hurrengoa
ux    Meitnerioa (mt) lehen aldiz sintetizatu zen, ZX Spectrum ordenadore domestikoa salgai jarri zen, Blade Runner estreinatu zen, Yelena Isinbáyeva pertiga jauzilaria jaio zen, eta Naranjito maskotatzat zuen futbol mundiala ospatu zen urte berean, gazte talde batek Parisko lur azpiko pasadizoen plano mordoa lapurtu zuen. Duela 30 urte, oso jende gutxik ezagutzen duen abentura eder eta kitzikagarri bat hasi zen “argiaren hiriko” lur azpiko labirinto ilunean. Duela 30 urte, sei nerabe elkartu ziren Eiffel dorre inguruko kafetegi batean. Kalera atera, estolda bat ireki, eta eskaileretan behera barneratu ziren, lur azpiko labirintoan. Bilatzen zuten tunelera iritsi zirenean, kable batzuei jarraitu, eta Frantziako telekomunikazio ministeritzaraino iritsi ziren. Ez zuten arazo handirik izan ministeritzan sartzeko. Bertan, zaindaririk ez zuen zaindariaren bulegoan, giltza sorta eskuratu zuten, eta ateak irekitzeari ekin zioten. Ate horietako batek armairu handi bat gordetzen zuen. Armairuaren barruan, bilatzen zuten altxorra: Parisko lur azpiko tunel eta pasabide sarearen mapak.

Orduz geroztik, hiru hamarkadetan zehar, UX taldeak (Urban eXperiment) hiriko kaleak behin eta berriro zeharkatu ditu...lur azpitik. Infiltrazio egitasmo gisa jaio zen kolektibo honen antolamendua berezia da oso. Hainbat taldetan dago antolatuta. Adibidez, bada emakumez soilik osatutako talde bat, Mouse House izenekoa, infiltrazioa, barne komunikazioa, irrati mezuak eta kodifikazioak lantzen dituena; beste talde batek, Untergunther izenekoa, errestaurazio eta
berreskuratze lanak egiten ditu; La Mexicaine de
Perforation taldeak Frantziako filmategiaren alboan (eta azpian) lur azpiko zinema areto bat eraiki du Les Arérens de Chaillot, eta zinema emanaldiak antolatzen ditu...

Paris azpiko tunel eta pasabide sarea irudika dezakeguna baino zabalagoa eta konplexuagoa da. Antzinako pasabide eta tunel sareari, argindarra, ura, metroa eta bestelako eraikuntzak gehitu zaizkio. Eta UXeko partaideek, guztiak edo ia guztiak ezagutzeko eta euren mapetan marrazteko
aukera izan dute urteetan zehar. Museo eta eraikin
ezagunetara sartzeko aukera izan dutela azaldu
dute, eta, nahi izanez gero, artelanak eta beste
pieza preziatu ugari eskuratzeko aukera izan dutela jakinarazi dute. Baina ez da hori UX kolektiboaren helburua. Inork ez daki zehazki zenbat jendek osatzen duen UX. Ehun pertsona inguru direla esaten da. Taldeko partaide ia gehienak ezezagunak dira, nahiz eta batzuek, beranduago aipatuko dugun afera batengatik, anonimotasuna galdu zuten. Hala ere, inork ez daki zer egin behar den lur azpiko klub honetan sartzeko. Partaideak, arrazoi batengatik edo bestearengatik, konfidantzazko jendeari soilik
egiten diote parte hartzeko gonbidapena.

UX kolektiboko partaideak, lur azpiko sareari esker, Parisko ia edozein eraikin eta gunetara sar daitezke. Eta hala egin dute azken hamarkadetan. Infiltrazio horien arrazoia da, ordea, talde hau hain berezi egiten duena: lehen aipatutako Untergunther taldeko partaideek urteak daramatzate hainbat eremutan sartzen abandonaturiko monumentuak eta artelanak zaharberritzeko. Ekimen ezagunena, eta taldea 30 urtetan lehen aldiz egunkarietako orrialdeetara eraman zuena, Panthéon-eko erlojuaren zaharberritzea izan zen. 60eko hamarkadan, Panthéon dorreko XIX. mendeko erlojuak ordua
emateari utzi zion. Bat batean, 2007an, auzoko
bizilagunak erlojuaren kanpaien hotsarekin esnatu
ziren arte. Urteetan zehar, inor jabetu gabe, UXeko zortzi partaidek erlojua zaharberritu eta konpondu egin zuten, Jean Baptiste Viot erlojugilearen gidaritzapean. Jakina, herritik eta herriarentzat eginiko gauzak ez dira agintarien gustoko izaten. Ikerketa agindu, eta poliziak erlojugilea atxilotu zuen, haren izena publiko eginez. Hark, ordea, ez zituen kideak salatu. Zaharberritze taldeak aditzera eman zuen, orduan, beste dozena bat zaharberritzelan zituela martxan, eta zetozen urteotan amaituko zituztela. Urte berean, XII. mendeko kripta bat eta gobernuaren instalazioetan zegoen bunker bat zaharberritu zituzten.

UX ez da gizarte edo kolektibo politiko bat. Partaideak ez dira ohiko iraultzaile edo aktibistak. Arte kolektibo gisa definitzen dute euren burua. Kultur ondarea zaintzeaz gain, komunikazio bideak ikertu, kultur egitasmoak antolatu, eta hiriko lur azpiko kartografian lanean darrai. Ez dute manifesturik. Ez dute bozgorailurik. Lur azpian “bizi” eta lur azpian
egiten dute lan. Guri ez zaigu soziala eta politikoa izateko modu hobeagorik otutzen.