hurrengoa
cambodian rock    Vietnam-go guda garaian, ejerzito estatubatuarren irrati militarretan rock musika entzuten zen nagusiki. Irrati-uhinak bizilagunengana, Cambodiara, iritsi ziren, eta bertako gazteriak bereak egin zituen. Beren musika tradizionaleko doinu eta instrumentuekin nahastuta, 1964 eta 1975 urteen bitartean, musika hipnotiko, dantzagarri eta rockeroek Cambodia inbaditu zuten. 1964. Phnom Penh. Cambodiako hiriburua. Hamar urte igaro dira frantsesek alde egin zutela. Herriak askatasun aire berriak arnasten ditu. Frantsesek utzitako ohitura batzuei, ordea, ez diete uko egin. Kafetegiak, dantzalekuak, gau giroa... Cambodia loratzen ari zen herrialde berria zen. Jendeak dibertitzeko gogoa zuen eta, aipatu bezala, irrati- uhinei esker, gazteek gudan zegoen ondoko herrialdetik iristen ziren doinu berriak eta erakargarriak bereganatu zituzten berehala.
Rock cambodiarraren erregea Sinn Sisamouth izan zen. Unibertsitate ikasle honek dantzalekutako urretxindor horietakoa zen, eta bera eta bere banda berehala egin ziren ezagun. Cambodiako erreginaren kuttuna bihurtu zen, hein handi batean, “Waiting for the moon” eta “Moonlight my love” baladei esker. Hala ere, erreginaren kuleroak hezetzen zituzten baladen gainetik, garage doinuak ziren nagusi. Gazteriak gaua erre eta dantza egin nahi zuen. Sinn Sisamouth-ek, gainera, herrialde angloetatik zetozen kantuen moldaketa aske eta deskriba ezinak egiten zituen. Hona adibide batzuk: “I’m still waiting” (Animals-en “The House of Rising Sun”), “I love petite woman” (Santanaren “Black magic Woman”) edo eta “Always Hope” (Beatles en “Hey Jude”).
Sinn Sisamouth ̈erregea ̈ kenduta, 1964-1975 bitarteko rock cambodiarraren izar nagusiak emakumezko kantariak izan ziren. Ros Sereysotheak Sisamouth-ekin batera kantatu zuen askotan, baina bakarka aritzen zenean bere estiloak surf rock sikodelikora jotzen zuen. Nire faboritoak, Pan Ron gazteak, euskal triki-pop bikoteen ahots nasal jostalariaren antzekoarekin kantatzen zuen. Peter Sellers-ek ezagutu izan balu, ziur naiz “The Party” filman sartuko zituzkeela txoritxo honen garaje kutsuko doinu alai eta jostalariak.
1970ean estatu kolpea izan zen Cambodian, eta monarkiak alde egin behar izan zuen. Ordura arte neutrala zen herrialdeak amerikarren alde egin zuen. Erregimen berriak, propaganda-arma gisa erabili zituen askotan rock taldeak. Phnom Penh-eko gauetan rocka entzuten zen, baina geroz eta arrazoi gutxiago zegoen dantzarako. Vietnamgo gudaren ondorioak ere pairatzen hasi ziren Cambodian. Batetik, oihanean eta nekazal guneetan AEBko soldaduen bonbardaketak jasaten zituzten, eta, bestetik, Khemer gorrien sarraskiak. Musikarik gabe ere nahikoa egoera “sikodelikoa” bizi zen. 1975ean, Pol Pot boterera iritsi zenean, beste gauza askoren artean, musika debekatu zen. Rock musikarekin zerikusi izan zuten guztiak asasinatuak izan ziren (Cambodiako populazioaren laurden bati gertatu bezala). Grabaketak suntsitu ziren, eta rock artista haien biografia eta memoria ere desagerrarazi zuten. Kasete eta binilo batzuetan gorde ziren grabaketei esker salbatu zen, egungo perspektibatik zientzia fizkzioa iruditzen zaigun belaunaldi haren loraldi iragankorra.

http://www.aquariumdrunkard.com/2009/01/08/cambodia-rocks-sounds-from-the-60s-70s/