hurrengoa
agitprop trena    Agitprop (агитпроп), agitación y propaganda. Agitazioa eta propaganda. Bi hitz horien batuketatik sortu zuen Errusia boltxebikean agitprop kontzeptua George Plejanov teorikoak. Sobietar Batasunean Lenin-ek hitza bereganatu, eta departamendu oso bat sortu zuen, agitazioa eta propaganda bultzatzeko helburuarekin. Departamendu horren barruan “agitprop trena” izan zen egitasmorik bereziena. Artista ugari tren batean sartu, eta herrialde berri eta erraldoian zehar bira egin zuten. Iraultzaren lorpenak eta gobernu berriaren egitasmoak azaltzeko, antzerki obrak eskaini zituzten, eta zine kameraz filmaketak egin zituzten, sobieten herrialde berria bazter guztietako herritarrei erakusteko asmoz. Trenak, gainera, inprenta txiki bat zeraman, eta kartelak inprimatu eta trenaren leihotik jaurtikitzen zituzten herrialde osoan zehar. Gobernu iraultzailea finkatu zenean, Agitazio eta propaganda departamenduak bi kontzeptuen artean propagandari garrantzia handiagoa eman zion, eta agitazioa baztertu zuen. Agitprop proiektua geltokian geratu zen betirako. 20 eta 30eko hamarkadetan, Sovietar Batasunetik kanpo, agitprop izena eman zitzaion pisu politiko eta ideologia ezkertiarreko AEBko antzerkiari. Bertolt Brecht-en obra asko ere agitprop mugimenduaren barne kokatzen dira. 80eko hamarkadan, Margaret Tacher-ek izen hori berreskuratu zuen, antzerki eta telebista saioen bitartez bere politika ultrakontserbatzailea kritikatzen zuten artistak mespretxuz izendatzeko. Hamarkada gutxitan, guztiz bestelakoa da egoera. Egun, agitazioa eta propaganda kapitalaren armak dira, hainbat herrialdetako ekonomia kontrolatzeko. Hori bai, demokrazia eta bakezaletasunaren “printzipio ukaezinen” babesean.