hurrengoa
etsaiarekin poesiaz koldo izagirreren itzulpena   Mahmud Darwish poeta palestinarrak eta Helit Yeshurun poeta israeldarrak buruz buruko bizia ukan zuten 1996an, lehen bake prozesua hasi berrian. Hitz ez-aspertua hebreeraz egin zuten, eta Tel-Aviveko Hadarim aldizkarian argitaratu zen udaberriz, Parisko Revue d’etudes palestiniennes-en udazkenean. Gero, beste elkarrizketa batzuekin, Mahmoud Darwich: la Palestine comme metaphore liburuan jaso zen (Actes Sud, 1997).
Hona hemen saio dialektiko hartako zenbait pasarte, Darwishen pentsamendu poetiko eta politikoaren argigarri ez ezik, israeldarren eta palestinarren arteko harreman intelektuala zertan den antzemateko baliagarria izan litekeelakoan.
Helit Yeshurun. “Lirio zuriak amets zituen soldadua” poeman, 1967an idatzi zenuena hain zuzen, galde egiten zaio soldaduari heriotzaraino helduko den aberriaren alde, eta erantzuna: “Ez! [...] Harenganako maitasuna maitatzen irakatsi didate. Baina ez dut sentitu haren bihotza neurean urtzen. [...] Fusila dut nik maitasunerako bidea [...]” Soldadu horrek bakean bizi nahi du bere haurraren onez, eta beretzat aberria ez da “amaren kafea dastatzea” besterik —arabiarrarendako ez bezala, hark “belarra, sustraiak, adarrak ditu arnas.” Ez ote duzu gutiesten israeldarrek lur honengana duten atxikimendua?

Mahmud Darwish. Erdi ikusten dut zer dagoen gordea galderaren gibelean. Ez diot uko eginen erantzuteari, baina oroitarazi nahi nizuke poema honengatik bortizki jazar zitzaizkidala artista arabiarrak, israeldarrengana daukagun behako estereotipatuaz oso bestelakoa baita poema. Ezagutzen nuen soldadu bat zen hori. Bere bizitzaren historia kontatu zidan arrats batean. Gorroto zituen Estatua eta Defentsa Ministerioa —hori ez zen izugarri arrunta garai hartan, 67ko gerraren ostean. Estereotipoari eginiko arrapostua zen poema. Tanke bat iduri ikusi behar nukeen soldadu israeldar hartan, odol-haragizko izaki bat ikusi nuen. Trahizio handia zen hori. Historia egiazkoa da. Soldadu hark alde egin zuen gerra amaitutakoan.
Bada Israelgo gizartean sustrairik ezaren sentimendua. Gizarte berria da. Israeldar guztiak ez dira Israelen jaioak. Estatuak hogei urte zituen 1967an. Ezinezkoa da sustrai eta kultur erreferentziak dituen gizarte bat sortzea belaunaldi batean edo bitan. Horregatik ezartzen du Israelgo hezkuntzak herriaganako maitasunaren irakaskuntza. Errusian ez zegoen nekazari judurik. Israelen sortutako lanbide abertzale berria da. Horretarako antolatu ziren kibutzak. Ez dut kritikatzen. Ez zegoen benetako lotura fisikorik izpiritu juduaren eta Israelgo lurraren artean. Mugimendu sionista ahalegindu zen judua lurrari lotu dadin, eta horretan ari da oraino. Zertara iritsi nahi duzu? Nik diodana da poema hau izan zela israeldar bati tribuna eman zion lehen poema arabiarra.

H. Y. Eta zer dio ahots horrek? Soldadu horrendako, aberria bere amaren kafea dastatzea dela.

M. D. Ahots horrek dio gizaki bat dela. Gizona dela, eta ez fusil bat. Sorlekuaganako harremana segurtasun bilaketa bat dela, goizean kafea lasaiki hartu ahal izatea. Gaur egun neuk egiten dudan ametsa Palestinarako.

H. Y. Berria duzu hori.

M. D. Egia da ordea. Non ikusten duzu zuk gutiesten dudala nik juduak herriarekiko duen harremana? Ez da hori poemaren gai nagusia. Poemaren muinean dagoena da, gizakia dela
soldadua. Zuk ezin duzu neure lekua hartu, eta nire irakurleen kontzientzian soldadu haren iduria nolakoa zen ikusi. Eta ez naiz gauzak apaintzen ari, baina biziki hunkitu ninduen gazte hark, gerraren izugarrikeriak bizi izandakoa zen eta usoen urruma entzutea espero zuen Defentsa Ministerioaren teilatuan. Hala ere ez naiz gezurretan ari, eta ez dizut esanen koleratu eginen nintzatekeenik Israelgo estatua gaitzesten entzunda. Oraino ez dut maite. Eta uste dut entzun egin beharko zenidakeela: ez diozu eskatzen ahal palestinar bati Israelgo estatua maita dezala.

H. Y. Herriaganako harremana aipatu dut. Ez Estatuaganako harremana.

M. D. Palestinarrendako, herri hau ez da Eretz Israel. Gorputz arrotz bat gorputz arrotza da. Egun nekez topatzen ahal da egiatan pentsatzen duena esanen dizun palestinarrik. Bake prozesu batean gaude, orok aldatu behar dugu gure historiaren geure bertsioa, baina ez zaitezela gaitzitu palestinar oro Palestina berea dela sinesten baldin badu. Orain ohartua da baduela sozio bat. Sekulako aitzinamendua da. Ez dezazuela arinki har. Eta ez ikara Palestina berea dela uste duela jakinda. Zein da bere herria? Hemen sortua da. Ez du beste herririk ezagutzen. Zuek arrotzak zarete bere begirako. Zenbat urte dira hona heldu zinetela? Zuek hemen egonak zarete, eta berak ezin ditu zenbatu herri honetan emandako urteak. Eta ez daki zuek izan zinetenetz edo ez zinetenetz zuek izan, nehor egon ez balitz bezala eta lurrak zeregin bakarra ukan balu bezala: zuen aiduru egotea. Ez diezadazuela zuen bertsioa inposa eta ez dizuet nire bertsioa inposatuko. Aitortu egin behar zaio besteari bere historia kontatzeko eskubidea. Eta Historiak trufa eginen du gu bioz. Historiak ez dauka astirik juduendako eta arabiarrendako. Anitz herri iragan dira honetarik. Historia zinikoa da, eta hainbat hobe.

H. Y. “Fusila dut nik maitasunerako bidea” dio soldadu horrek.

M. D. Soldaduen lanbidea duzu. Fusila gabe, ez legoke Israelgo Estaturik. Zinez mintzo
bagara, esan egin behar da. Baina arabiar baten ahoan, mingarri da.

H. Y. Eta zuk, zein duzu zuk maitasunerako bidea? Zure maitasunean ere bortizkeria anitz dago: “Eta aihotza maite diodan gillotina dut lur hau.” Herrak ez ote zaitu okerrera eraman?

M. D. Ez. Poesia dut nik maitasunerako bidea. Herraren itzala ikusten dudalarik poema batean, aldatu egiten dut. Ez da nehoiz idatzi behar herrazko sentimendu batetik abiatuta. Literaturaren aitzikoa da. Aipatu duzun esaldi hori maitasunaren gailurra da: lur hau gillotina bazait ere, maite dut.