• 1
  • 2
hurrengoa
martha cooper    hiriko pareta, dantza eta doinuen begiak Martha Cooper Baltimoren jaio zen (The Wire telesail itzelak berriro mapan jarri duen hirian). AEBko emakume gazte eta progre askoren moduan, Peace Corps-en izena eman zuen, eta Tailandian izan zen bolondres gisa lanean. Han, motorra erosi eta Londonera bidaiatu zuen. Oxford-en etnologia diploma eskuratu zuen, eta, segidan, New York Post egunkariaren lan eskaintza bati baiezkoa emanda, “sagar handira” joan zen bizitzera.
Egunkarirako egiten zuen kazetaritza argazkilaritzaz gain, berehala hasi zen proiektu propio bat garatzen. Brooklyn auzoko kaleetan topatzen zituen haurrei eta gaztetxoei erretratuak egiten hasi zen. Edwin izeneko haur batekin topo egin zuen arte. Edwinek auzoko bazter guztietan azaltzen hasi ziren graffitien inguruko istorioak kontatu zizkion. Haur hark obra bakoitzaren ezaugarriak, artista bakoitzaren sinadura ezagutzeko pistak, eta kalean sortzen ari zen mugimendu hura hizkuntza berri bat zela erakutsi zion. Antropologia eta etnografia ikasketak zituen argazkilari inteligente batek ez zuen beste irtenbiderik. Cooper graffitiak eta horien inguruan sortzen ari zen kultura berria erretratatzen hasi zen. “Graffitien erregea” ezagutu zuen, Dondi izenez sinatzen zuen gazte erdi-afroamerikar erdi- italiarra, eta hark metroan eta trenetan egiten zituen graffitiak erakutsi eta erretratatzen utzi zion. 1984an kaleratu zuen, Henry Chalfant-ekin batera, egun mitikoa den Subway Art liburua.
Hasera batean haurrei ateratako erretratuak besterik ez zirena, egun, 70 eta 80ko hamarkadetako New York-eko auzoetako graffiti eta rap eszenaren irudi- memoria bihurtu da. Egun, Cooper-en argazkiak ikusten ditugunean, graffiti artistikoaren jaiotza eta hazkundea, rap-aren eta hip hop-aren hastapena, eta break dance moduko kale-dantzen sorkuntzaren lekuko gara. Nagusiki, New Yorkeko auzo beltz eta latinoetan sortu den, denborarekin eraldaketa ugari jasan duen, eta mundu guztira zabaldu den mugimendu oso baten pizkundea ikusten dugu Martha Cooper-en argazkiei esker. Denborarekin, gauza bitxia gertatu da, gainera, Cooper-en argazkiekin. Kaleko hormak argazkietara eraman zituen moduan, kale artista askok, Cooper-en argazkiak hartu eta hamaika euskarrietan (graffiti, txantiloi, sticker,...) itzuli dituzte kalera. Shepard Faireyk (Obey), adibidez, kale artearen ikono bihurtu ditu honez gero garai hartako Cooper-en argazki batzuk.