hurrengoa
paul iribe: tenista baten heriotza    Paul Iribe zendu da. Bizi izan zen moduan hil da. Heriotz moderno, arina, lotsati, mikatza eta akrobatikoa izan du. Zur eta lur utzi gaituen heriotz ariketa trebea eta perfektua. Bere marrazkietako protagonista bihurtu da agur esateko. Iribek beti harritu du jendea gaur ni harritu nauen moduan. Eta nola harritu, gainera. Gaur arte ez nuen sekula hilotz bat tenis arropekin jantzita ikusi. Okerrena, nahiz eta jolaserako modu aproposean jantzita izan den, berarekin batera bere artea ere hil egin dela.

Paul Morand

(Paul Iribe 1935eko irailaren 21ean hil egin zen supitoki, tenisean jokatzen ari zela, Coco Chanelek zuen udako etxean, La Pausa).
“Zure semeari aldizkariak eta horrelako gauza zaharrak gustatzen zaizkionez…” esanaz, amaren lagun batek 1935-36 urteko Blanco y Negro aldizkari bilduma lodi eta pisutsu bat helarazi zidan. Bertan topatu nuen goian azaltzen den heriotz oharra, 1935eko azaroko zenbakian. Irudi horrek, teniseko jantziekin hildako Iribe izeneko gizonaren irudia, buruan geratu zitzaidan iltzatuta. Iribe hura nor zen jakitea erabaki nuen arte.

bon vivant

1883. urtean jaio zen, Angoulêmen, guraso euskaldunak zituen Paul Iribarnegaray. Parisera Arte Ederrak ikastera joan, eta Vogue aldizkarirako lanean hasi zen. Iribek artikuluak idazten zituen, ilustrazioak egiten zituen, eta ohialak eta altzariak diseinatzen zituen. Parisko aberatsen etxean dekoratzen hasi zen, eta barne dekorazioa eta diseinua kontzeptuen asmatzaileetako bat izan zen. Eta aberatskumeekin dabilenak haien ohitura eta jokamolde berak hartzen ditu. Paul Iribe garaiko Parisko bohemiako pertsonaia ezagunenetakoa bihurtu zen berehala. Gizarte kosmopolita hartako pertsonaia ezagun askorekin ibili zen: Jose Maria Sert margolaria eta haren emazte Misiarekin, Jean Cocteau eta haren maitale zen Jean Marais aktorearekin, Serge Lifar-ekin, eta, batez ere, Coco Chanelekin. Lagun talde horrek gauak, festak, maindireak, drogak… eta bizitzak interesgarri izateko behar dituen osagai asko konpartitu zuen. Iribe eta Coco Chanel, bereziki, lagun egin ziren, eta elkarrekin bizitzera joan ziren. Iribek bere bigarren emaztea eta bi seme-alabak abandonatu zituen mudantza egin aurretik.

Paul Iribe diseinatzaile eta marrazkilari trebea zen. ¨Vogue¨ eta ¨La Gazette du Bon Ton¨ aldizkarientzat idatzi eta ilustrazioak egin zituen. Modernismoaren estetikaren sorkuntzan eta garapenean parte hartu zuen bere lanekin. Moda ilustratzaile gisa haritu zen, baina bere ilustrazio erotikoei esker lortu zuen fama eta arrakasta. 1915ean, Iribe Hollywood-era abiatu zen zinemaren industrian lan egitera. Cecil B. DeMille-ren The Ten Commandments (1923) filmeko arte zuzendaria izan zen, eta beste hainbat filmetan ere lan egin zuen arte zuzendari, diseinatzaile eta jantzi-arduradun gisa.

le temoin / garai baten lekuko

Paul Iribek eta garaiko beste kide paristarrek modernismoaren estetika garatu eta finkatu zuten. Bohemioek eta bon vivantek urrezko aro berri batera eraman zuten artea eta kultura. Baina politikari eta gizarteari zegokienez, oso garai korapilatsuak ziren. Korapilo horiek guztiak “Gerra Handian” modu bortitzean askatuko ziren. Iribek, Coco Chanelen diruaren laguntzaz, Le Temoin (lekukoa) aldizkaria sortu zuen. 1906tik 1935era kaleratu zen, eta, kultura eta arteaz gain, gizarte eta politikako satira artikuluak eta ilustrazioak argitaratu zituzten. Garaiko hainbat artisten lanak argitaratzen bazituzten ere, Iriberen lana zen aldizkariaren ardatza. Diseinu aldetik eta grafikoki arrisku handiak hartu zituzten, eta lan berritzailea egin zuten. Mende bat pasa bada ere, Le Temoin eskuetan hartu, eta grafikoki ederra eta garaikidea iruditzen zaigu. Chanelen eta Iriberen ikuspuntu ideologikoek goitik behera kutsatzen zuten aldizkaria: batetik, abertzaletasun xenofoboa, klasismoa eta liberalismo eskuindarra nabarmenak ziren (gaur egun gertatzen den moduan). Bestetik, Le Temoinek, erlijioaren aurka, giza eskubide baztuen aldarri eta sexu askatasunaren alde egiten zuen nabarmen.