• 1
  • 2
hurrengoa
julio falaganen artea    Nor da Julio Falagan eta zertan ematen du bere denbora librea?

Lurra planetako gizaki bat naiz eta paketsu nator. Nire denbora librea lanean ematen dut, baina ez guztiz, tarteka...

Jarduera ezberdinak, ikonografia nahasketak, teknika mizturak, kollagea, esaldiak, hitzak... eta, aldi berean, koherentzia handiko obra eraiki duzu. Azaldu iezaguzu nola egiten duzun lan... Nola hasten da dena?

Nahasketa hori zerbait eraikitzeko asmoz hasten da, askatasun dosi handi batekin eta detonagailu batekin (lan egiteko materiala).

¿Ongi egiten duzu lo? ¿Tratamenduan zaude? ¿ Botikak hartzen dituzu?... ¿ Nola otutzen zaizkizu ¨El interruptor cura¨, ¨22 culos y 3 prepucios¨, ¨The terrible heartpunching machine¨ bezalako lanak?

Tarteka nire burua medikatzeko ohitura dut, baina nire minak zeintzuk diren ez dakidanez, ziurrenik bide okerretik nabil eta, beno, nire obra guzti horren emaitza da. Nire lanen ondorioak jasan dituzten guztiei barkamena eskatzeko probesten dut aukera hau.

Nola sortu zenuen ¨Empresas Falagan¨ enpresa holding hori?

Madrilera, Lavapies auzora, bizitzera etorri nintzenean sortu zen. Denda itxien errotulu zahar ugariek nire arreta piztu zuten. Garai bateko aberastasun guzti hori hondakin bihurtuta ikusteak tristezia eman zidan. Ideia hori urteetan izan nuen buruan, baina azken aldiko lan eta ekonomia prekarietateak piztu zuen metxa, eta ¨pyme¨ hori montatu nuen. Frakasoaren inperio bat. Eta frakasoa itzela izan zen. Egun holding-aren zuzendaria izaten jarraitzen dut.

Objektuen berrerabiltzea, obren birziklatzea... ¨zaborring¨ egitea gustatzen zaizula susmatzen dugu...

Diogenes naizela diozu? Joder bai, biltzaile bat naiz. Baina sahiestezina da, kalean nagoenean hainbeste gauzek ¨lagundu!¨ xurxulatzen didate, eta, azkenean, Frankestein Doktorearen gazteluaren moduan egoten naiz nire tailerrean gauzak nahastuz bizitza berri bat emateko.

Koherentzia eta baterakotasuna ematen dioten lehen aipatutako ezaugarriez gain, zure obran ironiak eta umoreak garrantzi berebizikoa dute. Zergatik izaten da hain serioa eta ¨traszendentala¨ artearen mundua? Zergatik baztertzen da umorea?

Hori da, hain zuzen ere, topatu dudan arazorik handienetakoa. Nire ideiak erakusteko orduan, jolasaren eta umorearen bidez erakutsi nahi ditudanean, zaila suertatzen da batzuek ez dutelako serio hartzen. Formala eta serioa izatea askoz errazagoa da, horregatik ez dago umore gehiegi artearen munduan. Niretzat, kontzeptuak toki sakonetan sartzeko lubrifikatzaile bat da umorea. Zure buruaz barre egiteko balio duten egiak dira, nahiz eta askotan graziarik ez izan.

Zure lanak erakusteko modua ere berezia iruditu zaigu. Erakusketaren kontzeptua ere aldatzen ari al da?

Nik ez dut nire burua batere berezia ikusten, eta ez dago nire helburuen artean originala izatea. Nik pertsonala esango nuke. Saiatzen naiz nire buruari mugarik ez jartzen mezuak kanporatzen ditudanean, eta ahalik eta pertsonalen eta egiazkoen izaten saiatzen naiz. Eta erakusketaren kontzeptu aldaketaren inguruan ez dut gehiegi hausnartu. Uste dut gauzak prestatzen dituzunean ez direla espero zenuen moduan ateratzen. Eraldaketa eta garapena bizitzarekin bat datorren zerbait da. Lan egiten baduzu, lan horretan eraldaketak ematen dira modu logiko batean.