paper
hurrengoa

la ola

Haurrak garenean, denbora modu ezberdinean iragaten da. Bakardadea ez da arazo, eta bakardade horretan, adibidez, hondartzako urertzean olatuekin jolasak asmatzeko gaitasun mugagabea dugu. Heldutasunera iristen garenean, bakardadeaz gozatzea edo bakardadea uxatzea izaten da helburua. Hondartzara paseatzera joaten gara, baina helburu zehatz batekin. Haurrak garenean ez dago helbururik, unean uneko sena da gure motibazioa. Suzy Lee ilustratzaileak olatuak, neskato bat eta kaioak besterik ez ditu behar izan horretaz guztiaz hitz egiteko, hitzik gabe.

hurrengoa

lotsaizuna

Unibertsitatetik bota duten irakasle batek bere alabaren etxaldera abiatzen da bake bila. Ez du aurkituko, ordea. Bakea ez delako sekula toki berean geldi geratzen. Gure protagonista ez da damu ikasle batekin oheratu izanaz. Gizartea da horren aurka aurreiritziak dituena. Lotsaizuna modu duinean darama. Ez da, ordea, errugabea. Harekin identifikatuta sentiarazten gaituena, hain zuzen ere, gure jokabideak eta harenak duten gertutasuna da. Apartheid-aren osteko Hegoafrikako alderdi argiez eta ilunez ere mintzo zaigu Coetzee Nobel saria. Gozatuko duzula esatea ez da agian aproposena, baina irakurri beharreko horietakoa dela ez dugu zalantzarik.

hurrengoa

nbr aldizkaria

Nabarra aldizkariak Iruñea zaharretik Bilbo modernora salto egin zuenean, euskarazko prentsan ezinbestekoa den lubaki izpirituari eutsi zion, baina neurri eta itxura berriarekin aurkeztu zen. Eta edukietan ere proposamen berriekin iritsi zen. Zenbakiz zenbaki proposamen tematiko ederrak eskaintzen dizkigute. Kultur gaiekin zerikusia dutenak gehienak. Irakurraldi bakar batek edo denbora epe laburrek garaitzen ez duten aldizkaria da nbr. Eta horregatik thb-n, nbr zaleak gara.

hurrengoa

bizikletaz aldizkaria

Dohainik eta gune ezberdin ugaritan banatzen den aldizkaria da (ziurrenik irakurleren batek baino gehiagok bere bizikletako saskian edo kablean jarrita topatuko zuen). Harridura sortzen digun lehendabiziko gauza aldizkariaren ezohiko formatu biribila da. Edukien artean, elkarrizketak, bidegorrien inguruko informazio zehatza, argazki galeriak, trikimailuak, gomendioak eta bitxikeriak. Gustatu zaizkigun artikuluen artean, hona adibide bat: Banku lapurreta batetan bizikleta erabiltzeko10 arrazoi.