• 1
  • 2
hurrengoa
wolf erlbruch   

Baziren egunak ahatak zerbait estrainoa nabaritzen zuela.
- Nor zara? Zergatik jarraitzen nauzu hain gertutik eta apenas soinurik egin gabe?
- Pozten naiz azkenean ni hemen nagoela jabetu izanaz. Heriotza naiz.
Ahata beldurtu egin zen. Edonork egingo lukeen moduan.
- Eta nire bila etorri zara?
- Zure inguruan ibili naiz jaio zinenetik… badaezpada ere.



Wolf Erlbruch ilustratzaile eta ipuingilearen Ente, Tod und Tulpe (Ahatea, heriotza eta tulipana; Duck, death and the tulip) liburuaren hasera horrek ongi erakusten du egile alemaniar honen unibertso berezia. Hitz, marrazki eta orrialde gutxitan, bizitzaren eta heriotzaren gaiaren inguruan liburu eder bezain sakona egiteko gaitasuna du Erlbruch-ek. Wolf Erlbruch Wuppertalen jaio zen 1949an. Esquire eta Stern aldizkarietan egin zuen lan ilustratzaile gisa 1985ean, eta, ohiko ibilbidearen kontra, haurrentzako ipuin bat egiteko enkargua onartu zuen arte. Orduz geroztik, ipuingintza izan du lehentasuna. Bere lanetan, hainbat marrazki teknika erabiltzen ditu; liburuen ilustrazioan maisu bat dela esan genezake, beldurrik gabe. Ez dugu baieztapen hori egiten bere ibilbide profesional oparoan sari ugari jaso duelako, edo eta jaioterriko unibertsitatean ilustrazio irakaslea delako soilik. Egun, Europa mailan, ilustratzaile kopiatuenetakoa delako esaten dugu, eta ez dago hori baino ¨kotoiaren froga¨ hobeagorik .

Gau batean, lehendabiziko aldiz ahatak hotza sentitu zuen.
- Hotza dut... berotuko al nauzu apur bat, mesedez?


Wolf Erlbruchen estiloaren ezaugarrietako bat, helduen edukiak haur liburuetan islatzea da. Eta horien artean, heriotzak protagonismo berezia izaten du. Heriotzaren gaia hainbat ikuspuntutatik jorratzen du, eta aipatutako Ahata, heriotza eta tulipanaz gain, Ein Himmel fur den kleinen baren (Zeru bat hartza txikiarentzat), edo Ratten, (Arratoiak) bildumetan ere protagonista da heriotza. Azken hori, ziurrenik, bere libururik erradikal, gordin eta ederrenetakoa da. Gottfried Benn poetaren olerki batean dago oinarrituta: hilik dagoen neska baten gorputzaren barruan jaiotzen eta hazten diren arratoien istorio tragikoa kontatzen du, zabortegi batetik berreskuratutako koaderno zahar eta zikin batean marraztua, trazo urduri eta azkarrez. Istorio bakoitzarentzat marrazkera berezi bat proposatzen du beti Erlbruch-ek. Ez du pertsonala edo bereizgarria den estilo bat sortzeko asmorik. Teknika ezberdin guzti horiek (koloretan, zuribeltzean, kollagea, akuarela…) arrazoi baten menpe daude beti. Hain zuzen ere, ilustrazioaren eta kontakizunaren arteko koherentzia hori da Wolf Erlbruch estiloaren adierazgarri nagusia. Hori, eta lehen aipatutako gaien aukeraketa eta tratamendua. Ez da metafora merkeetan edo ñoñokerietan ezkutatzen bere testuetan. Bere kontakizunetan ez dago lastorik, baina horrek ez du esan nahi estetikari eta edertasunari muzin egiten dionik; Wolf Erlbruch-en marrazkiak eta hitzak ederrak direlako, oso ederrak, hain zuzen ere ez dutelako edertasuna helburu, baizik eta arrazoi eta emozio sakonagoen osagarri izaten delako.

Ibaian utzi, lumak atondu eta bultzadatxo bat eman zion.
Heriotza denbora luzez geratu zen ahatari begira. Desagertu zenean apur bat triste sentitu zen, baina horrelakoa da bizitza.