hurrengoa
skateistan    Herrialde bat osatzean, bada ideologiak, geografiak eta historiak baino indar gehiago duen zerbait: zaletasuna. Zergatik ez? Gehienetan gertuago sentitzen gara gure zaletasunak eta aisialdia partekatzen duen jendearekin gure ingurune materialean jaiotako askorekin baino. Pasaporte eta hizkuntza bera duen jendearekin baino, gustorago egon gintezke ulertezina zaigun hizkuntza batean mintzatzen zaigun beste arraza bateko norbaitekin. Horren adibide bat skatea da. Skatea nazio bat bada, ondoren, herrialde horretako probintzia berezi batetaz hitzegingo dugu: Skateistan.
Skateistan, geografikoki, Afghanistanen dago kokatuta. Astero 320 haur inguru biltzen da han patinetean labaintzera eta hezkuntza orokorreko klaseak jasotzera. Horietako askorentzat eskola bakarra izaten da hura, euren etxean laguntzeko Kabulgo kaleetan lan egiten duten neska-mutilak direlako oro har.

Oliver Percovich eta Sharna Nolan skate zale australiarrek sortu zuten Skateistan 2007an. Kaleetan barna patinetean barneratu zirenean, ohartu ziren hango haurrei erakargarri suertatzen zitzaizkiela lau gurpildun tramankuluak. Eta berehala hasi ziren skate eskolak ematen. Epe laburrean, Afghastistan-go komite olinpikoak utzitako eraikin batean, skate park bat eraiki zuten, eta haur askoren bilgune bihurtu zen. Skatearen erakargarritasuna baliatu behar zutela sentitu zuten, eta, skate lezioekin batera, neska-mutilentzat eskolak emateko proiektua garatu zuten. Egun, 20 irakasle afgastinarrek eta dozena erdi irakasle atzerritarrek egiten dute lan Skateistan-en. Skateistan proiektua izenburu bera duen film batean jaso berri da (www.skateistanthemovie.com). Filmak erakusten du lau gurpilen gainean kaleetan gora eta behera labaintzea munduko gauzarik sinplena izanik, aldi berean, konplexuena ere izan daitekeela; ez dute ezkutatzen gisa horretako proiektu batek asko duela utopiatik. Kalean txikleak saltzen diharduen filmeko protagonistetako batek, 12 urteko Fazilla izeneko neskak, argi azaltzen du: “Nire aitari ez zaio gustatzen. Eta kaletik labaintzen naizenean, jendearen aurpegietan nabari dut. Ez dute atsegin eta patinatzeko eskubiderik ez dudala uste dute. Berdin zait zer pentsatzen duten¨.
Utopia ez da helburu bat, bide bat baizik.


http://skateistan.org/