• 1
  • 2
hurrengoa
heziketa siberiarra    Txetxeniako gudan hasi eta Txetxeniako gudan amaitzen den liburu honek ez du Txetxeniaz hitz egiten. Siberiako leinu batetaz hitz egiten du. Lapur ohoretsuen leinuaz, hain zuzen ere. Lege eta arau propioei jarraiki, harro bizi zen herri batetaz. Duela 20 urtera arte bizirik zegoen gizarte batetaz. Lehen pertsonan kontatuta dago. Lapur ohoretsuen leinuko partaide batek idatzia. Nikolai Lilin koltsik edo tatuatzaileak hain zuzen ere. Txetxenian hasi eta bukatzen den istorio honek, Sovietar Batasunaren historiaren pasarte ezkutu horietako bat azaleratzen du, modu mingarrian, tatuaje baten moduan. Transnistriako (Moldabiako lurralde independentista) Bender hirian jaio bazen ere (1980), Nikolai Lilin siberiarra da, Urka leinukoa. Jakina da Stalin-ek herri osoak bidali zituela Siberiara. Ezezagunagoa da, ordea, Siberiako hainbat lurralde hustu zituela, eta hango biztanleak Sobietar Batasunean barna sakabanatu zituela. Urka komunitatea hainbat herrialdetan zabaldu zen. Baina, paisaia aldatu bazieten ere, Urkek ez zuten beren bizimodua aldatzeko asmorik. Jarrera horrek arazoak ekarri zizkien bizilagun berriekin. Lilin bere haurtzaroaz mintzo zaigu, eta mundu hertsi haren deskubrimenduaren berri ematen digu. Haren nerabe begiekin joango gara lapur ohoretsuen tradizioa eta bizimodua deskubritzen. Bizitzako alor txikienean ere gorde beharreko errito eta tradizioen garrantzia. Guzti horren lekuko zuzenak gara, Urkek ez zituztelako haurrak euren gaizkile bizimodutik kanpo uzten.
Urka nerabe baten bizitzako unerik garrantzitsuena, nagusi batek pika labana ematen zionean izaten zen. Laban horrek gizon eta gaizkile bihurtzen zuen. Ekintza kriminaletan aritzen zen herri honentzat, eguneroko kontua izaten zen beste gaizkile batzuekin laban borroketan jardutea, poliziak akabatzea edo eta kartzelara joatea. Izan ere, kartzela da Urka guztiek ezagutu duten errealitate latza. Lilin-ek, gordintasunez, baina metaforarik gabe, deskribatzen ditu gutxiengo adina zutenen kartzeletan gertatzen ziren bortxaketak eta hilketak. Kartzelan Urkak komunitate itxi bat ziren. Hierarkia eta arau propioekin. Euren buruari ezarritako arau oso gogorrekin (debekatuta zuten droga, sexua edo poliziekiko harremana), Urkek, ”lapur ohoretsuek”, otso saldo baten moduan defendatzen zuten euren burua.
Hala ere, guztia ez da bortxakeria liburuan, nahiz eta biolentziak beti kutsatzen duen deserrian bizi diren siberiar hauen bizitza. Lilin-ek ere bere jendearen tradizio ugari azaltzen ditu, euren festak, erritualak eta gehienetan armekin zerikusia duten sinismenak. Siberiar heziketari, kidetasunari, gizakiak eraldatzen duen naturari eta inozentziaren desagertzeari eskainitako liburua ere bada. Italian, Roberto Savianorekin konparatu dute. Argitaletxeen eta kazetarien gauza dela iruditzen zaigu. Marketina. Savianok kazetari eta lekuko ikuspuntutik idatzi zuen Gomorra. Lilinek, bizitza azalean tatuaturik duen protagonistaren ikuspuntutik idazten du.


azalak mintzo
Tatuajeak oso garrantzitsuak dira Urkentzat. Tatuajeek euren kasa hitz egiten dute. Edonork ezin du edozer gauza zizelatu azalean. Marrazki bakoitzak, hitz bakoitzak, esanahi bakarra eta konplexua du, irakurtzen dakienak soilik ulertuko duena. Tatuajeek haurra zenetik erakarri zuten Nikolai. Azalean marrazteko teknika ikasi, eta koltsik (sufritu araziko dizuna) bihurtu zen. Sobietar Batasunean debekatua zegoen hura, jakin bazekitelako kode sekretuak gordetzen zituztela. "Hazi beltza" izeneko errusiar mafia nagusiaren tatuajeen mezua, adibidez, ezaguna egin da. Katuak, dorreak, armiarmak… Kodea zabaldu da, eta horregatik, hain zuzen ere, galdu du bere zentzua. Urkek ez diote inoiz azalduko tatuaje baten esanahia jakin behar ez duenari. Tatuatzailea mezu igorle eta enkriptatzailea da, eta horrek leku berezia ematen dio leinuan.
Nikolai Lilin Txetxeniako gerrara bidali zuten 19 urte bete zituenean (han bizitakoak kontatzen ditu hona oraindik iritsi ez den Caduta Libera liburu berrian). Soldaduska amaitzean, Italiara jo zuen. Han bizi da orain, tarteka paperean idazten duen azal eskribau gisa.