audioa arkaitz villar
hurrengoa

We are Standard

We are Standard·Mushroom Pillow 2008

Azkenaldian Getxotik datozen proposamen berri eta gazteenek asko zor diote talde honi. Andy Gill-en (Gang of Four) babesarekin ekoiztutako disko honetan, We Are Standard soinu perfektura gerturatu da. Londresen grabatua, urteko disko hoberenen zerrendetan egongo da ezbairik gabe. "The Last Time" erraldoia izan da disko berria aurkezteko aukeratu duten singlea nahiz eta "Other lips, other kisses" bezalakoen erritmoek ere asko markatuko uten. Berehala desagertuko zen Hypea izan behar zuenak denbora gehiago iraungo duela dirudi.

hurrengoa

Fermin Muguruza

Asthmatic Lion Sound Systema·Talka 2008

Fermin Muguruzaren lan berriak bisitatu dituen hiri eta izan dituen kolaborazio ugariek markatu dute. Zorabiatu eta kantuen dinamismoa galtzeko arriskuari aurre eginda: dance hall,hip hop, reggae, soul etab-en oinarrien laguntzarekin sortu ditu kantuok. Soinu andana honek badu saririk eta bidea ireki dio "Itzuliko naiz", "Shoot the singer" edo "Asthmatic Lion" bezalakoak sortzeko. Horregatik seguruago sumatzen dugu "Ez sailkatu" bezalakoetan baino. Ez zaitzala Rossy de Palmaren presentziak itsutu, askoz ere gehiago baita lan honetan.

hurrengoa

Elurretan

Momo eta beste izaki batzuk·Oiangu Diskak 2008

Ez dakigu proiektu honetan sinistu hala ez baina diskoa kaleratzen duten bakoitzean haiei buruz hitz egitea gustuko dugu. Lan kontzeptual bat dakarte oraingoan: Momo izeneko izaki batean oinarritua. Haur baten arimarekin diseinatutako disko honetan puntu interesgarriak aurkitu ditugu: "Erdian nahiago", "Goizeko seiretan", "Abandoñate" edo "Me gustas tú" bezalako kantuetan batik bat. Beste asko soberan daude ordea. Inoiz jolas hau zerbait serioan bilakatzen bada freskotasuna galduko dute, baina baliteke gure popak asko irabaztea.

hurrengoa

Lauroba

Gauari, gauarekin·Gor Diskak 2008

Iritsi da azkenean Lauroba donostiarren lehen estudioko diskoa. Lehen kantuak, "Zure ondoan", "Hemen" edo "Denbora", diskoko himno txikietan bilakatzen dira. Kantuek aurrera egiten duten heinean intentsitatea jaisten bada ere ausardiarik ez zaie falta maitasuna, sexua eta gaueko istorioei buruz hitz egiterako orduan. Soinu eta egitura txukunek lagunduta azkenaldian entzun ditugun debuten artean interesagarrienetakoen artean kokatu dugu.

hurrengoa

Half Foot Outside

Heavenly·Limbo Starr 2008

Diskoetxeak kaleratutako prentsa oharrean estatuko indie rock talde hoberena dela adierazten du. Ados nago. Power pop-era ere gerturatzen den talde iruñarrak beti bezala abesti handiz osatutako disko handia argitaratu du. Gurean, alboratuta baditugu ere, bada talde honen handitasunaz konturatzeko garaia. Entzun "Thin skin heavy bones" edo "Driveways". Ahots eta instrumentuen joeran aldaketa nagusirik egin gabe Half Foot Outside-ek kolpea mantentzen jarraitzen du.

hurrengoa

Rafa Rueda

Zuhaitz okerretan gora noa·Autoekoizpena 2008

Hirugarrena Rafarentzat. Orain arte egindakoarekin etenaldi bat markatu dezakeen diskoa da hau, abestien konposizioek forma berriak ezagutu dituztelako: apainduagoak agian. Aurrera egingo du disko honekin, aurrera eta batez ere gora. Lehen entzunalditik sartzen zaizkigun kantuez beteta, ekoizpen eta soinu paregabeaz datorren lana da eta atzerriko musikarien babesean grabatu badu ere Joseba Irazoki bezalakoen presentzia nabarmendu beharrean gaude (baita Jonan Ordorikaren ezkutuko lana noski).