hurrengoa
kafea eta galletak    The balde bi hilabetetan behin ateratzen dugu,
beraz, ez dugu denborarik galtzen gustatzen ez
zaizkigun gauzekin, eta maite ditugun gauzei
egiten diegu tokia. Eta Kafea eta Galletak,
aspalditik, egitasmo ederra iruditzen zaigu.
Leire eta Ibonekin hitz egin dugu.
Guri, Kafea eta Galletak ekimena, munduko gauzarik abangoardistena iruditzen zaigu. Egun, taldeek “streaming bidez kontzertua eskaintzea munduko gauzarik cool-ena dela uste duten garaietan, kafea hartu eta disko bat entzuteko biltzea liluragarria dela uste dugu. Nola sortu zen Kafea eta Galletak formula (disko entzunaldia + zuzenekoa)?

Kafea eta Galletak oso txikia da, etsigarria ere batzuetan, baina guk baditugu musikagintzari
buruzko zenbait ideia nahiko argi, bereziki diy mugimendutik hartutakoak, eta horiek aplikatzen saiatzen gara; alde horretatik, handinahia ere bada helburuetan, ikuspuntu politikotik. Asko eztabaidatzen dugu musikari buruz, K&Gri buruz; kritikoak izaten saiatzen gara, geure buruarekin bereziki. Kasualitatez hasi ginen, eta denbora joan da zehazten zer den K&G gaur egun. Artelekun
duela 5 bat urte egin ziren jardunaldi batzuetan izan ginen, eta mahai-inguru batean lagun batek azaldu zuen, behin, musika esperimentaleko kontzertu batean, musikari batek bere laptop-arekin play botoia sakatu eta eszenatokitik alde egin zuela. Eztabaida handiak sortu omen ziren, hura kontzertua zen ala ez. Guri izendapenak bost axola; bertan entzun zena interesgarria zen ala ez axola zitzaigun. Orduan komentatu genuen gustatuko litzaigukeela beti elkarri gomendatzen dizkiogun diskoak elkarrekin entzutea, bolumen
handiz, kontzertua balitz bezala, etxean ezin baitugu halako bolumena ibili; gainera, gomendio asko tabernako barran geratzen dira, edo gaur egun email bateko link batean, agian sekula deskargatuko ez duguna. Guri ekintza horrek, berdin dio izena, kontzertu baten pareko zerbait esaten digu. Eguneroko bizimodu azkarrari egiten zaion eten bat ere bada diskoaren entzunaldia: gelditu, eseri, hartu kafe bat, entzun, deskubritu beste pertsona batentzat inportantea den disko bat, entzundakoan erabaki gustatu zaizun ala ez, libreki, zabaldu belarriak, komentatu ondoan egon direnekin. Guretzat hori guztia ekintza politikoa da, gaur egun inoiz baino politikoagoa, gauzak ikusita. Leire Gernikako Astra koordinadorako kidea da, eta, 2008an, Astra hustu ostean gaztetxea okupatu zenean, buruan generabilena gauzatzeko oso gela aproposa aurkitu genuen. Alde praktikoa zehaztu genuenean (soinu-ekipoa, gela, kafetera kutre bat...), lehenengo saiorako diskoa aukeratu genuen (Slint-en Spiderland, gure solasaldietan askotan agertu zelako; zuzenean ikusi genituen elkartu zirenean, eta pentsatu genuen revival ziztrin hura baino askoz hobea izango zela disko hura bestelako baldintzetan entzutea; hala
izan zen, askoz hobea). Gure egitasmoaren hasiera-jaia egiteko, Xabier Montoiaren
kontzertua gehitu genion entzunaldiari, Ibon harekin jotzen hasia zelako. Disko haren zale sutsua den Fernando Junquera Valentziarrari diskoaren inguruko testu bat idazteko eskatu genion, diskoaren zehaztasun teknikoekin batera banatzeko entzunaldia bitartean. Emaitza ezin hobea izan zen, hunkigarria guretzat. Orduan, hasierako egitasmoa aldatuz joan zen, guk aukeratutako diskoen entzunaldi hutsak izango zirenak, gure gustuko talde bat gonbidatu, taldeak diskoa aukeratu, testu bat idatzi, eta ondoren kontzertu bihurtu zen. Guk gomendatu baino, hobe zen besteen gomendioei belarriak zabaltzea. Ondorioz, solasaldian musikariak egongo ziren, jendeak haiekin hitz egin zezakeen; denok maila berean egonik, “izar” artista kontzeptu horri aurre egin nahi diogu.

