2 stenberg 2
irudia
Vladimir eta Georgi Stenberg Moskun jaio ziren. Lehena, XIX. mendeko azken urtean, bigarrena, XX. mendeko lehendabizikoan. Ama errusiarra bazuten ere, aita suediarraren nazionalitatea izan zuten, 1933an sobietar nortasuna eman zitzaien arte. Urte berean hil zen Georgi, gidatzen zuen motorrak traktore baten kontra jo zuenean.
Moskun ingeniaritza eta arte ikasketak egin ostean, berehala hasi ziren iraultzaren alde lanean. Konstruktibismoaren bultzatzaileak izanik, artearen erabilpen herrikoiaren aldekoak ziren. “Arte eder” kontzeptuaren aurka, Stenberg anaiek denetarik egin zuten, eskulturak, tren-bagoi diseinua, arkitektura, antzerkirako dekoratuak, jantziak, zapatak... Arteak herriaren mesederako izan behar zuen. Antzerkigintza eta zinema izeneko propaganda-arma berria zen bi anaien zaletasun nagusia. Gazteak izan arren, trebezia berezia zuten hainbat arte jardueratan. Eta ezaguera horiek guztiak maisuki islatu zituzten euren jarduera nagusian: kartelgintzan.
Kartela, formatu merke eta praktikoa zen herri nagusiki iletratuari iraultzaren mezua helarazteko. Stenberg anaiek maila gorenera eraman zuten kartelgintzaren artea. Zinema zaleak izanik, Sobietar Batasuneko filmen (Einsestein, Vertov...) zein kanpotik (Chaplin, Keaton...) zetozen film ugariren kartelak egin zituzten. Kartelok pelikularen trailer gisa funtzionatzen dute. Pelikularen mamia jasotzen zuten xehetasunez josita zeuden. Argazkilaritzaren teknika ezagutzen zutenez, fotomuntaketa eta kollagearen teknika erabiltzen zuten. Dirudienaren kontra, kartel ia gehienak ilustrazioak dira. Fotomuntaketa zirriborrorako erabili eta gero, eskuz marrazten eta margotzen zituzten, efektu liluragarriak sortuz. Konstruktibismotik abiatuta, errealitatetik ihes egiten zuen lan grafikoa egiten zuten. Berritzaileak izan ziren alor askotan: perspektibaren distortsioa, fotomuntaketa, argia, mugimendua, kolorearen erabilera dinamikoa, tipografien moldaketa eta abar. Radikalismotik abiatuta, estilo propio bat sortu zuten. Kartelgintzak ez du lortu inoiz Sobietar Batasunean zuen garrantzirik eta eraginkortasunik. Eta horren arrazoietako bat, kartelgile sobietarren talentuan ardazten da. Stenberg anaiek eta enparauek estetikaz haratago doan arte jarduera bihurtu zuten kartelgintza. Beren lana ikusi besterik ez dago. 2 Stenberg 2 gisa sinatzen zuten anaien lana, oraindik guztiz abangoardista iruditzen zaigu.