paper
hurrengoa

haginetako mina

egile ugari·txalaparta

"Konflikto"-aren inguruko ipuinak. Denetarik dago jakina. Ipuin eder, sakon, arin, azalekoak, sutan jartzen gaituztenak, malkoak eragiten dizkigutenak. Ezinegona, adostasuna, tristura, samina,...era guztietako sentimenduak piztea lortzen duten lerroak topatuko ditugu 332 orrialdeko dentista kontsulta honetan. Eta ziurrenik, irakurle bakoitzari sentimendu guzti hauek une, norabide eta arrazoi ezberdinengatik sortuko zaizkio. Horregatik eskertzen da, kontsulta honetan, konflikto "santu" eta "puta" honen kontraesanak begirada ezberdinekin azaleratu izana.

hurrengoa

gau ilunekoak

joseba sarrionaindia·elkar

Durangoko azokako ajeak liburu bete utzi ditu liburu dendak. Urte hasera honetan bada non aukeratu. Guk, gure letren "klasiko" baten lan berezia aukeratu dugu. Hain zuzen ere ez delako tarteka "euskal literaturaren zutabe" izateko jaio den lan horietakoa. David Lynch-ek gustora moldatuko zukeen narrazio ilun eta berezi batekin itzuli da Sarrionaindia. Gure burua ulertzeko gure burutik kanpo ateratzearen beharraz eta, modu iradokitzailean egunero eraikitzen ari garen gizarteaz hitz egiten digu ipuin honek. Maite Gurrutxagaren arkatzez eginiko ilustrazioak osagarri aproposa dira argitalpen zaindu eta erakargarria duen Sarriren liburu beltzean.

hurrengoa

el arte de callar

dinouart abatea·siruela

Argitaletxe honek edizio ezberdin eta ederrak eskaintzen dizkigu. Tanizakiren "Elogio de la sombra" aipatu bagenuen aspaldian, oraingoan eta euren saiakera sailean beste behin, 1771. urtean Parisko Dinouart abateak idatziriko liburuxka txiki bezain ederra topatu dugu. Abate honen lan honetan azaltzen da hain zuzen ere gerora hain erabilia izan den "ez ezazu isiltasuna baino hobea ez den ezer esan" esaldia. Saiakera hau altxor txiki bat da. Gurea ez dizuegu utziko, bueltan etortzen ez den liburu horietako bat delako.

hurrengoa

entzun 58

Bi hilabetekari izatetik web gune izatera pasatu zen musika aldizkariak ezin paperaren xarma saihestu eta urtekari itxurako liburua kaleratu du. Webguneak egunerokotasun kontutan aurrerapauso handia suposatu badu entzun!-entzat, formatu klasiko ederrean argirtaratutako lan hau osagarri perfektua da. Ez delako urtekari soila. Erreportai zabal eta sakonak (The Smiths, Gainsbourg, Poch, Crumb,...), argazki bilduma izugarria eta musika munduko izen askoren parte hartzea. Eta guzti hori gutxi balitz, disko batetan bildu dituzte 2008. urteko proposamen anitzak. Nahiko lukete beste herrialdeetako musikazaleek horrelako liburu bat izan. Datorren urtekoaren zain gaude...