• 1
  • 2
hurrengoa
idazlea zuzendari    Iragan mendeko ikus-entzunezkoen berrikuntza nagusiak bideoklip eta film laburren eskutik iritsi ziren. Teknologia digitalak ate berriak ireki, eta ikus-entzunezkoen alor guztiak aztoratu zituen. Ordenagailua eta bideo kamera sinple bat besterik ez ziren behar zinema aretoetara edo telebista pantailetara iristeko. Iraultza horrek ekoizpen modu berriak eta generoak eta formatuak nahasteko joera ekarri zuten. Bide berriak eta estetika ¨original¨ bat bilatzea bihurtu ziren sorkuntzaren ardatz.

Mende berriak ez du joera hori desagerrarazi. Kasu askotan, ¨originaltasuna¨ eta teknologia berrien erabilera (3D, after effects…) bihurtu da helburu ia bakarra. Azken urteotan, ordea, aldaketa isil bezain garrantzitsu bat ari da gertatzen ikus-entzunezkoetan. Gainera, inork gutxik espero zuen bidetik iristen ari da. Iraultza telefono mugikorren eta ordenagailuen pantailen bidetik etorri behar zela esaten ziguten, eta norabide horretara begira ari ginenean, kontrako aldetik, beste zaldi batek aurreratu gaitu. Zaldiaren izena: teleserieak.

Sitcom-ak (situation comedy) arrakastaren eta programazioaren ardatz izan dira urteetan. Maila handiko sitcom ugari ekoiztu (eta ekoizten) da. Telebista kateen ugaltzearekin eta eduki berrien beharrarekin, hainbat katek apustu berriak egin behar izan zituzten. HBO-k bide berri eta arriskutsu bati ekin zion. Telesailak ekoizten hasi zen, baina modu berri batean: hamaika orduko filmak bailiran. Coppolaren The Godfather adibide hartuta, formatu hura luzatu eta telebistarako serie bihurtzea erabaki zuten. Eta inork xentimorik ematen ez zuenean Six Feet Under edo eta The Sopranos telesailek eskemak hautsi zituzten.

Zein izan da arrakasta horren sekretua? Arrazoi bat baino gehiago dago, baina nagusia, ikus-entzunezkoen historiaurrera bueltatu eta telesailaren pisua zuzendarien eskuetan utzi beharrean, idazleen eskuetan uztea izan da. Telesail garaikideetan sortzaileek eta idazleek hartzen dituzte erabakiak. Zuzendariak atal batetik bestera aldatu egiten dira, aldagarriak diren kate-begiak besterik ez dira. Istorioarekiko abantailak argiak dira. Egileak eta gidoilariak nagusi bihurtu dira, tramaren giltzaren jabe. Pertsonaien izaeraren eta jokabidearen garapena lantzeko aukerak sinesgarritasuna ematen dio istorioari, eta trama nagusiaz gain, hain garrantzitsuak diren subtramak lantzeko aukerak ere mesede egiten die telesailei. Telesail sortzaile berriek, gainera, ¨testua¨ dutenez ardatz, ez dute tramatik aterako gaituen ¨izarrik¨ nahi izaten. Istorio hauek sinesgarritasunaz haragitzeko, eskarmentu handiko bigarren mailako aktoreak edo, zuzenean, aktore ezezagunak aukeratzen dituzte. Beste batzuen artean, David Chase, David Simon, Matthew Wiener, Alan Ball, J.J. Abrams, idazleen eskutik iritsi zaizkigu azken urteotako lanik onenak. Ez dute zinema zuzendarien glamourrik, baina mahai gainean jarri dituzten kartek ez dute parekorik: The Wire, The Sopranos, Boardwalk Empire, Six Feet under, Lost, Mad Men, Carnivale, The Office, Roma, Treme, Band of Brothers, True Blood…