hurrengoa
staff benda bilili: tres tres fort maider gomez inchauspe   Musika talde bat ez da soilik beren instrumentuak jotzeko elkartzen den gizaseme talde bat. Edo ez luke beharko. Badakigu halako asko dagoela, baina horiek ez dute musika talde baten partaide izatearen esperientziarik aberatsena ezagutzen. Benetako musika taldeek musikatik haratago doan zerbait dira. Maitasunetik gorrotora, eta bueltako bidea egiten duten lagunak, kideak, konplizeak, bidaideak. Horren guztiaren adibide bat badago: Kongoko Benda Bili taldea da.
Donostiako Giza eskubideen jaialdian ezagutu genituen Benda Bilili! filmari esker (Cannesen estreinatu, eta Donostian sari nagusia jaso zuen film honek), eta, ostean, Jazzaldian ikusi eta entzun ahal izan ditugu. Batak bestea ekarri duela ziur gaude, eta, zentzu horretan, administrazio publikoan oso ezohikoa izaten den erreflexu eta sinergia gaitasuna erakutsi du norbaitek. Salbuespena izaki, zoriontzeko modukoa da. Benda Bilili Kongoko Kinshasa hiriburuko musika talde bat da. Beren musika rhythm ´n´ blues, reggae eta kubatar rumbaren nahasketa berezia da. Taldea Ricky Lickabuk eta Coco Ngambalik sortu zuten, Kinshasako musika bandek aukerarik ematen ez zietela ikusi zutenean. Ez dugu oraindik aipatu. Benda Bililiko partaide guztiek elbarritasun fisiko bat dute. Gehienek, poliomelitisak eragindako mugimendu arazo larriak dituzte. Eurek egindako musika tresnak hartu, eta triziklokin eta bestelako garraiobide kustomizatuekin hasi ziren hiriko kaleetan barna mugitzen. Baztertuak gehiengoa diren herrialde batean, berehala hurbildu zitzaien jende ugari beren kale kontzertuetan.
2006. urtean, Benda Bililik, hauteskundeen aitzakian, ¨Allons Voter¨ (animatu bozkatzera) kantua konposatu eta grabatu zuen. Irrati eta telebistetan hasi ziren emititzen, eta sekulako arrakasta izan zuten. Egundokoa. Kantua bera hautetsi asko baino ezagunago egin zen herrialde osoan. Kontua da, kantua Nazio Batuen Kongoko bulegoaren eskutik kaleratu zela. Musikariei ez zitzaien kontraturik egin, eta bakoitzari 50 dolar ordaindu zitzaien kantuaren truke. Taldeak epaiketara eraman zuen afera. Errealitatearen logika aldrebesera aspaldian ohitu baginen ere, halakoek oraindik aho bete hortz uzten gaituzte. Vincent Kenis ekoizle belgiarrak haien berri izan zuen, eta, besteak beste, hainbat grabaketa egin zizkien berak bultzatutako Congotronics mugimenduaren bildumetarako. Haren eskutik grabatu zuten 2009an lehendabiziko lan luzea: “Tres Tres Fort” (Oso oso indartsua). Diskoaren eta filmaren arrakastari esker, Benda Bilili-koen trizikloek, Kinhsasakoez gain, Europa osoko hiri eta herrietako kaleak zeharkatzen dihardute tres tres fort zapalduaz.