hurrengoa
muna ensemble    Nola sortu zen Muna Ensemble proiektua?

Proiektu ezberdin bat sortzeko zirraratik atera zen. Hasiera batean, hiru musikari bildu ginen musika garaikidea jotzeko ideiarekin, baina zer edo zer falta zitzaigun hura berezi bilakatzeko. Hortik sortu zen Martinekin kontaktatzeko ideia. Bere alde batetik, Martinek askotan pentsatu zuen interesgarria litzatekeela musika klasikoarekin lan egitea, eta eskaintza ezin ukatu.

Formazio bitxia, eta, instrumentu aldetik eta alor bisualaren aldetik, gure inguru honetan proposamen ez ohikoa da Munak eskaintzen duena.

Bai, guk dakigula, hemen inguruan, ez Iruñean ez eta Euskal Herri osoan ere, ez dago halako proposamenik. Berez musika garaikidea gutxi jorratzen bada, are gutxiago irudiekin; azken finean, batu diren mundu ezberdinetako bi jarduera garaikide dira. Uste dugu, gainera, bi diziplinek ikuslego/entzulego ezberdina dutela eta, modu batean, baten ikuslegoa besteari hurbiltzen zaiola.

Musika konposatzeko orduan, kontuan izaten al duzue irudia? Batera lantzen al duzue? Azalduiguzue nolakoa den prozesua.

Hasiera batean, aurretik idatzitako obrak aukeratu genituen. Ostean, Urtzi Iraizotzekin hasita, konpositore bat edo beste guretzako musika konposatzen hasi zen, eta, espreski irudiak pentsatzen ez zituzten arren, irudiekin joango zela buruan zutela konposatzen zuten, eta bideo jartzailearekin hartu-emanean. Obra jakin batean konpositorearen argazkiak erabiltzen ditugu, adibidez, eta, beste batean, koadro batean oinarritua dago obra, eta koadro horren ezaugarriak erabiltzen ditugu irudiak osatzeko.

Musikalki nola definituko zenukete Muna?

Musikari dagokionez, flauta, biolina eta piano hirukotea da MUNA. Berez, XX. mende osteko musika klasikoa jotzen dugu, eta gaur egungo konpositoreen lanak estreinatzea edo aditzera ematea da espreski bilatzen duguna.

Irudiari dagokionez, zer punturaino da prestatutako lana, eta zer punturaino unean uneko inpultsoa eta inprobisazioa?

Hein batean, prestatuta dago, hau da, ezarrita dago gutxi gora behera zein momentutan joanen den zein irudi, edo, behintzat, zein irudi multzo dohakion zati bakoitzari. Horretaz gain, irudi horren manipulazioa uneko inprobisazioa da; batzuetan, norabide aldaketarekin eta abiadurarekin jolasten dugu etengabean, eta jolas hori unean bertan ateratzen da. Badaude pieza batzuk zurrunagoak direnak, eta beste batzuk guztiz askeak. Kasu batean, zuzeneko margoketa egiten dugu bideo bidez, eta, horretan, guztiz bat-batekoa da irudia.

Zuen emanaldi bakoitza berezia eta errepikaezina da, eta, aldi berean, iragankorra edo efimeroa. Pentsatu al duzue zuen lana grabaketa batean edo zuzenekoa ez den beste formatu batean jasotzea?

Egia esan, ez dugu pentsatu ere egin. Grabatu egin dugu kontzerturen bat, dokumentazio modura, baina, bai musika eta bai bideoaren aldetik, unean uneko interpretazioan dago egiten dugunaren zati garrantzitsuena. Horrek ez du esan nahi etorkizunean egingo ez dugunik, baina printzipioz, ez da gure helburua.

Zergatik Muna?

Esanahi berezirik gabeko eta fonetikoki indartsua zen izen baten bila ibili ginen; hitz eta soinu ezberdinen arteko konbinazioak frogatzen atera zen izena. Ostera jakin dugu Mexikoko hiri baten izena dela eta Mouna arabiar izenaren antza handia omen duela ahoskatzean.


Trio Per flauto, violino e Pianoforte - Nino Rota
Gorritik Beltzera - Koldo Pastor
Promenades - Bohuslav Martinu
Sirynx - Martin Zalba
Trikuharri - Urtzi Iraizoz.
pieza bat, irudi bat
www.elurmaluta.net/muna