hurrengoa
arkitektura komikietan    I  txo?! Komikiaren narrazioa, hein handi batean, gela edo espazioen eraikuntzaz sortutako ¨etxe¨ bat da. Bineten eraikitzea eta komikiaren moldaketak iruditzen zaiguna baino harreman zuzenagoa du arkitekturarekin. Komikietan eta arkitektura proiektuetan, lerro bertikalek eta horizontalek espazio horretan gertatu behar denaren antolaketa eta mugak ezartzen dituzte.

Komikiaren eta arkitekturaren harreman zuzen eta garbiena, ziurrenik, Ibañezen 13 rue del Percebe lanean ikusten da. Etxea komiki bihurtuta, eta komikia etxe. Art Spiegelman-en The Shadow of No Towers komikian ere harreman zuzen eta ¨fisiko¨ hori garbi ikusten da.
Salbuespenak kenduta, komikietan arkitektura dekoratu gisa edo hutsuneak betetzeko aukera gisa azaldu da beti. Baina edozein antzezpen edo filmetan gertatzen den moduan, dekoratua ez da neutrala. Dekoratuek akzioari ingurune eta kokaleku bat emateaz gain, ¨nortasun¨ propioa ere ematen diote. Jhon Fordek Stagecoach Monument Valleyn filmatu zuenean, paisaia bat ¨inposatu¨ zien ondoren etorriko ziren western gehienei. Eta desertua ez zen soilik dekoratua. Cowboy bakartien nortasuna azpimarratzen zuen ekosistema bihurtu zen desertua. Gauza bera gertatzen da komikiekin. Ezinbestekoa da arkitekturaren presentzia. Windson McCay-ren Little Nemo aitzindarian, xehetasunez beteriko marrazkietan, nabarmen azaltzen dira hirietako paisaia arkitektonikoak. Beranduago, Marvel eta Dc Superheroien komikietan, nabarmena izango da joera. Hiria da super heroien ingurugiro naturala. Eta ingurugiro horrek eragin zuzena du super heroiengan. Marvel komikietako super heroiek, adibidez, New York hirian bizi dituzte abenturak. DC komikietakoek, ordea, Metropolis eta Gotham hiri asmatuetan. Eta arkitekturaren aldetik, biek asmatzen dute eta biek dute xarma. Spidermanekin New Yorkeko gune ezagunak ikusten ditugu, eta horrek gertutasuna eta identifikazio maila handia ematen dio komikiari. Gothamek edo Metropolisek, ordea, istorio bakoitzaren beharretara moldatutako arkitektura berriak erakusten dizkigute. Berrikuntzarako aukera eta ikusgarritasuna lortzen dute fikziozko bi hiriek. Hirietako eraikuntza, zubi eta kaleek moldatzen dute super heroien izaera eta nortasuna. Gotham ilunetik kanpo bizi al liteke Batman? Atera ezazue Spiderman New Yorkeko etxe orratzen itzaletik eta eraman belardi batera. Gizajoak
estresak jota amaituko luke.

Super heroien komikietatik harago, badago hiriek eta arkitekturak garrantzia nabarmena duen lanik. Komiki independentean, eta N.Y. utzi gabe, adibidez, hiriaren arkitektura eta hirigintzarekin zerikusi handia duen
Paul Auster-en City of Glass komikira moldatu zuten David Mazzucchellik eta Paul Karasikek. Mazzucchellik arkitekturarekin duen harremana berriro jorratu zuen 2009an kaleratu zuen Asterios Polyp komikian. 80ko hamarkadatik aurrera, AEBko komiki undergroundaren loraldiarekin, periferiek garrantzia hartzen dute.
Peter Baggeren Hate saileko Buddy Bradley pertsonaia New Jerseyko Hoboken dekadentean bizi da.
Daniel Clowesen Ghost World edo eta Seth-en Palookaville sailean ere hirietako erdigune turistikoetatik urrun geratzen diren etxe kloniko, eremu huts eta merkatu-gune handien arkitekturak azpimarratzen dira. AEBn komikia fenomeno hiritarra da oso. Eta zer esanik ez Japonian. Mangaren eremu naturala da hiria.
Tokio izango da New York-ekin batera, komikietan presentzia gehien duen hiria. Japoniatik, gainera,
Jiro Taniguchiren lan zehatzekin, arkitekturatik harago doan ingurunearekiko begirada ederra iritsi
zaigu. Boccha no jidai (urruneko auzoa), Inu wo kau (zakur batekin) edota Aruku hito (ibiltaria) lanetan, hiri, errepide, etxe, parke eta hirigintzarekin zerikusia duten elementuei begiratzeko modu berezia eta liluragarria erakusten digu maisu japoniarrak.

Europan ere komikia nagusiki hiritarra da. Komiki errealitate ezberdin ugari dagoenez, ez ditugu sakonki jorratuko. Bande Dessinée (BD) ahaltsuak Pariseko eta Frantziako hainbat hiritan kokatzen ditu istorioak (Tardi-ren Paris Adéle Blamc-
Sec adoretsuaren abenturak, Frederic Peeters-en Koma edo RG...). Alan Moore-ren komikietan ere London da protagonista (From Hell, League of Extraordinary Gentleman...). Interesatzen
zaiguna, ordea, beste fenomeno bat da. Azken urteotan, eta ziurrenik BD marrazkilari askok hirietatik ihes egin eta naturaz inguratutako lekuetara jo dutenez, herri txikiek eta nekazal
geografiak lekua hartu dute haien lanetan. Manu Larcenet-en Le Combat ordinaire edo Alfred eta olivier K-ren Pourquoi jái tué Pierre lan sarituak bi adibide besterik ez dira.

bitxikeri bat

Iñaki G. Holgado eta Harkaitz Canoren Pizti Otzanak lanean, arkitektura ezberdin ugarik
noir kutsuko eszenatokia eskaintzen diote istorioari. Hainbat lekutako arkitekturen
nahasketaz sorturiko giroek dokumentazio lan zehatz batean dute ardatza. Arkitektura
detaile txikienak ere funtzio bat duela erakusten digu komiki honek. Argazkietan duzuena, San Markos gotorlekuko barne aldean dagoen eskailera bat da. Ikusi, ondoren, eskailera hori nola bihurtzen den komikiko dekoratu.