audio
hurrengoa

CSS

Brasildarren hirugarren diskoak estilo aniztasunera
jo du, baina gorputza falta zaie lan berriko abestiei. Sub Pop diskoetxearekin harremanak apurtu ostean, askatasuna da disko berriaren ardatza. Bobby Gillespie (Primal Scream) eta Ratatat izan dituzte, besteak beste, bidaia lagun. Tamalez, “Hits me like a rock” kantuaz gain ezer gutxi gehiago aprobetxatu daiteke lan honetan.

hurrengoa

Tinariwen

Diskoetxe ugari Afrikara begira jarri dira mendebaldeko musikan falta den irudimenaren eta nortasunaren bila. Congotronics eta Ethiopics proiektuen alboan jarri dezakegu Malitik datorren fenomeno hau ere, kitarra elektrokikoak hartuta kantu tradizionalak abesten dituzten tuaregena. Tinariwen Womax bezalako jaialdi ospetsuetan aritu izan den kolektibo ezaguna dugu eta bosgarren lana aurkezten digu.

hurrengoa

Eddie Vedder

70eko hamarkadan jaio ginenak guztiz markatu gaitu Pearl Jam taldeak, onerako edo txarrerako, diskoaren arabera. Eddie Vedder abeslariak “Into the wild” filmaren soinu banda sortzeko egin zuen bakarkako bidera jauzia. Orain lan berriarekin dator ukeleleak lagunduta, horren gustoko dugun instrumentua. “Tonight you belong to me” abestian, gainera, Cat Power-en ahotsa ere entzun dezakegu. Oh!

hurrengoa

The Rapture

70eko eta 90eko hamarkadetako doinuak biltzen dira The Rapture taldearen azken diskoan. Dantzalekura begira dauden funk, disco eta rock doinuak inork baino lehen nahastu zituzten. Atzetik etorri ziren askok aurrea hartu zieten, eta atzean gelditu dira azken urteetan The Rapture-koek. Hala ere, ohikoa den bezala, disko erraldoiak sortzen jarraitzen dute. Maitasunez egindako lana.

hurrengoa

Ladytron

Bere ibilbideko abesti onenen bilduma kaleratu du Liverpooleko taldeak aurten. Aurrera egiteko denbora ere izan du eta, ohiko synth-pop doinuen babespean, estudioko bosgarren diskoa argitaratu du: “Gravity the seducer”. 12 kantuk osatutako lan honetan “Mirage” da gehien gustatu zaiguna, baina beste hamaika kantuz gosatzeko aukera ere luzatzen du. Denborak emandako sendotasuna erakutsi du taldeak.

hurrengoa

The Kooks

Ray Davies bezalakoen eragina erakusten duen Erresuma Batuko talde hau lehen diskoaren arrakasta gainditu ezinik ibili da azken urteotan. Bigarren lanak aurreikuspenak bete ez zituenez, ez zaie erraza egin esku artean dugun disko berria gauzatzea.”Rosie” bezalako kantu finekin hasten badute ere, aurrera egin ahala, kantuek pisua galtzen dute “Time above the earth” kantuarekin talka egin arte.