hurrengoa
split 77 egunsentia noiz helduko zain Myriam Gartzia   Esana duzu Split 77rentzat euskal kulturaren erreferentzietatik ihes egitea dela zuen indar mugiarazleetako bat. Euskal musikagintzaren merkatua txikia da, hartatik lerrotik aldentzen bazara...

Aritz Aranburu,(ahotsa eta gitarra): Inguruan dauzkagun erreferentzietatik aldentzen gara, taldearentzat osasungarria delakoan. Guretzat garrantzitsua da inguruan dauzkagun gauzak ez errepikatzea. Musikaren munduan dena dago asmatuta, jendeak ez ditu gauza berriak egiten, gu saiatzen gara gure hizkuntza propioa bilatzen. Horretarako, inguruan dituzun erreferentzietatik aldendu behar duzu, are gehiago euskarazko musika egiten baduzu, gauza berriak egitea, euskal musikarentzat ere, onuragarria delakoan. Guri askotan esan digute kanpoko musika egiten dugula, uste dut ez dela guztiz egia, musikak ez baitauka mugarik, are gehiago, kanpoko mugimendu horiek barneratzen edo zureganatzen badituzu. Hor daude hainbat talde euskaldun heavy-a egiten dutenak, adibidez. Hori ez da txarra, kanpoko mugimendu horiei bide berriak irekitzen badizkiezu, behintzat.

Esperimentaziorako duzuen joera nabarmena da.

Izan daiteke. Hala ere, gure kasuan, ez da gauza kontziente bat. Lokalean ditugun baliabideak erabiliz sortzen dugu, eta printzipioz zerbait konplexua ematen badu ere, nahiko gauza sinplea eta intuitiboa da. Horregatik jarri diogu izen homonimoa diskoari (Split 77, Noizpop, 2010), sentitu genuelako gure diskurtsoa, gure hatsa, hor zegoela.

Disko berrian badira abesti egokiak, zuen ohiko publikoari begira, eta beste batzuk pertsonalagoak.

Badira, alde batetik, hobeto funtzionatzen duten kantak, eta, bestetik, egin nahi dugunetik gertuago daudenak. Azken finean, guk ez daukagu ezer galtzerik, inoiz ez dugu izan. Are gehiago, musika industria egun dagoen bezala, uste dut errazagoa eta interesgarriagoa dela zenbait lotura haustea eta apustu pertsonalagoak egitea. Oraingo hau, musika taldeek euren etorkizunaren alde egiteko unea da, diskoetxe eta industria ereduetatik aldentzeko, eredu horrek gutxiarazten baitu musika taldeen lana. Lotura horiek hautsita, taldeak egindako inbertsioa % 100ean itzultzeko aukera dago, eta, bestetik, taldeak nahi duen bidea jorra dezake. Esfortzua, lana eta erabilitako denbora eta egindako inbertsioa taldera itzultzeko modu bakarra da; diskoetxeen esku egongo balitz, ez litzateke horrela izango.

Eta nola eragin diote zuen musikari erreprodukzio modu berriek?

Internetek on egin dio musikaren hedapenari, oso bide interesantea da alde horretatik. Gero, ez badituzu 200 disko saltzen saretik jaitsi dituztelako… Galera ez da hain handia. Nik uste, euskal musikari ororentzat, euren musikaren zabalkundeari dagokionez, onuragarria dela. Ez dakit ba ote dagoen Euskal Herrian musikaririk onuragarria suertatuko ez zaionik... agian Kepa Junkera. Hala ere, guk esfortzu hori eskatzen dugu, ez dakit gutxi ala gehiago, baina gure lanak badu baliorik.

Ingelesez dituzue pare bat abesti, horra hor afera, ingelesa erabiltzearena...

Iskanderrek abesten ditu, erosoago sentitzen delako nik uste. Nik argi daukat euskaraz abestu nahi dudala, hori baita nire hizkuntza, baina horren atzean ez dago bestelako irakurketarik.

Ez dut uste rocka eta elektronika nahasten duen taldea zaretela esateak erabat definitzen zaituztenik.

Zuzenekoetan argi ikusten da gure kutsu rockero hori, rockaren energia eta magia hori gustuko dugulako. Baina, badago beste alde bat, batez ere abestiak sortzeko orduan. Hori da gure benetako hizkuntza, sekuentziak eta samplerrak erabiltzea, baina zuzenekoetan nabariagoa den kutsu rockeroa, espiritu hori barneratzea ere bai. Nahiko enkorsetaturik egon beharko luke tresneria eletronikoagatik, rockaren energia edo magia izatea ere, gu ere hizkuntza horretan eroso sentitzen garelako.