hurrengoa
kevin smith vs. hollywood    Kevin Smith-en filmak freskoak eta entretenigarriak izaten dira. Are entretenigarriagoa da, ordea, Kevin Smith bera. Eta ongi daki hori New jersey-ko zuzendariak. Gertatu ohi denaren kontra, AEBko zinema indie-aren ikur garrantzitsuenetakoa izan den zuzendariaren diskurtsoa erradikalizatuz joan da azken urteotan. Red State azken filmarekin beste aurrerapauso bat eman du.
Azken Sundance zine jaialdiko edizioan (garai batean zinemaldi alternatiboa zena) hautsak harrotu ditu Clerks filmarekin deskubritu genuen zuzendari ausartak. Bere azken filma, Red State, filmatzeko, hiru milioi dolar eskas erabili ditu, AEBko industriarentzat hutsaren hurrena litzatekeena. Smith-ek, ordea, bere kaxa lortu du finantzaketa eta bere kaxa ekoiztu du 70eko hamarkadako beldurrezko filmen kutsua duen Red State. Ez du filmatu aurretik banaketa-eskubide traturik itxi, eta hori, edozein ekoizleri galdetuta, suizidio hutsa da egun. Baina Smithek bazuen plan bat. Sundance jaialdian, estreinako proiekzioaren ostean bere filmaren banaketa-eskubideak enkantean salduko zituela iragarri zuen. Enkantearen ideia berritzaile eta arriskutsuak banatzaile ugari eta Hollywood-eko industria bildu zituen Sundancen. Jakin-min eta morbo handia piztu zen. Red State proiektatu ostean, aretoa bete beteta zegoenean, zuzendaria eskenatokian azaldu eta bertan bildutako tiburoiak aho bete hortz utzi zituen. Beno, aho bete hortz baino, hagineko minez. Smith-ek filmaren banaketa-eskubideak bere buruari saldu berri zizkiola iragarri zuen. 20 dolarren truke. Eskerrak eman zizkien industriako negozio gizonei azaltzeagatik eta eskenatokitik jaitsi zen. Iskanbila. Anatema. Kevin Smith-ek bere hilkutxari azken iltzea jarri ziola esan zuten zine industriako arduradunek.
¨Silent Bob¨, ordea, tipo azkarra da. Azkarra eta kementsua. Hollywood-en aurkako bere plana ez zelako bertan amaitzen. Filma erakutsi eta dirua berreskuratzeko Red State filmarekin bira antolatu duelako AEBtan zehar. Aretoak alokatu, pelikula proiektatu eta bere agerpenaren eta hitzaldiaren truke sarrera kobratzen du. “Kontu guzti hau ez da berria. Ez naiz ezer berria asmatzen ari. Egin ditudan film guztiekin egin dut promozio bira. Eta beti eman dit amorru handia ikusteak industriak promozioan filma egiten baino hiru bider gehiago gastatzen duela. Orain nik antolatzen dut guztia eta nire kaxa egiten dut. Asmoa da hiru milioi dolarrak jarri dituztenei euren zatia itzultzea. Horretarako, urria bitartean, filma eta hitzaldia eskainiko dugu herrialde osoan zehar 35 dolarren truke. Urritik aurrera, ekitaldirik gabeko proiekzioa eskainiko dugu, zine areto normaletan eta ohiko prezioan”. Red State Tour izenekoa hasi da eta, uste zenaren aurka, lehen proiekzio bereziek arrakasta itzela izan dute. New York-eko Radio City Music Hall-en 3800 pertsona sartu zituen, eta 140.000 dolarreko irabaziak lortu. Filme osteko hitzaldi entretenigarriak eskaini ditu protagonistak diren Melissa Leo eta John Goodman-ekin, eta oso denbora laburrean hamar film errentagarrienen artean kokatu du Red State. Hollywood-eko mayor-etako bulegoetan dardoetara jolasten dute Kevin Smith-en aurpegiaren kontra.

red state
Red Statek 70eko hamarkadako beldurrezko filmen kutsua du. Gazte talde batek online gonbidapen bat jasotzen du sexu festa batean parte hartzeko. Festa horren antolatzailea, ordea, bekatua eta bereziki homosexualak gorroto dituen elizgizon bat da. Hortik aurrera, atera kontuak. AEBtan polemika handia piztu du, eta homosexualak gorrotatzeagatik ezaguna egin den Westboro Baptist Church delakoa (www.godhatesfags.com) filmaren aurka azaldu da eta manifestazioak antolatu ditu proiektatu deneko aretoen aurrean. Promozio gisa oso ongi etorri zaiola onartu du Smith-ek, eta manifestazio eta kontramanifestazio joko horretan parte hartu du ahal izan duenean, betiere hain berea duen umoreaz.

www.viewaskew.com
www.coopersdell.com