hurrengoa
ai ama    Nortzuk osatzen duzue Ai ama?

Hasiera batean, lagun talde txiki batek hasi genuen, baina, azkenean, jaietara azaltzen
diren lagun guztiak nolabait Ai Amaren parte direla esan dezakegu. Batzuk ontzi horretatik
jaisten diren moduan, berriak bildu ditugu hainbat jaitan.

Nola otu zitzaizuen webgunea egitea? Zergatik hasi zenuten?

Lehenago festak heldu ziren, web-a, aldiz, argazkiak igotzeko beharrarekin bat. Garai haietan, jendeak ez zuen Facebooka ia erabiltzen, eta Fotologak egunean argazki bat baino ez zigun igotzen uzten. Gure proiektua hasieratik egon da internetera zuzenduta.

Eta nola asmatu zenuten ai ama izena?

Hainbat hizkuntzatan pareko esamoldeak erabiltzen dira harridura adierazteko: Oh my god!, Madonna mia!, Nossa!… Guk geuk badaukagu geurea: Ai ama da hori.

Argazki zuzenak dira, gertuko erretratuak... Zer kamera erabiltzen duzue? Zenbat kamera galdu dituzue?

Edozelako kamerak balio du, garrantzitsuena momentua da. Hala ere, flashak protagonismo
handia hartzen du argazkiak ateratzeko unean. Argazkietako gainesposizioak badauka zerikusi zuzenik interneten agertzeak dakarrenarekin. Ez dugu kamerarik galdu, baina gutako batek hortzak utzi zituen Eibarko festa batean.

Jai giroa, poza, juerga, bizioa, desioa… Oso iradokitzaileak dira argazkiak (argazki bakoitzeko protagonistak gaua nola amaitu duen irudikatzea denbora-pasa ederra da...). Argazkiak ateratzeko derrigorrezkoa al da edatea edo dopatzea?

Argazkiak ateratzeko orduan, pertsonalki, argazkilariak zenbat eta mozkor handiagoa
eraman, orduan eta argazki hobeak ateratzen ditu, edo hori uste dut. Argazkietan ateratzen
dena aldiz, lotsagabea –eta gure gustukoa– izatearekin nahiko! Ez dugu esango Straight
Edge-entzako jai aproposenak direnik, baina denetarik aurki daiteke. Kontua lotsa galtzea
da, nork bere barruko zerak ezelako aurreiritzirik gabe ateratzea. Ondoren, festa kanpotik ikusten duenak, argazkiak ikusten dituenak, esango du “Ai Ama!”.

Ai Ama ligatzeko estrategia gisa erabili al duzue inoiz?

Estrategia moduan ez, baina esan dezakegu asko ligatzen dela, eta bikoteak sortzen ikusi
ditugula. Zer sortzen, badakizue... Duda barik, Euskal Herriko paradisu sexualak dira gure
jaiak. Argi daukagu, disfrutatzeko, aurreiritziak alde batera utzi behar direla.

Orain arte bizi izandako festarik basatiena?

Lehenengo festan, laburmetraia bat estreinatu genuen, eta handik egun batzuetara
udaletik deitu ziguten irudi lizunak erakutsi genituela-eta. Ziurrenik, momentu basatienak
ez dira kamerarekin jasota egongo. Izan ere, argazkilaria maiz desagertzen da. Esaterako,
jaietako batean, argia joan zitzaigun, eta, bat-batean, gela ilun bilakatu zen aretoa. Hura
bai hura, ai ama...!

Beste zerbait...

Egia esan, orain ematen du nahiko geldirik gaudela, ez baitugu weba gaurkotu. Aspaldi
honetan ez dugu festa interesgarririk aurkitu, baina hori ez da arrazoi nagusia; orain gure
benetako asmoa irudia eta webgunea berriztatzea da, eta horretan dihardugu. Euskarri berrietan bete-betean sartu nahi dugu, telefono, tablet eta interneteko plataforma interesgarrienetan.