgarri hein handi batean. Ez da film itxi bat. Aipatu bezala, ez dakigu pertsonaiak zein punturaino diren benetazkoak eta zein punturaino ari diren paper bat antzezten. Bansky-k ez du oreka zail horretan dagoen balantza inongo aldetara eraman nahi izan, eta zalantza guztiak azken muturreraino eraman ditu.

Spoiler
Bansky-ren misterioan murgildurik jarraitu nahi duzuenok pasatxanda egin eta ez ezazue hurrengo orrialdea begiratu.

Robin Gunningham. Hori omen da Bansky izenordearen atzean ezkutatzen den Bristolgo gizaseme honen benetazko izena. Bere agenteak ez du ezer esan nahi izan informazio horren inguruan, baina, dirudienez, argazkian azaltzen den tipo hau da, besteak beste, Disneylandian Guantanamoko torturak irudikatzen duen tamaina naturaleko eskultura jarri zuena, edo Bristol-ko museoan, agintarien aurrean 100 artelan propio zintzilikatu zituena, edo israeldarrek eraikitzen ari diren murua margotu zuena… Makina bat dira Bansky-k irudimenaren eta salaketaren diskurtsoaz margotu eta eraldatu dituen espazioak. Aipatu bezala, badu etsairik ere kale-artearen ikono honek.¨Saldu naizela eta komertzialtasunean erori naizela diote askok. Arrazoi dute, nire lanaz bizi naiz eta ez dut ezer itsusia ikusten horretan. Ez dut lo hartzeko arazorik. Ongi egiten dut lo, alkoholikoa naiz eta.¨ Kendu diogu mozorroa Bansky-ri. Hala ere, zalantza bat dugu. Robin Gunningham da Bansky, edo Banskyk berak sinistarazi nahi digu hori. Batera edo bestera, beti dugu Bansky-ren tranpan erori izan garelako sentsazioa.