laburrak in brief
hurrengoa

ute lemper

Marlene Dietrich eta cabaret alemaniarraren ondorengoa den artistak, beste batzuen artean, Edith Piaf, Bertolt Brecht eta Kurt Weill-en lanak eraman ditu mundu osoko antzokietara. Oraingoan, Astor Piazzolla-ren musikari jarri dio ahotsa. Lan horretan, Piazzola Sextet musikari argentinarren laguntza izango du. Iruñako Gayarre antzokia “arrabal” bihurtuko dute abenduaren 16an.

hurrengoa

joeystarr

Martinikan jaio zen Didier Morville. Seine Saint- Denis auzoan hazi zen, eta, Joeystatrr izenaz, frantziako hip-hop kulturako izen nagusietako bat bihurtu zen. 80eko hamarkadaren amaieran, Bruno Lopes-ekin batera, NTM (Nique Ta Mêre) mitikoa sortu zuen. Zure amaren lagunik kuttunena izan nahi duen rapero honek zuzenekoa eskainiko du Biarritzeko L’Atabalen, abenduaren 10ean.

hurrengoa

ipar haizearen kontra

Sare sozialek eta Internet aroak ekarri dizkigun harremanetarako kodigo berriak aztertzen dituen antzezlana eramango dute oholtza gainera Tanttaka taldekoek. Daniel Glattauer idazlearen “Gut Gegen Nordwind” eleberrian oinarritutako obra ikusteko aukera, adibidez, abenduaren 15 eta 17an, euskaraz, Donostiako Antzoki Zaharrean.

hurrengoa

denbora makina

Nor akordatzen da Yahoo maps tresnaz? Ba, jakin ezazue gu zale amorratuak garela. Denbora-makina bihurtu da. Badira hamar urte bere sateliteak ez dituela argazkiak berritzen, eta, horri esker, iraganera bidaiatzeko aukera ematen digu. Ingalaterra eta Irlandako Yahoo bitartez sar daiteke Yahoo mapsera, erraz asko. Hona hemen Atotxako futbol zelai zaharraren aztarnak Donostian eta Isozaki dorrerik gabeko Bilbo.

hurrengoa

sleep suit

Proiektu honen bitartez, espazio pertsonalaren eta ingurunearen arteko harremanaz hausnartu nahi da. Egitura eta material bereziz eginiko jantzi-zaku honekin, gure gorputzak edozein tokitan topatuko du lasai lo egiteko edo atseden hartzeko aukera. Bere sare egiturak erraz eusten dio gure gorputzaren pisuari. Badakizu, bat eskuratu, eta azal zaitez zure lantokian horrela jantzita!

hurrengoa

fikzio urbanoak

Koldo Mitxelena Kulturunean ikusgai dauden bi erakusketa bereziek badute zerikusirik elkarren artean. Erakusketen elkargunea aurreko The balde zenbakian erakutsi genizuen Gasca bilduma da. “Fikzio Urbanoak” izeneko erakusketan, hainbat artistek hiriaren inguruko hausnarketa grafikoa egin dute. Bigarrena, Ganbara aretoan paratu dena, Juan Carlos Eguillor handiari eskaini zaion omenaldia da. Urtarrilaren 28ra arte. Ez galdu!

hurrengoa

ruper

Urteari amaiera emateko modu hobeagorik ez dugu irudikatzen. 30 urte daramatza Ruperrek bere bide propioa egiten. Ez du zerikusirik unean uneko modari eta joerei desesperatuki eusten diotenekin. Ruper arbola da. Guk arnastu dugun aire beraz elikatu dena. Gure moduan, presarik gabe baina etenik gabe errauts bihurtuko dena. Babesa eta itzala ematen diguna. Donostiako Victoria Eugenia antzokian, eta Mugalariak lagun dituela, bere azken lana, “Hodeien azpian”, aurkeztuko digu kantari oñatiarrak.

hurrengoa

re.act.feminism #2 - a performing archive

2013 arte bizirik mantenduko den proiektu hau, nazioarteko hainbat artistak eta kolektibok feminismoaren eta generoaren inguruan proposatu eta gauzatu dituzten performance lanen bilduma da. Proiektu dinamikoa izanik, iragana, orainaldia eta etorkizuneko praktika artistikoek elkarrekin dituzten loturak eta eraginak aztertzen dihardu. Urtarrilaren 15era bitartean, Gasteizko Montehermoson.

hurrengoa

ilusioen zirkua

Eta zirkuko gidari eta zuzendari lanetan, nola ez, Federico Fellini. Donostiako San Telmo Museoan jeinu italiarrari eskainitako erakusketarekin batera, Nosferatu zinekluba haren lanaren atzera-begirada osoa eskaintzen ari da. Luxua.

hurrengoa

gasolindegiak

Zer dute gasolindegiek hain ezleku bereziak izateko? Jabetu al zarete gasolindegietan dena dela muturrekoa? Hotza, haizea, beroa, prezioak... Matt Barnes argazkilariak, gure zibilizazioa elikatzen duten iturriei eginiko argazkiekin, jabetzen gara gasolindegiak errepide bazterreko Las Vegas txikiak direla.

hurrengoa

pintxos and blogs

Urteak daramatzate Pintxos & Blogs ekimeneko arduradunek afari tematikoak eskaintzen. Gai jakin baten aditu batek hitzaldi laburra eskaintzen du afaltzen hasi aurretik, eta, ondoren, janaria plateretara iristen denean, afarian izena emandako edonork galderak egiten edo bere iritzia ematen du. Pintxos&Blogs afari hauek parte hartze handia izaten dute eta giro ederra izaten da. Hurrena non eta zeren inguruan izango den jakiteko, badakizue...

hurrengoa

fluxus

Urtarrilaren 16ra bitartean, New Yorkeko MoMA museoan Fluxus mugimenduari eskainitako erakusketa interesgarria duzue. Artearen merkantilizazioaren kontra egin zuen mugimendu honek, eta 60-70eko hamarkadetan izan zuen loraldia. New Yorken bazaudete edo joateko asmoa baduzue, jarduera artistikoen nahasketa eta loturak bultzatu zituen mugimenduaz gozatzeko, bisitatu MoMA.