Zer harrera izan du musikarien artean Kafea eta Galletak egitasmoak? Gonbidatzen
dituzuenean zer iruditzen zaie zuen proposamena?

Bikaina, esker oneko hitzak baino ez ditugu haientzat. Ia dirurik ez dugun arren, taldeek
gurera etortzeko gonbidapenak onartu dituzte ia beti, eta K&Gri asko eman dio haietako
bakoitzak. Gainera, denetariko hitz politak eskaini izan dizkigute beti, eta oso hunkituta
utzi gaituzte. K&G ezberdintzen duen gako handi bat hauxe da: guk artistak egoera desberdin batera bultzatzen ditugu, ohituta ez dauden egoera batera, arratsaldez (ez gauez, ez jai-giro bete-betean), errespetu giroan, haiek maite duten disko bat entzun ondoren, entzungo zaituzten pertsonekin solastatu ondoren... Eta musikariek gustura sentitu direla esan digute orain arte behintzat.

Gernikako gaztetxean biltzen zarete. Kontzertu-areto urri, kafe-teatro askok gin-tonic-ak kultur programazioaren aurretik jartzen, eta instituzioek kontzertuak antolatzen dituzten tabernei traba besterik jartzen ez dieten garai hauetan... salbatuko al dute gaztetxeek talde txikien zirkuitua?

Uste dugu gauza txikiek salbatuko dutela zirkuitua, gaztetxe izan ala ez. Baina, hori bai,
gure proiektuak gaztetxeen filosofiarekin guztiz bat egiten du, horixe da K&Gren lekua, hortik gatoz eta horrantz goaz: autogestioa, kultura aske eta kritikoa. Ez dugu zalantzarik ikuspuntu merkantilistatik kanpo mugitzen diren talde, espazio eta abarrek haien bidea egingo dutela, orain arte gertatu den bezala. Erromantiko nazkagarri batzuk gara, eta diy-aren erromantizismoan sinesten dugu.

Liburu bat argitaratzeko proiektua ere baduzue. Kontaiguzue zerbait horren inguruan.

Halaxe da. Gure helburuetako bat beti izan da entzule aktiboak izatea eta edukitzea, eta, gure
neurrian, aktibazio horretan laguntzea, denok izatea musikaren eragile, askotan gailentzen
ikusten dugun pasibitatea alde batera utzita, azken batean, entzuleok osatzen baititugu
diskoak. Gure betiko formatuarekin musikariak dira soilik diskoa aukera dezaketenak.
Entzuleak, musikariak ez direnak, inplikatu nahi genituen nolabait, eta otu zitzaigun liburu
bat egitea, disko bana aukeratu eta, hori abiapuntu hartuta, estilo librean testu labur
bat idaztea. Bertan bildu ditugunak denetarikoak dira, batzuk ezezagunak, beste batzuk
ezagunagoak, baina begipuntuan izan ditugunak interesgarriak zaizkigulako: fanzinegileak,
blogariak, kultur kazetariak, disko saltzaileak, argitaratzaileak, publikoko jende ezkutua, gure saioetara datorren jendea… Guztiekin genuen, edo sortu nahi izan dugu, harreman berezi bat. Bestalde, guretzat garrantzitsua zen emakume eta gizon kopuru berak parte hartzea liburuan, baina ezin izan da horrela izan, saioetara emakume gehiago bertaratu ohi den arren, eta hankamotz sentitzen dugu liburua horregatik, emakumeak musikaren munduan izaten jarraitzen duen posizioa adierazten badu ere (saioetan ere ahalik eta
emakume gehienek jotzea bilatzen dugu, eta bereziki ikuspegi feminista duten taldeek,
oraindik ere erreferente falta dugula uste baitugu). Guztira, 121 testu, disko, bizipen,
kontakizun, bildu ditugu, Kafe aleak deituko den libururako.